Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Calandako miraria

2020ko martxoaren 29a
00:00
Entzun

Calandako mirariaren eguna da gaur, Miguel Pellicerrek zangoa berreskuratu zueneko hura.

Kontaerak dio bazela 1636an Terueleko Calanda herrian Miguel Pellicer zeritzon gazte bat, zeina halako batean Castellora joan zen osabarenera beharrera. Behin batean, gariz zamaturiko gurdi bati tiraka zebilela, nahi izan zuen halabeharrak gaztea behegainera erortzea, hain adur gaiztoz non gurpilak zapuztu zion eskuin zangoa. Hor daroa osabak Valentziara sendatzera, baina herriminez, Aragoira itzuli nahi duela mutilak. Bidean, Zaragozan egiten du kera. Zauria gaiztotua du ordurako, eta han moztu diote hanka belaunetik behera eta ospitaleko hilerrian ehortzi. Pilarreko amabirjinaren eliza atarian emango ditu hurrengo bi urteak, eskean. Gauetan, kaperetako kandelen argizariz igurzten du hankaondoa. 1640ko martxoan, etxerantz joko du. Hilak 29 dituela, gauerdi hirian, lo dagoen seme etxeratuaren ondora hurreratu delarik, ezustea amaren begietara etorri da: mutilak osorik du zango moztua. Eta lurperaturiko bera da, zaharraren zauriak ditu zango berriak.

Pellicer ez da santu izatera iritsiko, elizaren burokrazian galduko da kasua. Kultura erreferente gisa, berriz, Calandako seme zen Luis Buñuel zinemagileari esker egin da, batez ere. Etxetik zatorkion surrealismorako fedea: herrenaren zurezko hankaz egindako makilatxoekin jo ohi dute danborra bueñueltarrek Aste Santuan. Ez da haren film askorik izango era batean edo bestean mirariaren arrastorik ez duenik.

Orain, nobedadearen izpiak itzali direnean eta etxeratzeak errealitatea eta fikzioa nahasten dizkigularik, oihuka herria daukagu: hondamendiari aurre egiteko, ezinbestekoa dugu bankuek itzuli gabe duten laguntzaren dirua. Simon basamortukoa-n Pellicerri nola, halaxe hazten zaizkio Simon lapurrari Jainkoak moztu dizkion eskuak. Esku berriekin, zer egingo? Alaba zaplan jotzea da egingo duen aurreneko gauza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.