Gotorlekutik

2020ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Ez dut inoiz neure burua euskaldunen gotorlekuko kide sentitu, baina, zuek (Bizkaiko) «ezkerraldetik» gauzak horrela ikusita, baliteke zuentzat hala izatea, eta horregatik, ohar batzuk helarazi nahi dizkizuet, erantzun moduan (Gu, BERRIA, 2020-01-22).

Zein dira gotorlekuko benetako euskaldunak? Herri euskaldunetan jaiotakoak izango gara; etxean euskaraz ikasi dugunak, eta eskolara hasi orduko —demagun berrogeita hamarretik gora dugunok—, gaztelania ikasi beharra izan dugunak, eta horregatik eta inoiz herrian bertan edo bestela herritik hirira edo pixka bat mugituz gero, erdaraz egin behar izan dugunak. Norbere herrian norbere hizkuntzaren ukazioa jasan dugunak. Eta guk baino are gehiago, zer esanik ez, gure aurrekoek.

Pentsa ezazue momentu batez zein frustragarria den etxean hain natural ikasi duzun hizkuntza horrek, onenean, zeure herriko kalean erabiltzeko baino balio ez izatea, edo kalean batzuekin bakarrik hitz egiteko era informalean, eta eskolarako baliorik ez izatea, administraziorako eta hedabideetarako ere ez, eta askotan lanerako ere ez. Hori ez duzue aipatzen artikuluan, ez duzuelako hori bizi izan.

Hortik abiatu gara, herri-hizkera etxean natural ikastetik, bere aberastasunekin eta aldi berean bere muga guztiekin, Gaztelan edo Extremaduran etxean soilik ikasitako gaztelerak dituen mugekin alde batera, baina aldi berean muga gehiagorekin, hizkuntza artean batu gabe zegoelako eta gizartean arlo gutxitan erabiltzen zelako. Benetako euskaldunak izateaz harro? Bai, alde batera, harrotzekoa, baina bestera, zenbat aldiz entzun dugun «zein motza den euskaraz bakarrik jakitea», zenbat gutxiagotasun konplexuren jasaile eta eroale ere izan diren eta garen, eta gorago esan bezala beti beharturik, ustez Euskal Herrian egonagatik, hizkuntzaz aldatzera gutxi-asko ezagunak izango zaizkizuen hamaika arrazoirengatik.

Zuek beste era bateko zapalkuntza jasan duzue bizi-baldintza hauetatik: «Guk beti gaztelaniaz hitz egin dugu, Espainiako familia migratzaile pobreen ondorengo garelako edota Euskal Herriko hiri/herri erdaldun batean hezi garelako. [...] Gu ez gara subjektu pribilegiatu zapaltzaileak, estrategia inklusiboen faltaren ondorioetariko bat baizik».

Idatzi honen xedea ez da elkarri errua botatzea, elkar ulertzeko bidea jorratzea baino, hori bai bakoitzaren esperientziatik eta egiatasunez, ahal den neurrian. Zuen aurrekoek eta zuek ere beste neurri batean, lurralde berri batera joateak eskatzen duen egokitzapen gutxi asko neketsua eta gogorra jasan behar izan zenuten, baina, hizkuntza aldetik, ziur nago ez zenutela apenas arazorik izan. Eskolan bizi izan zenutena; gorago esan dut, guk alderantziz bizi izan genuen.

Ematen du, diozuenagatik, benetako euskaldunok denok bloke, komunitate homogeneo bat osatzen dugula. Ez nator bat. Euskal herri txiki edo handi samar batean, eta kalean jaiotakoak, edota, aldiz, landa ingurunean jaiotakoak, edota herri handi erdaldundu edota hirietan jaiotako euskaldunek txikitan markatu gaituzten esperientzia ezberdinak bizi izan ditugu eta ez gara inola ere berdinak. Gustu ezberdinak ditugu, sentikortasun diferenteak, eta denok ez gara bertsozaleak edo herri kirolzaleak edo...

«Zein ondo hitz egiten duzun ezkerraldekoa izateko, euskaldun berria eta euskaraz liburu bat idaztera ausartu zara?» nik neuk hor behintzat diskurtso baztertzailea baino zuen hipersentsibilitatea sumatzen dut, eta honako honetan ondorio kezkagarria bezain baztergarria: «Gainera, badute bere eragina 'gure' euskal komunitatera geureganatu garen kide berriongan; komunitatea bera etsaitasunezko sentitzea eta bertatik urruntzea lortzen baitute askotan. Zenbatetan txiokatu behar izan dugu gazteleraz gehiegitan arreta deitu digutelako gure euskararen 'maila eskasa' dela eta?». Ziur nago euskaraz egiten diren hanka-sartzeak erdaraz egingo balira, hedabideetan luzaroan beste konturik ez litzatekeela egongo, eta Hezkuntza Sailak neurriak hartuko lituzkeela.

«Nahi duguna da euskararen esentzia horren atzean gertatzen diren prozesu subjektibatzaileak erdigunean jarri». Bi joera nagusi sumatzen ditut euskaldunen artean; bata da: elkar gaitezen giza eskubideak urratuak sentitzen ditugun guztiok: feministak, migratzaileak, pentsionistak eta LGBT, eta euskaltzaleak; eta, gainerakoentzat, aldiz, euskararen aldeko borroka ez da giza eskubide demokratiko horiekin lotu behar, estatua duten nazioetan (Espainian, Frantzian...) lotzen ez den bezala.

Ez naiz hegemonikoa sentitzen, eta ez zaituztet euskaldun sasikotzat hartzen, baizik eta komunitate bereko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.