Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Printze zoriontsua

2021eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Gaur bezalakoxe egun batean hil zen enara Printze Zoriontsuaren oinetan. Elurra ari zuen, hotza pobreen etxeetan sartua zen eta amaituak zituen adiskideak agindutako eginbeharrak. Urre, esmeralda zein errubi, printzearen estatuak emanak zituen aldean zeramatzan apaingarri guztiak behartsuenen alde eta nekeak hil zuen elai mandataria. Eta hotzak.

Handik lasterrera, irudi zirtzildua eraitsi zuen alkateak, urtzeko. Istorioak dio elkarrekin bota zituztela zakartegira enararen hilotza eta printzearen berunezko bihotza, suak galdatzea lortu ez zuen hura. Ipuin gutxik hunkitzen gintuen umetan Printze Zoriontsuak bezainbeste. Eta artean ez genekien nor zen Oscar Wilde.

Egunotan, ipuina ekarri dit akordura elurrak, atzera ere. Elurrak eta, Mike Tyson gelan sartuta, haurtzarotik muturrekoka atera gaituen albisteak. Argi-indarraren prezioa %27 igo dute konpainia elektrikoek Espainian, eta %22 gasarena, noiz eta eguraldiak hartaratuta, bien beharrik handiena dagoenean.

Hala sartu gaituzte helduen munduan. Hemen ez du ez fantasiak ez errukiak tokirik, are gutxiago hitz larriagoek. Realpolitikak bestelakoak ditu arauak. Merkatua libre utzita (zein hitz susmagarria askatasuna hainbaten ahotan), ez da gobernurik enpresen bulegoetan aginduko duenik, ezpada bakan batzuen mesedetan eta aldra handien kaltetan. Banku pribatuak xantaia truk salbatzea bai, baina nazionalizazioak ezinezkoak dira, nola den ezinezkoa eta ekonomikoki jasanezina igoeren proportzio berean emendatzea soldatak, pentsioak eta laguntzak. Eta hau urtean lau, bost, hamar milioi euro irabazten dituenak dio, jende jantzi eta ikasiak, enpresotan kontseilari sartu aurretik alderdi politiko nagusien izenean baliabide publikoen gestioan eskarmentu handia duenak.

Ez dakidana da nola kontatu behar diren ipuinak amorru hau dugula barrenak kiskaltzen. Etsiaren preso gauzkate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.