Langile falta

Kamioiek ez dute nork gidatu

Garraio sektoreak aspaldi ohartarazi zuen kamioilariak falta direla. Soldatak igotzeaz gain, lan baldintzak hobetzea eta gazteen laneratzea erraztea eskatzen dute.

Kamioiak geldi, Oiartzungo atseden gunean (Gipuzkoa). GORKA RUBIO / FOKU.
aitor biain
2023ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
«Gaur egun, gure seme-alabek ez dute kamioilari izan nahi. Gure sektorera erakartzeko zerbait egin ezean, ez dakit nork hornituko dituen supermerkatuak, baina kamioiek ez dute egingo martxa honetan». Azalpen grafiko hori Santi Sanchezena da. Gidari autonomoa da, eta TransportBilbao Bilboko portuko garraiolarien elkarteko ordezkaria. Baina Sanchezen gisan, garraioaren sektoreak urteak daramatza arazoaz ohartarazten: kamioilariak falta dira.

Ikusi gehiago:LANGILEAK, BAINA EZ EDOZEIN BALDINTZATAN

Sektorea ataka estuan dela iritzi diote: ez soilik txofer gabezia gaur egun jada badagoelako, baizik eta langileen zahartzeak, lan baldintzen kaskartzeak eta belaunaldien arteko erreleborik ezak etorkizuna are ilunago egiten dutelako. «Ez dakit erakundeak, politikariak eta enpresetako arduradunak konturatzen diren zer datorkien gainera. Egoera kezkagarria da», ohartarazi du Sanchezek.

Brexit-ak azaleratu zuen sektorearen alarma oihua, 2021eko udazkenean, eta hornidura faltan ziren zerbitzuguneek nahiz supermerkatuek jarri zioten egoerari argazkia. Baina kamioilariak Europa osoan behar dira, nahiz eta pandemiaz geroztik erdizka ari diren ekonomiek atzeratu baino ez duten egin Erresuma Batuko irudi haiek beste herrialde batzuetara ere hedatzea. Izan ere, gidarien falta are agerikoagoa litzateke kontinenteko ekonomiak hazkunde betean egongo balira, adituen esanetan.

Soldatak eta baldintzak

Sanchezek 25 urte baino gehiago daramatza kamioilari gisa lanean, eta azaldu du azken hamarkadan nabarmen okertu direla lan baldintzak. Haren irudikoz, soldata da egungo oztopo handiena. «Lan honek dituen berezko ezaugarriak kontuan hartuta, gidariari ez zaio behar bezala ordaintzen. Soldata ez da erakargarria, eta inork ez du nahi baldintza horietan lan egin». Salatu du, halaber, soldatak ez baina kostuak asko handitu zaizkiela, eta marjinak «gero eta estuagoak» direla. «Ezin diozu kamioilari bati 1.600 edo 2.000 euro ordaindu. Gidari batek beste langile batek ez dituen kostuak ditu egunerokoan: bidesariak, gasolina, janaria... Edo handitzen dira bidaien ordainsariak eta soldatak, edo lanbide honenak egin du».

Soldataz gain, dena den, badira hobetu beharreko beste baldintza batzuk ere: ordutegiak, itxarote denborak, atseden guneak... Finean, sektorea erakargarriago egiteko oinarriak ezarri behar dira, Sanchezen esanetan. Eta horretan, erakundeek ere badute zeresana, haren hitzetan.

Beste oztopoetako bat estereotipoak dira. Lanbide ia erabat maskulinizatua izan baita kamioilariena; gizonezkoak dira eta izan dira txofer gehien-gehienak historikoki. Bilboko portuan aritzen diren 700 kamioilarietatik soilik bi dira andrazkoak, esaterako, Sanchezek azaldu duenez. «Emakumeek ere lasai asko egin dezakete lan hau. Ez du ahalegin fisikorik eskatzen; edonork egin dezake. Bizkaibuseko autobusak gidatzen dituzten gisan gidatu dezakete kamioi bat ere. Baina, hala ere, zaila da andrazko gidariak topatzea».

Uste du lanbidearen ezagutza falta handia dela, eta ez dela «benetako errealitatea» ezagutarazteko lanik egiten. «Guk orain gidatu baino ez dugu egiten. Ez dugu kamioia kargatzen edo deskargatzen, ez beste ezer egiten. Trajea jantzita etor gaitezke lanera!». Hain zuzen, Euskal Herrian aritzen diren kamioilari gehienak eguneko bidaiak egiten dituzte.

Gidabaimenaren trabak

Hala adierazi zuen Sonia Garcia Asetrabi Bizkaiko garraio patronaleko presidenteak ere iragan abenduan ere, sektoreko elkarteekin batera egindako agerraldi batean. Gazteei zuzendu zitzaien, eta «probatzeko» eta «beldurrik ez izateko» esan zien, sektorea «zabala» delako, eta lanak ere «oso desberdinak» izan daitezkeelako. «Agian gu ari gara sektoreari buruz gaizki hitz egiten», gogoetatu zuen. Kamioilarien lana «gehiago baloratu» eta gazteei sarbidea erraztu behar zaiela ere azpimarratu zuen orduan.

Izan ere, sektoreak behin eta birritan salatu du gidabaimena ateratzeak duen gehiegizko kostua. Hain justu, Lanbideren bitartez jasotako laguntza bati esker ari da Jon Gorospe kamioientzako gidabaimena ateratzen. 25 urte ditu, eta ez dauka goi mailako ikasketarik. «Irtenbide bat izan zitekeela pentsatu nuen; enplegua lortzeko beste bide bat».

Ikusi gehiago:Gazteak: langile ala nagi?

Aitortu du Lanbideren laguntza ezinbestekoa zaiola gidabaimena ateratzeko, azterketen tasak baino ez dituelako ordaindu berak; hau da, 200 bat euro guztira —gainontzean, batez besteko kostua 2.000 eurotik gorakoa izan daiteke—. Hala eta guztiz ere, azpimarratu du prozesua uste baino nekezagoa dela, azterketez gain —lau dira guztira— beste ziurtagiri bat ere lortu behar delako.

Aurrez, ostalaritzan, sorosle moduan, eta biltegi batean ere aritu izan da lanean, eta garbitzaile gisa dihardu azkenaldian, kontratuka. «Iruditzen zait lan horietan edo antzekoetan aritzeko osagarria izan daitekeela, gutxi direlako kamioiak gidatu ditzaketenak. Helburu horrekin ari naiz gidabaimena ateratzen». Ibilbide luzeagoko lanik onartuko lukeen galdetuta, ordea, ez du hain argi erantzuna: «Ez dut inoiz neure burua kamioilari gisa irudikatu. Baldintzak gogorrak izan daitezke kasu horietan. Baina, nork daki, ez nuke baztertuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.