Albistea entzun

LARREPETIT

Enperadorearen jantzi berria

Iñigo Aranbarri -

2019ko ekainak 2

Bada Hans Christian Andersenen ipuinen artean bat ezin hobeto datorkiguna gure arteko gertaera batzuk zein munduko eta zein betiko diren erakusteko. Enperadorearen jantzi berria 1837ko bilduma batean agertu zen, baina ez du, horregatik, gaurkotasun izpirik galdu. Bertsioak bertsio, Indiatik Espainiara zegoen zabaldua kontakizuna Andersenek batzerako, Turkiatik Sri Lankara. Izan ere, ez da unibertsala botereak bere burua babesteko kontu hau?

Oraingoan gertatu da, enperadorea pozik ez Anderesenenekin-eta, ipuinari beste amaiera bat eman nahi izan diola. Zalditik jaitsi da, eta denen aurrean esan dio, jende handiak soilik dakien moduan: nor zara zu ni manupekoen aurrean horren lotsagarri uzteko? Eta hala zigortu, nola eta lanik gabe utzita, ume hori, zeinaren izena, gure bertsioan, ezagutarazi egin zaigun behingoz: Marta Macho, anestesista Deba Goieneko ospitalean.

Nahi izan du halabeharrak, edo presio sindikalak, edo ikuskizunaren lotsagarrikeriak, aho adina bertsio ditu ipuinak hemen, kontakizunak bigarren amaiera bat izatea. Eta hala eman zaigu beste bat, zoriontsuagoa momentuz eta itxura batera, urteetako jardun dongea salatzen ausartu duen umearentzat. Eta hala bazan eta ez bazan, sar dadila kalabazan.

Gertaeratik harago, Andersenek kontatu gabe kontatu nahi izan zigun guztia dugu hemen ere nagusi. Alegia, begi bistakoa izanagatik enperadorea biluzik doala, jantzita doala esateraino gogortzen duela jendea larderiak. Eta bi, ez ahazteko enperadoreak beti eutsiko diola bereari, Osakidetzako zuzendaritzak orain urtebete egin zuen bezalaxe, adierazi zuenean ez zela irregulartasunik izan Lan Eskaintza Publikoko probetan, ez zuela inork aurrez jakin azterketan zer galdetuko zen, umearen asmakizuna zela dena.

Gure neurrirako egindako ipuina dirudi: minak lokartu eta kontzientziak lozorrotik iratzartzen dituen ume bati esker guztia.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.