Albistea entzun

Gorka Urtaran. Eudeleko presidentea eta Gasteizko alkatea

«Udalek interes goreneko proiektuetan parte hartu behar dute»

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Legeari Eudelek egindako kritikak apaldu ditu Eudeleko presidenteak: «Ez gaude kontra». Udalen autonomia jarri du lehentasun gisa.
RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Begiristain -

2022ko maiatzak 21 - Gasteiz

2019ko irailetik da Gorka Urtaran (Gasteiz, 1973) Eudel Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalen elkarteko presidente. Gasteizko alkate ere bada, eta bi karguek ematen dioten eskarmentuan oinarrituta mintzo da tokiko erakundeen erronken inguruan. Uste du egungo garai aldakorretan udalek «zuhur» jokatu behar dutela, baina zeruertzean bi helburu argi edukita: tokiko autonomia eta nahikotasun ekonomikoa bermatzea. Eudelek 40 urte bete dituela baliatuta elkarrizketatu du BERRIAk.

Aurrera begira, zein erronka ditu Eudelek?

Gure lehentasuna da tokiko erakundeen autonomia eta nahikotasun ekonomikoa bermatzea. Baditugu, halaber, 2030erako Agendarekin lotutako bestelako kezka batzuk ere. Azken hilabeteotan lan eskerga egin dugu proiektu estrategikoak agenda horretan sartzeko, baina baita gizarte garapena lortzeko, ekonomikoki lehiakorrak izateko, jasangarritasuna lortzeko eta gobernantza berri bat bultzatzeko ere.

Eudelen 40. urtemugaren harira egindako ekitaldian esan zenuen udalgintzari esker gizarte hobea lortu dela. Zer esan nahi zenuen?

Udala herritarrengandik gertuen dagoen instituzioa den heinean, herritarren emozioak kudeatzea ere badagokio. Herritarren arteko harremanak oinarritu daitezke arauetan eta sentimenduetan, eta sentimenduetan oinarritzen direnean, askatasuna, berdintasuna, giza eskubideen defentsa eta ongizatea bezalako balioak indartzen dira. Udalgintza gizartearen emozioen kohesionatzaile dela esango nuke.

Udalen lana aitortutako lan bat da?

Gero eta gutxiago. Azken urteotan politika gero eta okerrago ikusia dago, eta herritarrei oso nekeza egiten zaie edozein alkateren edo udalaren lana goraipatzea. Gu ez gara hona etorri herritarren txaloak jasotzera, baina egia da gaur egun are zailagoa dela herritarrek gure lana aitortzea. Bere herriarekin oso engaiatuta eta musu truk lan egiten duen jendea dago udal mailan, baina, hala eta guztiz ere, askotan zaila izaten da lan horri aitortua izatea.

Garai aldakorrak bizi ditugu. Estualdi ekonomikoak sumatzen ari zarete toki erakundeetan?

Pandemian bertan bizi izan ditugu estualdiak, baina ez nuke esango oraintxe udalak egoera latza pairatzen ari direnik. Aurreikusia genuena baino diru gehiago jaso dugu, eta ez iaz, ez aurten, ez dugu inolako estutasun ekonomikorik izan. Badakigu familia eta enpresa asko gaizki pasatzen ari direla; haiengandik gertu egon behar dugu. Baina, aldi berean, egoera hau baliatu behar dugu inbertsioak egiteko eta gure hiriak eta herriak modernizatu eta eraldatuko duten prozesua bultzatzeko. Egoera aldakorrek eragina dute gure ekonomian, baina udalok gaitasuna erakutsi dugu egoera horietara egokitzeko, eta gure kontuak aurrera ateratzeko. Hala ere, zuhurrak izan behar dugu ez dakigulako zer gertatuko den datozen hilabeteetan.

Egunerokoak eragin handia du udaletan. Nolako arazoa izaten ari da argindarraren prezioaren eta inflazioaren gorakada, esaterako?

Eragina izaten ari dira, zalantzarik gabe. Gasteizen, adibidez, aurreikusia genuen argiteria publikoan ia bost milioi euro gastatzea, baina prezioek horrela jarraituz gero, faktura bikoiztu egingo da urtearen amaieran. Gainera, hirian badaude 325 auzo komunitate energiaren merkatu askean egotera behartuta daudenak, eta milioi bat euro bideratuko diegu haien fakturaren zati bat arintzeko. Udalok ere pairatzen dugu energiaren garestitzea, baina auzo komunitateek ere bai, eta bereziki merkatu askera joatera behartuta dauden auzo komunitate horiek.

Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Legea kritikatu zenuten, udalen eskumenetan esku hartzen duela iritzita.

Eudelen helburu nagusien artean dago tokiko erakundeen autonomia babestea, baina batzuetan badira proiektu batzuk tokiko politikatik at egon daitezkeenak, udalaz gaindiko proiektuak direlako. Gu ez gaude horien aurka. Eudelen esan duguna da figura hori erabiltzekoak badira ongi justifikatu beharko dela interes publikoa eta interes gorena zer den, aukeratutako kokapenak egokia izan beharko duela, eta prozesu osoan zerikusia duten udalen esku hartzea aintzat hartu beharko dela. Zuzenbide konparatuan, gainera, ez da fenomeno berria: Nafarroan figura horrek urte asko daramatza indarrean, hainbatetan erabilia izan da, onerako, eta inork ez du pentsatu horrek udalen autonomia urratuko duenik.

Lege horrek ez du kolokan jartzen udalen autonomia?

Ez dut uste. Lege horrek helburu garrantzitsu batzuk baditu, besteak beste klima aldaketaren aurkako borroka indartzea. Alde horretatik positiboa da, eta barnean hartzen du interes publiko gorenaren figura. Horrelako neurriak erabiltzen direnean ongi justifikatu behar dira eta proiektuetan zerikusia duten udalek parte hartu behar dute. Bestela, nimby efektua gerta daiteke: guretzat nahi ez ditugun proiektuak beste udalerri batzuetan jartzea onartzen dugu.

Gasteizko Udalaren autonomia kolokan ikusi duzu Subillako gas putzua dela-eta Jaurlaritzarekin izandako ika-miken harira?

Jaurlaritzaren ikuspuntua eta Gasteizko Udalarena, biak dira zilegiak. Gasteizko Lurralde Antolaketarako Plan Orokorrak ez zuen aukerarik ematen horrelako ustiapen bat egiteko, eta Espainiako Klima Aldaketaren Legeak debekatu egiten du gasaren ustiaketa. Zergatik aztertu nahi duzu gauza bat gero ustiatu ezin baduzu? Ez dauka zentzurik. Hiri berdea garen heinean, apustu egin beharko genuke energia berriztagarrien alde. Beste alde batetik, uste dut Jaurlaritzari lagundu behar diogula energia berriztagarrien aldeko proiektuak jorratzen. Denok erabiltzen badugu tokiko autonomia aitzakia moduan proiekturik aurrera ez ateratzeko, arazo larri bat izango dugu hemendik gutxira. Gerraren testuinguruan, argi geratu da energiaren menpekotasunak izugarrizko kaltea egiten diela gure familiei, enpresei, ongizateari eta lehiakortasunari. Independenteagoak izango gara energia berriztagarrien bidetik, eta ez gasaren bidetik.

EAEko Hezkuntza Legearen oinarria izango den akordioan jasota dago segregazioa amaitu aldera udal bulegoak irekiko direla matrikulazioa egiteko. Zer iritzi duzu?

Nik ez nuke esango gure udalerrietan segregazio arazo bat dagoenik, baina bai kontzentrazio bat, etorkizunari begira oso arriskutsua izan daitekeena. Ongi aztertu behar dugu nola bizi diren kanpotik etorritako etorkinen bigarren belaunaldiko herritar horiek, zer-nolako aukerak dituzten, eta zer-nolako aldeak dauden haien eta gainontzekoen artean. Udalok badugu ardura bat, baina beste esparru batzuek ere bai.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

ZUZENEAN: Pirinioetako Bidea

Ekitaldi nagusia hasi da Guils de Cerdenyan, Katalunian

Jon O. Urain

Pirinioetako hirurehun gailur baino gehiago argiztatuko dituzte gaur, Euskal Herriaren eta Kataluniaren burujabetzaren alde. Zuzeneko saio bat ere prestatu dute, eta Berria.eus-en ikusgai egongo da: 21:00etatik 22:30era izango da.

Pirinioetako bidea elkarrekin argitzen

Pirinioek batutako aldarria

Lara Madinabeitia - Olatz Artola Apeztegia

Suredak eta Gomezek «sinbologiaz betetako» mobilizaziotzat dute burujabetzaren alde uztailaren 2an egingo dutena. Elkarlana nabarmendu dute: «Parean duguna berdina da».

Koalizioaren aurkezpena. ©Endika Portillo / Foku

Zurekin Nafarroa ezkerreko koalizioa aurkeztu dute

Yasmine Khris

Ahal Dugu, Ezkerra, Batzarre eta independenteen talde bat batu dira, «ezker feminista, berde eta transformatzailearen» indar berria izateko.

Gure Esku-k batzarra egin zuen Eibarren ekainaren 15ean, eta bertan banatu zituzten gaur piztuko dituzten argiak. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Burujabetza nahia argiztatzera

Jon O. Urain

Euskal herritarrak eta katalanak Pirinioetako hirurehundik gora gailurretan mobilizatuko dira gaur

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...