Indarkeria matxista

Hilketa salatu dute instituzioek, eta berdintasunean haztera deitu dute

Minutu bateko isilunea egin dute Gipuzkoako diputazioaren aurrean; Orion hiru eguneko dolua dute

arantxa iraola
2023ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Arbuioa erakusteko adierazpenak errenkan hedatu ziren atzo instituzioen partetik, Orion asteartean gertatu zena hilketa matxista bat izan zela argitu ahala. Orioko Udalak adierazpen bat kaleratu zuen. Udaletxeko udalbatzar aretoan egin zuten horretarako agerraldia, eta udaleko alderdi guztiek adostutako agiria irakurri zuten. Hiru dolu egun egingo dituzte; udalak bertan behera utziko ditu ekitaldiak, eta udal zerbitzu guztiak itxita egongo dira.«Samina» azaldu dute gertatu denarengatik: «Izugarria izan da, eta herrian eragina izan du». Anuska Esnal alkateak irakurri zuen adierazpena. Arratsalderako herrian deituta zegoen mobilizazioan parte hartzera deitu zituen herritarrak, eta babesa erakutsi zien biktimaren etxekoei. Gainerako instituzioek ere egin zuten bat, eta joatera deitu zuten. Mugimendu feministak deitutakoa zen.

Emakundek ere «gogor» salatu du hilketa, eta herritarrei «gaitzespena» erakusteko deia egin die. Gogoratu du berdintasunaren alde egitea dela indarkeria matxista «prebenitzeko» erarik eraginkorrena, eta horren alde egiten jarraitu behar dela gizartearen alde guztietatik. «Emakumeen aurkako indarkeria da emakumeen eta gizonen berdintasunik ezaren adierazpenik latz eta gogorrena, eta botere harremanetan oinarritzen da».

«Sumina» erakusteko

Gipuzkoako Foru Aldundiak deituta, hilketa matxista salatzeko isilune bat zuten eguerdian. Diputazioaren atarian izan zen, Gipuzkoa plazan, eta bertan izan ziren Markel Olano diputatu nagusia eta gobernu kontseiluko foru diputatuak. Olanok hartu zuen hitza: «Gure sumin eta haserre sakona adierazten dugu. Hilketa giza eskubideen urraketaren adierazpen gorena da, gure gizartean inolako lekurik ez duen gertaera oso larria».

Eudelek ere ohar bat atera du; indarkeria matxistaren kontra egite aldera berdintasunaren alorrean lanean jarraitu behar dela uste du. «Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta».

EAEko Arartekoak, gaitzespena erakustearekin batera, erakundeei esan die biktimaren seme-alabei emateko babesa bereziki: «Haien bizitzan egin duen zauria ahal den neurrian sendatzen saiatzeko». Arazoari bere zabalean begiratzeko eskatu du: «Arartekoak jendaurrean salatu behar du, beste behin ere, matxismo eraileak eragin handia izaten jarraitzen duela hamaika emakumeren eta neskato-mutikoren bizitzetan eta, oro har, gure gizarte osoan, nahiz eta gure legeria eta erakunde publikoak etengabe neurri irmoak eta aurreratuak garatzen ari diren hori bukarazteko». Espainiako Gobernuko Berdintasun Ministerioak ere ohar bat kaleratu du hilketa matxista salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.