Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Eguzkia patentatu

2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Haurtzaroko irudietan, beti dago lagunen bat uhal eta burdinazko protesia daramana berna bueltan. Ordurako asmatua egonagatik, txertoaren kudeaketak ondorio larriak utzi zituen. 1953an eman zuen jakitera zertan zebilen Jonas Salkek. Bi milioi haurrekin testatuta, bi urte geroago ekin zitzaion poliomelitisaren txertaketa masiboari. Eta horretarako, bazegoen arrazoi bat. Salkek garbi zuen: «Patenta liteke eguzkia ala?». Handik laburrera, Albert Sabinek atera zuen berea. Salkek bezala, hark ere ez zuen bere izenean jarri. Horra ergel bi.

Alabaina, Francoren haginpean bestela zebilen mundua. Jendeari ia hamar urtez ezkutatu zitzaion txertorik bazenik. Eman zirenak, edo erregimenaren sokakoei eman zitzaizkien, edo ordaindu ezin zena ordaindu zutenei. Soluzioa eskura izanda, jendea hiltzen utzi zuten. Eta beste milaka asko, bizi izan ziren artean kondenatu.

Orain, Covid-19aren kontrako txertoak lehen ginenaren parte bat itzuliko digula sinestarazita, ez da halakorik gertatuko, itxuraz. Hemen, ezen argazki nagusian ez baikara dotoreegi agertuko. Izan ere, ez al ziguten behin eta birritan esan birus honek ez zuela «muga kontuez ulertzen»? Gizateria salbatzera datozen marketatik, Salkek eta Sabinek ez bezala, inork ez du eskubiderik debalde lagako. Areago, AEBek eta Europako Batasunak asteon itxi dizkiote ateak patenteen gabetzeari. Munduko herrialderik pobreenek bakarrik eutsi diote eskaerari, txertoa doanekoa eta unibertsala izan dadin; ez daitezen, berriro ere, polioarekin bezala, eliteak bakarrik salbatu Balbearen atzaparretatik.

Jakinduriarekin batera, kontu elementalak zeharo aldatu dira: eguzkia patentatu egin daiteke, industria farmazeutikoa mundutarren osasunaren lepotik gizendu da eta gobernu liberalek ez dute ez gogorik ez indarrik logika kriminal hau eteteko.

Hori bai, ez diezagutela ken errukirako eskubidea. Ez negar egin, gu elkarrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.