Xabier Makazaga.

Batzuen zoru etikoaz

2021eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Bistan da terrorista hitza alderdikeriaz erabiltzen dela. Nazientzat frantziar erresistenteak terrorista hutsak ziren, eta Petain mariskalaren gobernu kolaborazionistak beste horrenbeste zioen. Urte batzuk geroago, frantziar agintariek terroristatzat jo zituzten herrialde horretako armadak Indotxina eta Aljeriako gerra kolonialetan erailtzeraino torturatu eta desagerrarazi zituen ehunka mila pertsona.

Nolanahi ere, ikuspegi etikotik behintzat, guztiz onartezina iruditzen zait terrorista gisa kalifikatzea Estatuaren aurka erabilitako indarkeria eta, aldi berean, kalifikazio hori erabat ukatzea Estatua denean indarkeria hori, edo are larriagoa, erabiltzen duena, bere legeak eta/edo nazioartekoak urratuz. Jarrera hori etikoki justifikaezina delakoan nago eta horregatik iruditzen zait hain esanguratsua zoru etikoa noiznahi aipatzen duten gehienen jarrera torturari dagokionez. Ukatu egiten baitute segurtasun indarrek torturatuak terrorismoaren biktimak direla.

Deustuko Unibertsitatean Etikako Katedradun zen Xabier Etxeberriakbi terrorismo mota bereizi zituen 2006an: batetik, «Estatuaren aurka motibazio politikoz diharduten talde armatuena»; bestetik, «Estatuak berak eragindakoa, giza eskubideak larriki urratzen dituen indarkeria erabiliz, zeinaren adibiderik okerrena tortura baita —Estatu terrorismoa—».

Horixe bera esan zuten urtebete lehenago berak eta unibertsitate berean Etikako irakaslea den Galo Bilbaok elkarlanean idatzitako lan mardul batean, «Estatuaren ekintza terrorista nagusia tortura» zela. Eta ezin argiago utzi zuten bien iritzia: «Terroristak dira giza eskubideen hainbat urraketa (lege batzuetan gehiegikeriak, arbitrariotasun judiziala, tratu txarrak eta torturak, terrorismoaren aurkako talde para-estatalen sustapena)». Gainera, hurrengo bi urteetan idatzitako beste lau lanetan berretsi egin zuten Estatu terrorismoaz zeukaten iritzia. Betiere, elkarlanean idatzi eta 2005ean argitaratu zen lan mardul hartan esandakoa erreferentzia gisa hartuz.

Bada, hainbeste azpimarratu ondoren segurtasun indarrek eragindako tortura eta tratu txarrak terroristatzat jo behar zirela, Galo Bilbaok zeharo aldatu zuen bere iritzia. Bat-batean aldatu ere, batere azalpenik eman gabe. 2009an argitaraturiko lan batean adierazi baitzuen ez zituela terroristatzat jotzen «gehiegizko indarkeria edo giza eskubideen urraketa nabarmenak eragin dituzten unean uneko jarduera judizialak, politikoak edo polizialak (adibidez, tortura kasuak)».

Galo Bilbaok erantsi zuen hura ez zela «zehatz-mehatz» ordura arte zioena, aldaketa garrantzi txikikoa izan balitz bezala. Nonbait, pare bat urte lehenago esandakoa zeharo ukatzea aldaketa ñimiño bat besterik ez zen izan berarentzat. Xabier Etxeberriarekin batera 2005ean idatzitako lanean ziotena ekarri baitzuen gogora, gutxienez 2007ra arte lan hartan esandakoari eutsi zion, eta, hara non, bi urte geroago zeharo kontrakoa esan zuen. Horri, «zehatz-mehatz», batere azalpenik eman gabe iritzia erabat aldatzea deitzen zaio.

Xabier Etxeberria izan zen aldaketa hura argudiatzen saiatu zena, urte berean beste lan batean honako hau esanez: «Terrorista nor den zehazteko orduan, bi aukera hartu behar dira kontuan: bata inklusiboagoa eta bestea murriztaileagoa [Estatu terrorismoa ukatzen duena]»; eta gaineratu zuen «pentsamendu etiko-politikoan oinarritua» zegoen lehenengoa zela «berez egokiena, baina bigarrenakislatzen du hobekien terrorista etaterrorismoaren biktima terminoen egungo erabilera juridiko eta soziala, gure testuinguruan, behintzat».

Hori bai, Etxeberriak onartu behar izan zuen «erabilera juridiko» horrekin zerikusi handia dutela Estatuek, eta begi bistakoa da nola moldatzen diren Estatu horiek berberak une bakoitzean komeni zaien «erabilera soziala» bultzatu eta eraikitzeko orduan ere. Gainera, ez zuen batere azaldu zerk izan zuen hainbesteko eraginaaipatu bi erabilera horietan 2007 eta 2009 bitartean. Ordura arte, bai berak, bai Galo Bilbaok, oso garbi baitzuten torturatuak terrorismoaren biktimak zirela.

Bestalde, Etxeberriak ezin argiago utzi zuen zein zen «pentsamendu etiko-politikoan oinarritua» zegoen ikuspegia, Estatuek erabilitako legez kanpoko hainbat biolentzia, torturak barne, terroristatzat hartzen dituena. Ez dago zalantza izpirik berak eta Galo Bilbaok bereziki landu duten arloa etikarena dela. Horrenbestez, ikuspegi etikoa lehenetsi behar luketelakoan nago, baina...

Nolanahi ere, nik dakidala behintzat, 2009az geroztik ez Xabier Etxeberriak ez Galo Bilbaok ez dute hitz egin berriro, beraien lanetan, ez torturaz ez haren biktimez. Eta ez dute inolako kezkarik agertu biktima horiengatik. Oso esanguratsua iruditzen zait hori, 2009az geroztik egin eta argitaratu baitira, hain zuzen ere, Euskal Herrian milaka pertsonak jasandako torturen errealitateari buruzko hainbat lan garrantzitsu.

EAJk eta PSOEk goraipatu egiten dituzte biak, eta alderdi horiek erabaki zuten segurtasun indarrek torturatuak ez zirela Estatu terrorismoaren biktimak. Joxe Arregi, Mikel Zabalza eta torturapean hildako beste hainbat herritar «polizia-gehiegikerien» biktimak omen dira, ederki dakiten arren termino horrek ez duela inolaz ere islatzen haiek jasandako sufrimendua eta nabarmen diskriminatzen dituela Euskal Herrian torturatuak izan diren milaka herritar.

Izan al zuen PSOE eta EAJren erabakiak zerikusirik Galo Bilbaoren bat-bateko iritzi aldaketa harekin? Izan al zuen zerikusirik Xabier Etxeberriak eman zituen azalpenekin?

Baietz esango nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.