Zientzia

Begi berria, aro berria

Hainbat atzerapenen ostean, James Webb espazio teleskopioa abenduaren 24an jaurtiko dute, Guyana Frantsesetik. Mugarria izango da espazioaren ikerketan, unibertsoaren eta galaxien sorrera orain arte ikusi gabeko zehaztasunez ikertu ahal izango baita. Izpi infragorriak jasoko ditu.

Begi berria, aro berria.
jakes goikoetxea
2021eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
1. Espazio teleskopio bat da. Lurretik edo Lurretik gertu beharrean —Hubbleren moduan—, espaziotik egingo ditu behaketak.

Bi ispilu ditu: lehena, hexagono formako hemezortzi ispiluz osatua (25 metro koadro), zazpiehun atomoko urrezko geruza batez estaliak; bigarrena, txikiagoa.

2. Aro berri bat zabalduko du astronomian. Unibertsoari buruzko oinarrizko galderak erantzun ahal izateko sortudute.

Ikertu ahal izango da unibertsoa eta galaxiak nola sortu ziren eta nola eboluzionatu duten; izarrak nola sortu ziren; eta exoplanetek zer-nolako ezaugarriak dituzten.

3. Abenduaren 24an jaurtiko dute, Guyana Frantsesetik, Ariane 5 suziri batean. Tolestu egin dute suzirian sartu ahal izateko.

Jaurtiketa momentu larria eta bortitza izaten da, eta teleskopioa oso sentibera da. Hala ere, ez du babes berezirik: «Jaurtiketatik bizirik ateratzekodiseinatu dugu».

4. Proiektuaren bultzatzaile nagusiak AEBetako (NASA), Europako (ESA) eta Kanadako (CSA) espazio agentziakdira.

Hubble teleskopioa jaurti berritan hasi ziren teleskopio berrian pentsatzen, duela hiru hamarkada. 1996an hasi ziren lanean. Atzerapen asko izan ditu.

5. Izpi infragorriak jasoko ditu. James Webb denboraren makina moduko bat da, eta duela milioika urteko izpiakjasoko ditu.

Big Bangetik 250 milioi urtera sortu ziren izarren izpiak jaso ahalko ditu, hau da, duela 13.500 milioi urtekoak.

6. 9.000 milioi euro inguruko aurrekontua du. NASAk ordainduko du diru gehien, 8.000 milioi euro; ESAk, berriz, 600 milioi euro .

Proiektuak sekulako gainkostua izan du. «Astronomia jan zuen teleskopioa» deitu dio Nature-k, hura egiteko, hainbat proiektu utzi baitira dirurik gabe.

7. Lurretik 1,5 milioi kilometrora egongo da. Eguzkiaren inguruan orbitatuko du, baina beti Lurra atzean duela, itzala egiteko.

Beroa eta distirak saihestu behar ditu. Aluminioz estalitako bost geruzak babestuko dute. Tresneriak zero azpiko 200 graduko tenperaturabehar du.

8. Berez, bost urtez lan egingo du, baina aipatu dute balitekeela hamar ere izatea. Erregai kontsumoaren araberakoa izango da.

Lagrange 2 puntuan egongo da: Lurraren eta Eguzkiaren grabitate indarrek orekatu egiten dute sateliteen mugimendu orbitala. Oso erregai gutxi behar da.

9. James Webb izena du, NASAko kudeatzaile baten omenez (1961-1968). Funtzionario bat, burokrata bat; ez zientzialaria.

NASAri izena aldatzeko eskatu zioten —astronomo batzuek, besteak beste—, Webbek ustez LGTBI kolektibokoak baztertu zituelako. NASAkez du aldatu.

10. Hubbleren ondorengoa da: ispilu handiagoak ditu, espazioa urrunagotik begiratuko du, eta denboran atzerago iritsiko da.

Hilabeteko bidaia egingo du, eta espazioan zabalduko da. Astronautek Hubble konpondu izan dute. James Webb urrunegi egongo da. Matxuratuz gero, akabo.

Tresneria oso sentikorra eta zehatza da: Ilargian erlastar bat egonez gero, teleskopioak haren berotasuna atzemango luke Lurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.