Kultur aniztasuna eta eskola, elkarrekin hazten eta hezten

Ainhitze Bizkarralegorra Bravo
2022ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Otsailaren 19ko BERRIAn Ikasle etorkinak eta eskola, elkarrekin hazten izenburuko artikulu bat irakurtzeko aukera izan genuen. Irakurleari luzatutakoa Amelia Barquin Mondragon Unibertsitateko irakaslearen esanetan oinarrituta dago.

Ez naiz ikerlaria, ez naiz irakaslea. Euskalduna eta atzerritarra den ume baten ama naiz (aita ez da euskalduna). 9 urterekin Asiatik Euskal Herrira bizitzen etorritako ikasle baten guraso naiz.

Alaba D eredua eskaintzen duen sare publikoko ikastetxe batean dabil. Ez gintuen beldurtzen bere gelan «ikasle atzerritarrak» aurkitzeak, direla Espainiaz haragokoak edo Espainia barrukoak. Kultur aniztasunean hazi eta hezia dago alaba etxean, kalean eta eskolan. Aniztasunean (zentzurik zabalenean), baina oraingoan Euskal Herrian bizitzeko aukera ematea izan zen gure aukera.

BERRIAko testua irakurtzean, hamaika galdera zetozkidan burura. Nortzuk dira ikasle etorkinak? Eta autoktonoak? Elkarrekin hazten bai, eta hezten? Zein da bigarren mailakoa? Diagnosia partekatu ezean zaila da elkarrekin aurrera egitea.

Azken boladan, kulturartekotasunari, migrazioari edota segregazioari buruz hitz egiten dugunean, Hego Euskal Herrian D eredua duten ikastetxeak bertoko hizkuntza eta kultura aldetik homogeneoak bailiran aurkeztuak dira sarri. Kezka handia agertzen da etorkinen inguruan ere, edota bertoko beste talde batzuenganako, ijitoenganako-eta. Behin ere ez dut oraindik irakurri, joan den azaroan Arnas Dezagun guraso taldearen manifestua irakurri arte, gune erdaldunetako D ereduetan matrikulatutako haur euskal hiztunen inguruko kezkarik, edota ikasle guztiei onuragarri litzaieken planteamendu seriorik jatorrian oinarritutako segregazioari aurre egiteko eta bide batez euskara (eta euskaldunak) dagokion tokian jartzeko. Irakurtzen ari naizena ez dakit nongo D eredua izango den. Ez behintzat Hegoaldeko gune erdaldunduetako argazkia.

Alabaren D ereduko ikastetxean, Espainia da erreferentzia nagusia arnastu eta ikasten duten ia guztian.

Alabak iaz gelakideekin euskaraz zertxobait mintzatzeko aukera zeukan (bera gaztelania jakin gabe etorri zen, aldiz euskara eta beste bi hizkuntza hitz egiten zituen). Aurten ez du norekin euskaraz hitz egin modu naturalean, gela berri batean dago. Ez da euskaraz hitz egiteko libre sentitzen. Besteak bezalakoa izan nahi du. Erabat ulergarria. Eskolatik kanpo berriro da euskalduna.

Nire alabak eta gelakideek jasotzen duten zeharkako mezua da euskarak eta Euskadik (ahaztu Euskal Herriari buruz hitz egitea) ez dutela baliorik, Euskararen Egun ofizialean eta beste pare bat egunetan ez bada. Bigarren mailako hizkuntza dugula eta bigarren mailako herria garela. Hori ez da motibaziorik onena euskarara hurbildu eta bizi diren herria hobeto ezagutu eta maitatzeko. Hemengo eskolako euskararen erabilpen mugatuarekin, gure alabak ez zukeen atzerrian bertoko eskolako hizkuntza (ez zena ez gurasoena ezta kalean nagusia) bereganatu izango egin duen modura.

Gure eskolek Euskarari eta gure herriari merezitako tokia eta errespetua erakutsita, seguru nago gure eskoletako ikasle guztiak, bertokoak eta kanpokoak, arinago eta hobeto euskaldunduko liratekeela. Umeak eta nerabeak esponjak dira hizkuntzak ikasteko orduan. Bertako ikasle asko elebidunak dira, etorkin berri asko bezala (are, hirueledunak ere). Latinoamerikatik datozenetatik asko dira, Madril edo Murtziatik etorritako ikasle etorkinen modura, gazteleradun elebakarrak. Baina badira Amerikako jatorriko hizkuntzetan mintzatzen direnak ere. Aukera badago D ereduan euskara ikasi eta erabil dezaten, eta etxeko sentitu. Horietako asko, gainera, Euskal Herrian jaioak dira (gurasoak etorkinak izanik).

Gure atzerriko eta bertoko esperientzian oinarrituta, metodologia da aldatu beharrekoa. Metodologia euskaraz irakasteko, eta kulturartekotasuna integraziorako tresna moduan ulertzeko txipa aldatu.

Ikasle etorkinei buruzko gure diskurtsoari babeskeria dario; gurera hurbildu behar dutela; gurea ikasi. Eta guk eurengandik ez daukagu zer ikasi? Alabari aurten proposatu dio irakasle batek bera bizi izan den herrialde biri buruzko aurkezpena egitea gelaren aurrean. Hori proposatu ziotenean izugarri poztu zen (bere jatorriaren parte baten aintzatespena zelako). Ariketa polita izan da. Eskolan ariketa berdina ikasle guztiei egiteko aukera ematea proposatuko dut. Eta uste dut, kasu honetan, irakasleak azaldu behar liekeela Euskal Herri osoa.

Atzerrira duela hogei urte joan nintzenean Hegoaldean talde kultural handi bi genituen; bat euskalduna, bestea gazteleraduna. Ez orduan eta ez orain, D ereduko ikasle guztiek ez zuten euskara maila berbera. Ikasle etorkinen eta orokorrean erdaldunen kopurua (etxetik euskararik ez dakartenena) hazi egin da D ereduko sare publikoan, eta gaztelera bilakatu da harreman hizkuntza nagusi eta ia bakar. Non geratzen dira ume euskal hiztunen eskubideak itsaso zabal horretan, eta konkretuki gune erdaldunduetan?

Amaitzeko, Ikasle etorkinak etaeskola, elkarrekin hazten, ala Kultur aniztasuna eta eskola, elkarrekin hazten eta hezten? Azken bi hamarkadetan gure eskolen aniztasuna hazi egin da (eta ez kultur jatorriei dagokienez bakarrik). Orain dugun erronka da kopuruan haztetik elkarrekin hazi eta heztera pasatzea, ikasle talderik atzean utzi gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.