Hezkuntza Akordiotik euskal hezkuntza lege on baterako bidean

Mila Amurrio, Irati Erkizia eta Aitor Fernandez de Pinedo
2022ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Hezkuntza lege berri bat zehazteko prozesuan murgilduta gaude. Lege horrek oinarri izan behar zuen apirilean adostasun politiko zabalez itxi zen Hezkuntza Akordioa. Hezkuntza Plazara osatzen dugunok, une hartan, akordioaren balorazio positiboa, eta, era berean, kritikoa egin genuen; hezkuntzan jauzi bat emateko zumeak bertan zeuden, baina zehaztasun gehiago eta anbizioa falta zirela adierazi genuen ere.

Irailean, Eusko Jaurlaritzak aipatu lege horren lehen zirriborroa argitaratu du, eta oraingoan gure irakurketa ez da batere positiboa. Akordioari sinesgarritasuna ematen zioten funtsezko elementu batzuk desagertu edo desitxuratu egin dira, eta hainbat atalek zehaztasunik gabe jarraitzen dute. Beraz, akordiotik legerako lehen urratsak huts egin du, eta horrek haserretu egin gaitu.

Euskal Herriak XXI. mendearen erronkei aurre egingo dion hezkuntza sistema berri bat behar du. Gure gizartearen gehiengo zabal batek partekatzen du ideia hori. Jar gaitezen, bada, etorkizunari begira. Egun ditugun hezkuntza sistema, sare, ikastetxe desberdinetatik abiatuta ekin diezaiogun trantsizio-prozesu bati, eta bide horretan lehenengo mugarria EAErako hezkuntza lege on bat lortzea da. Hartara, EAEko Hezkuntza Akordiotik legerako emandako lehen urratsa zuzendu beharra dago.

Lege zirriborroak jasotzen dituen gai guztiak ezin ditugu landu artikulu honetan, beraz, oraingo honetan, horietako batzuen iruzkina baino ez dugu hona ekarriko: hezkuntza sistemaren antolaketa, gobernantza, euskara eta euskal kulturaren transmisioa.

Hezkuntza Akordioan Euskal Hezkuntza Zerbitzua definitzen da, hezkuntza sistemaren behin-behineko antolaketa berri baten oinarria izan litekeena, egungo sistema malgutuz. Zerbitzu horren baitan ikastetxe guztiek, titulartasunaz harago, eskubide eta betebehar berak izango lituzkete. Legean baldintzak eta betebehar horiek ondo eta zehaztasunez ezaugarritu behar dira (euskalduntzea, doakotasuna, segregaziorik eza, parekidetasuna, laikotasuna, irabazi asmorik eza, hezkuntza-komunitatearen partaidetza demokratikoa, langileen kontratazio prozesu garden eta demokratikoak...), behar besteko baliabideak eskainiz eta ebaluazio eta neurri zuzentzaileak zehaztuz. Lege zirriborroan, ordea, halakorik ez da.

Halaber, Hezkuntza Akordioan Udal Hezkuntza Kontseiluak sortzeaz eta bete behar dituzten funtzio garrantzitsuez hitz egiten da: hezkuntza-premiak identifikatzea, eskaintza banatzea eta ikasleak eskolatzeko irizpideak zehaztea, haien bereiztea saihesteko neurriak hartzea eta beste hainbat. Lege zirriborroan, ordea, hautazko organo gisa izendatzen dira eta dagozkien funtzioak lausotu egin dira. Deszentralizazio hitza bera ere lege zirriborrotik desagertu egin da. Gure ustez, ezinbestekoa da deszentralizazioan eta ikastetxeen autonomian oinarrituko litzatekeen Hezkuntza Sistemaren parte izatea Udal Hezkuntza Kontseiluak. Legean Udal Hezkuntza Kontseiluak ondo definitu behar dira, zehaztuz sortzeko prozedura, betebeharreko funtzioak, eta baita funtzio horiek garatzeko behar besteko baliabidez hornitu ere.

Legeak, EAEko eremurako bada ere, Euskal Herriko gainerako eremu administratiboen arteko hezkuntza-proiektu berriak lankidetzan garatzeko erakundeak sustatu beharko lituzke, edo gutxienez, horretarako ateak zabalik utzi.

Euskalduntzeari dagokionez, Hezkuntza Akordioan, honakoa jasotzen da: ikasle euskaldun eleaniztunak helburu, euskara eta euskal kultura ardatz izango dituen eredu orokortua ezarri beharra dago hezkuntza sistema osoan. Horretarako, ikastetxeetako hizkuntza proiektuei ematen zaien tratamendua zehaztu eta indartu beharra dago, helburua betetzeko zer bide eta baliabide ezarriko diren zehaztuz. Azken horien zehaztapenik ez da, ordea, lege zirriborroan.

Era berean, euskalduntze prozesurako funtsezkoa den euskal kulturaren transmisioan hutsune nabarmena antzematen dugu. Euskalduntzea modu integralean ulertzen dugu, hizkuntza transmisiotik harago, euskara ez delako ingelesa. Hortaz, ezinbestekoa da Euskararen Ikaskuntzarako eta Euskal Kultur Transmisiorako Institutuaren ezaugarriak legean argi jasotzea, bere funtzioak eta egitekoak zeintzuk diren zehaztuz. Euskal kulturaren transmisioan euskal curriculuma eguneratzen, garatzen eta baliabideak sortzen rol inportantea jokatu beharko luke institutu horrek.

Azkenik, unibertsitateen papera nabarmendu nahiko genuke. Gure ustez oinarrizko funtzioa bete beharko lukete, bai irakasleen irteera profilari dagokionean, euskara gaitasunean zein Euskal Herriaren ezagutzan, kultur transmisioan eta baita formakuntza jarraituan ere.

Hezkuntza Plazara-k Euskal Herri luze-zabalean euskalgintza, kulturgintza eta hezkuntza komunitatearekin elkarlana eta aliantzak indartzeko prozesuari ekingo dio. Ez gara geldi egongo; arduraren eta anbizioaren garaia da, herri indar guztiak aktibatu eta martxan jartzera goaz. Elkarrekin ekinez, batasun zabal bat eratuz, Euskal Herri osoan eraginez, EAEn hezkuntza lege on bat lortzeko garaia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.