Albistea entzun

Gerra Ukrainan. Errefuxiatuak Euskal Herrian. Arantza Chacon. Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko zuzendaria

«Nazioarteko babesak asko du borondate politikotik»

Ukrainako iheslarien lehen harrera egiten ari da Zehar. Espainiako Gobernuak haientzat abiatu duen baimen berezia txalotu du Arantza Chaconek, baina gaitzetsi egin du beste gatazkekin berdin jardun ez izana.
ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maite Asensio Lozano -

2022ko martxoak 19 - Bilbo

Zehar-Errefuxiatuekin elkarte berrituaren ardura hartu eta egun gutxira iheslarien krisi bati aurre egin behar izan dio Arantza Chaconek (Gasteiz, 1974). Gainezka du Bilboko egoitza, langileez, Ukrainatik iritsi berriez eta laguntzera hurbildu diren boluntarioez. Ez da kexu, halere: «Hauxe da gure lana».

Oso lanpetuta zabiltzate egunotan. Zer ardura hartu du Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak?

Batetik, lehen harrera egiten ari gara Oñatin eta Tolosan [Gipuzkoa] ditugun zentroetan. Lehendik ere nazioarteko babes eskatzaileak jasotzen genituen, eta orain Ukrainatik heldutakoak ere hartzen ari gara; hortik senide edo ezagunen baten etxera joaten dira, edo Espainiako Barne Ministerioaren harrera tokiren batera. Gobernuaren baliabideak amaitzen direnerako, Eusko Jaurlaritzak helbide elektroniko bat jarri du (errefuxiatuak@euskadi.eus), herritarrek beren etxeak eskain ditzaten, eta erantzun ona izaten ari da. Dena den, horietara aurrerago bideratuko ditugu hemen geratzea erabakitzen dutenak; izan ere, gatazka orain amaituko balitz ere, herrialdea hondatuta dago, eta etorri direnek denbora beharko dute hemen. Bestetik, kontsultei erantzuten ari gatzaizkie, batez ere egoiliar eta lan baimena lortzearen inguruan.

Nola ari dira iristen Ukrainatik?

Mugetan hainbat erakunde ari dira lehen harrera egiten, eta haiek aztertzen dute pertsona horiek nola lekualdatu. Orain arte Zeharrera iritsi dira beren kabuz autoz edo trenez etorri direnak, hemen kontakturen bat dutelako. Egia da boluntarioak ere joaten ari direla furgonetekin edo autobusekin, baina guk ez dugu gomendatzen norbere kabuz joatea, mugetan arazoak sortzen ari direlako: prestatzen ari dira iheslariak artatzeko, baina ez iheslarien bila doazenak. Edonola ere, hara doazenei eskatzen diegu guri jakinarazteko zenbat pertsona datozen, harrera koordinatzeko.

Zenbat pertsona iritsiko direla kalkulatzen duzue?

Ez dago jakiterik. Kontuan izan behar dugu Ukrainatik hona herrialde asko daudela, batzuk kulturalki edo linguistikoki haien gertukoak direla, eta horietan ere geratuko direla errefuxiatuak. Dena den, agertokia ez dugu kontrolatzen, ezin delako kontrolatu.

Espainiako Barne Ministerioak baimen azkar bat jarri du martxan Ukrainatik datozen iheslarientzat. Zertan datza?

Hemen bizitzeko eta lan egiteko baimen bat da, aldi baterakoa; babes forma jakin bat da, nazioarteko babesaren barrukoa: 55/2001 zuzentarauak jaso zuen aukera hori, gatazka baten ondorioz lekualdatze masiboak dauden egoeretarako. Nolabait, ezohiko neurri bat da, justu gatazka honetarako abiatu den tresna bat, azkar tramitatu ahal izateko.

Gerora asiloa eskatzeko aukera izango dute baimen hori lortzen dutenek?

Bai, bateragarria da, baina babes forma diferenteak dira. Orain aktibatu den formula hau pentsatua dago herrialde batetik jende asko ateratzen denerako ezohiko kausa baten ondorioz; asiloa lortzeko, berriz, beste baldintza batzuk eskatzen dira, jazarpen indibidualizatuago batekin lotuta. Aldiz, disidente errusiarrek edo desertatzen duten militarrek ezingo lukete figura berri hori eskatu, baina bai nazioarteko babesa.

Paperik ez duten ukrainarrei ere ireki diete baimen hori lortzeko aukera. Nolatan orain?

Orain ezin direlako euren jaioterrira itzuli; beraz, haiek ere babestu behar dira. Aukera bat da hainbat ukrainarrentzat, euren egoera erregularizatzeko.

Baimen berezi hori beste krisi batzuetan ere eskatu izan dute gizarte eragileek. Borondate politikorik ez da egon lehenago martxan jartzeko?

Nazioarteko babesak asko du borondate politikotik. Izan ere, badira tresnak: 55/2001 zuzentaraua hogei urteko atzerapenez jarri dute martxan; Afganistango edo Siriako gatazken harira aktiba zezaketen, eta ez zuten egin. Baina horrek ez du esan nahi ez dugunik txalotu behar orain aktibatu izana.

Azken urteetan, Ukrainatik ihes egindakoen asilo eskaeren %93 atzera bota ditu ministerioak.

Auzi politiko bat da: hainbat urtez ez zaio begiratu Ukrainako gatazkari; ez zuen interesik pizten. Orain, gauzak aldatu egin dira.

Otsailean kezka adierazi zenuen, besteak beste, kolonbiarrekin, haien babes eskaera gehienak ere atzera botatzen dituztelako. Zer gertatzen ari da gatazka horiekin?

Ez dira gailentzen ari giza eskubideen ikuspegitik gauzatutako politikak; beste lehentasun batzuk daude, batez ere ekonomikoak, eta horren araberakoak dira nazioarteko babesari lotutako ebazpenak. Lehen ere esan dut: erabaki politikoak dira hauek, eta ez daude beti giza eskubideen babesari eta errespetuari lotuta.

Batez ere emakumeak eta haurrak iristen ari dira Ukrainatik. Berariazko arreta molderik eskatzen du horrek?

Gatazka guztietan emakumeen sufrimendua erabiltzen da gerra tresna gisa, eta ezin dugu ikuspegi hori alboratu. Aztertu beharko dugu, batetik, han geratzen ari diren emakumeen artean nola aldatuko diren genero rolak, nola indartuko diren zaintzari lotutako lanak... Bestetik, hemen andre horien gizarteratzea bideratzean, kontuan hartu beharko da, adibidez, haurtzaindegiak eta umeentzako zerbitzuak al dauden, emakumeek ikasi, lan egin eta bizitza propio bat gara dezaten.

Ezin da jakin zenbat iraungo duen gerrak, baina jaioterrira itzultzeko asmoz iristen ari dira errefuxiatuak?

Oñatin daudenekin hitz eginda, adibidez, ikusten ari gara askok itxaropena dutela gerra laster amaituko dela eta etxera itzuli ahal izango direla, gehienek han baitituzte senideak eta lagunak. Ikusi beharko dugu zer gertatzen den eta zer aukera duten azkar bueltatzeko, baina ulergarria da euren bizitzak normalizatu nahi izatea. Zaharrenek dute premia handiena pentsatzeko itzuli ahal izango direla; andre gazteagoak, berriz, hasiak dira ohartzen agian ezingo direla berehala itzuli.

Hortaz, lehen harrera ez ezik, ondorena ere kudeatzen hasi behar da. Nola?

Hasierako aterpea soilik ez, epe ertainera ere begiratu behar da: haurrak eskolaratzea, helduen formakuntza, hizkuntza ikasketak... hemen dauden bitartean gizarte honen parte izan daitezen. Hori gogorra izango da; izan ere, orain shockean daude, baina gizarte berri batera egokitzeko prozesua luzea da, eta bakartia sarri. Eta harrera gizarte gisa ondo jardun behar dugu guk ere: bizilagun bihurtu behar ditugu, eta susmoan oinarritutako diskurtsoak baztertu, ukrainarrekin zein beste lekuetatik datozenekin.

Azken urteetan Espainiako Gobernuak oso asilo gutxi onartu ditu. Ukrainarrekin zabaldutako bideak ekar al dezake irekiera bat asilo politiketan?

Orain gertatu dena erantzun puntual bat da, egoera jakin bati emandakoa. Nahiko genuke horrek ekartzea politikak eraldatzea, baina zaila da. Agian une honek aukera emango digu exijitzeko beste errefuxiatuekin ere bermatzea Polizia etxeetan ordua azkar ematea, harrera programetan sartzea, kasu bakoitza modu pertsonalizatuan aztertzea... Baina ez dut uste asilo sistema aldatzea ekarriko duenik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Hainbat aplikazio eta streaming plataforma erakusten dituzten pantailak. ©Berria

Gaztelaniazko ikus-entzunezkoak dira nagusi Uemako herrietako ikasleen artean

Julen Aperribai

Uemako herrietako ikasleen %73k gaztelaniaz ikusi dute, azkenekoz, telesail bat. Netflix 'streaming' plataformaren kontsumoa gehien ikusten den hurrengo plataformarena halako bi da. Lehen Hezkuntzako ikasleen artean, marrazki bizidunen Clan katearen audientzia ETB3rena halako bi da.

Iraitz Lazkano UEMAko lehendakaria, eta Garikoitz Goikoetxea teknikaria Eusko Legebiltzarrean ©UEMA

Uemak adierazi du «sendotasun handiagoz» heldu behar zaiola ikus-entzunezkoen gaiari

Isabel Jaurena

Iraitz Lazkano Uemako lehendakariaren erranetan, EITBk eta RTVEk «ardura handia» dute. Online plataformen eta sare sozialen eginkizuna ere azpimarratu du.

Ikasgela bat Gasteizko Angel Ganivet eskolan, artxiboko irudian ©juanan Ruiz / foku

Irakasleek berriz ere aukera edukiko dute eszedentziak noiz amaitu aukeratzeko

Irati Urdalleta Lete

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak duela urtebete arautu zituen jardunaldi murrizketak, eszedentziak eta aldi baterako eteteak, eta erabaki zuten baimenak horiek emateko arrazoia amaitzen zenean edo urtarrilaren 31n edo abuztuaren 31n soilik bukatu ahal izango zituztela. Arartekoak eskatu zuen agindu hori bertan behera lagatzea, eta hala egin du Hezkuntza Sailak.

Tokiko erakundeetako ordezkariak, gaur, bilerara sartzean. ©Berria

Espainiako Gobernuak Araban duen ordezkaritzara eraman dute aldiriko tren zerbitzuaren eskaera

Berria

Arabako eta Nafarroako 50 toki erakundek udaberrian abiatutako prozesuari jarraikiz bildu dira Arabako ordezkariarekin, AHTaren aurkako alternatibaren berri emateko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...