Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Kaleak zeruan

2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Luzaroan bertan bizi izaniko letrazale bati esker heldu nintzen Andrew O'Hagan-en Glasgowera. Eskertua natzaio bidaiagatik. Guraso gureak nobelan, Ingalaterratik Eskoziarako bidea egiten du Jamiek, aitona hil hurran dela. Sustraietara itzultzeak ezer gutxi du, baina, nostalgiatik. Langile mugimenduko buru izanikoa da Hugh Bawn aspaldi zaharrean. Sozialista bat, gerra ostean langileentzako etxebizitza duinak eraikitzea izan zuena amets. Etxezuloen iluntasunetik atera nahi zituen, altzairu eta porlanezko utopia bat eskaini zien. Orain gainbehera doa dena, itzaltzen ari da garai bateko idealista petraldua eta harekin batera haren mundu ikuskera. Erroizte honen metafora gordin dira Bawnek eraikiarazitako dorreak.

O'Haganen nobelara itzularazi nau Durangon gaur egiten ari diren galdeketak. Hamazortzi solairuko bost dorre erraldoi herriaren erdian, geltoki zaharrari eta trenbideari kendutako lurretan: «Ados al zaude proiektua gelditzearekin eta irtenbide bideragarri baten azterketa abian jartzearekin, betiere, herritarren parte hartzea aintzat hartuta?». Bitxia da, Jaurlaritzari itzuli beharreko sosak gorabehera, udalean diren lau alderdietatik bakar bat ez da ageri orain, itxuraz, duela lau urte bost haizetara zabaldutakoaren defentsan.

Aldea, begi bistakoa da. Bawn zaharra xumeenen aldeko proiektuarekin batera doa hondora urteen buruan. Durangokoak, aldiz, asmo komunitariorik gabeko egitasmo urbanistiko handinahia utzi du agerian. Hutsak huts, Bawnek langileak aterpetu zituen bere ametsean, hobeto bizi zitezen. Durangon, nor ziren sartzekoak zerurako kale horietan? Noren poltsikoak bete behar ziren? Orain inor ez badago, bere horretan, ordukoaren alde, nork bultzatu, onartu eta aireratu zuen, orduan, ustez modernitatearena izango zen bandera?

Hugh Bawn bere buruarekin egurrean hil zen. Durangoko espekulatzaileak formula berrien bila dabiltza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.