Josu Perales.
21. Korrika. Helduen euskalduntzea. IRITZIA

Euskalduntzearen zenbakien talaiatik

2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Helduen euskalduntzea apurka-apurka, baina etengabe, aldatuz joan da urteen poderioz. AEK siglek Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea adierazten dute, eta HABE siglek ere Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea esan nahi dute; bi-bietan alfabetatze hitza dago, baina esan daiteke egun ez dagoela alfabetatzeko talderik euskaltegietan. Euskal herritar gazteak Hezkuntza sisteman alfabetatzen ari dira,D eta B ereduetan batez ere.

1976/1977 ikasturtean AEK-k jasotako ikasle-fitxak aztertu zituen Siadecok (1978). Egindako txostenean Euskal Herri osoan euskara ikasten ziharduten 30.000 helduren berri eman zen. Ikasleria-motari dagokionez, gehienak oso gazteak ziren; Hegoaldeko lau lurraldeetako datuen arabera, ikasleen % 52 15etik 24 urtera bitartekoak ziren, eta bazegoen 15 urtetik beheragoko ikaslerik ere; %60 emakumezkoak ziren; % 47 ikasle jendea ziren, eta % 53 enplegatuak. Datuak AEKrenak ziren soilik, baina ibili zen euskara-ikasle gehiagorik garai hartan: EUTG, IPES, Ikastoletako umeen gurasoentzako taldeak, Donostiako Udalaren Escuela de declamación vascaEuskal Iztundea, Lazkaoko eskolak, eta abar, eta abar.

41 urte horien joanean zenbait zifrak ez dute gorabehera handirik izan; beste batzuek, berriz, zeharo itxuraldatu dute lehengo argazki hura. Orain, 35.000 heldu inguru ari dira euskara ikasten urtero EAEko euskaltegietan. Kopurua guztira handiagoa da, noski, kontuan hartu behar baitira Nafarroa, Iparraldea, eta gero eta ugariagoak diren Euskal etxeetako taldeak, estatukoak nahiz bestelakoak: Txile, Argentina, hainbat unibertsitatetako lektoregoak, eta abar.

EAEko ikasleen profilari begiratuta, berriz, emakumezkoek nagusi izaten jarraitzen dute: %65,71. Adinari erreparatzen badiogu 38,61 urte dituzte, batez beste, oraingo ikasleek —garai batekoak baino helduagoak—. Eta irakasleetan ere halatsu. 1.350 irakasle inguru ari dira eskolak ematen euskaltegietan, batez beste 45,72 urte dituztelarik.

Datu horiekin batera, esatekoa da euskara-ikasle gehienek goi-mailako ikasketak dituztela eta euskara-irakasleriaren prestakuntza-mailak ere nabarmen egin duela hobera. Duela 25 urte pentsaezina izango zen 600 bat irakaslek, nork bere mailaren inguruan eta euskarri telematiko baten bidez, beren ebaluazio-irizpideak bateratu ahal izango zituzketenik. Aro digitalean, ordea, egingarria da oso. Teknologiaren sarrerak bultzada handia eman dio euskalduntzeari.

Laburtuz, euskalduntzearen baitako ikasle eta irakasleak gero eta adinduagoak dira eta, horrekin batera, irakasleen prestakuntza-maila gero eta handiagoa ere bada. Emakumezkoak gehiago dira gizonezkoak baino. Bestetik, B2, C1 eta C2 mailetan matrikulatuak apurka-apurka nagusitzen ari zaizkie A1, A2 eta B1 mailetan matrikulatuei, hots, gutxiago dira gaur egun huts-hutsetik hasten diren ikasleak, asko eta asko zerbait jakinda datoz eta. Ikastaroen trinkotasuna —eguneroko eskola-ordu kopurua— bigundu egin da. Ordenagailuz lagunduta ikasten dihardutenak, autoikaskuntza bidezko ikasleak alegia, 4.237 dira jadanik. Etorkinak ere gero eta gehiago dira: % 7. Bestetik, baieztatu daiteke alfabetatzeko taldeak desagertu direla, euskararen jatorrizko hiztun askok eta askok aukera izan dutelako Hezkuntza sistemaren bidez D eta B ereduetan eskolatzeko. Bukatzeko, euskaltegian ikasitakoa ingurune naturalean erabili ahal izateko aukerak ere ugaritzen ari dira Berbalagun, Mintzalagun eta tankera bertsuko egitasmoen bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.