Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Venn diagrama

2020ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Auzokoarekin partekatzen dugun Venn diagramari esker dakit nor den David Broncano. Lotsagabe, zorrotz, azkar, paregabe, audientziaren nagusi... seguru asko umoregile bati esan dakizkiokeen lore guztiak eta bat bota zaizkio telebista kate pribatu batean egiten duen saioaren harira.

Orain hurrena, euskal aktore bat gonbidatu zuen bere talk showera, Jone Laspiur. Artista denik, ezin ukatu, gai izan baitzen Laspiurrekin ia ordu erdiz hizketan jarduteko Laspiur aktoreaz ezer jakin eta galdetu gabe. Nola betetzen da tartea, orduan? Ez da zaila gonbidatua euskalduna bada. Jone, nola esaten da «besadme el coño» euskaraz? Zure etxera joango banintz, nola konturatuko nintzateke esateko «zer euskaldun dira hauek»? Erantzuna ekipotik eman zioten: «harrizko pilota handi bat dute atarian».

Auzokoarekin partekatzen dugun Venn diagramari esker ezagutzen dut Rosa Montero. Irakurria diot libururen bat, artikulu asko irakurri diot. Ez du zerikusirik Broncanoren arinkeriarekin. Kazetari estimatua da, idazle saritua, hautagai ere izan daEspainiako Hizkuntzaren Akademiako aulki baten jabe egiteko. Egunotan,sareak sutu ditu bota duenean euskarak asko duela artifizialetik, batua asmakizun hutsa dela, baina tira, ekintza fundazional horrek ekar lezakeela gerora benetako hizkuntza bihurtzea.

Auzokoaren Venn diagraman aski ezaguna da pasadizoa. 70eko hamarkadan, sartu dira Bartzelonako jatetxe batean Vargas Llosa, Garcia Marquez, Bryce Echenique, Donoso... norberak apuntatu beharra zuen zer nahi zuen jateko. Joan da zerbitzaria mahaira eta hutsik papera. Itzuli da berriz eta, zurrut eta purrut, kasurik ez mahaikoek. Beste horrenbeste hurrengoan. Denboragarrena, maitrea joan zaie, gora-goraka: «Zer gertatzen da? Hemen inork ez daki idazten ala?».

Tarteka, auzokoarenean sartu eta maitrearena jotzeko gogoa datorkit. Hori bai, Baikorraldi dudanean bakarrik. Bestela, hori ere ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.