Arrate Illaro. Koordinatzailea

«Euskaraldia gizarteko eremu gehiagotara zabaldu nahi dugu»

JON URBE / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Euskaraldiko koordinatzaile dabil Arrate Illaro (Getxo, Bizkaia, 1989). Bigarren aldian ariketa eremu gehiagotara iristea nahi du.

Berriro mugimendua martxan jartzea dagokizue. Zer aldarte sumatu duzue herrietan? Bada ilusioa, edo bestondoa oraindik?

Bukatu eta berehala, galdetu genien batzordeei zer moduz zeuden, zer sentsazio zuten. Batzuk nekatuta zeuden, baina nabaritu genuen ilusioa; gehienek esan zuten Euskaraldia errepikatu egin behar zela. Hasi dira herri batzorde batzuk aktibatzen, eta irailetik aurrera hasiko dira beste batzuk.

Desorekak izan ziren izen ematean: lautik hiru ahobizi izan ziren. Bereziki eragin nahi duzue horretan, rolak ondo azaltzen?

Bai. Rolek jokabide bat adierazten dute, ez gaitasuna. Hori gizarteratzen jarraitu nahi dugu, rol bakoitzak hartzen duenak jakin dezan zer ardura duen. Bi rolak dira beharrezkoak. Baina desoreka ez da rolena soilik: genero aldetik ere egon zen —hirutik bi, emakumeak—. Nahiko genuke jende gehiagorengana heldu. Ez kopurutan: beste eremu batzuetako euskaldunak aktibatu nahiko genituzke.

225.000 herritarrek eman zuten izena. Hori gainditzea da xedea, edo kualitatiboari erreparatzea?

Alde kualitatibotik ari gara. Iaz 225.000 herritar egon ziren; batzuek kontzientziaz egin zuten ariketa, baina beste batzuk heldu ziren ondoegi jakin gabe zer zen. Izena ematen dutenak ondo prestatu nahi ditugu: jakin dezatela zer den, eta ondo gogoetatuta har dezatela rola. Euskaraldia gizarteko eremu gehiagotara zabaldu nahi dugu, eta horietako herritarrak ere aktibatu. Horretarako, taldean ere egitea proposatu dugu.

Entitateak izango dira berritasuna. Badago itxurakeria arriskurik? Alegia, logoa jarri bai, baina egiturazko erabakirik hartu ez.

Ikusi beharko da. Ez dira logoekin nabarmenduko, asko daude eta. Entitateetan inplikazio bikoitza eskatuko dugu; batetik, ahobizi eta belarriprest izango diren kideena; bestetik, arduradunena. Taldean egingo dugu ariketa, eta horretarako, espazio horiek babestu egin beharko dira enpresetan, erakundeetan eta elkarteetan.

Entitate barruan ez ezik, kanpora begira ere sortu nahi dituzue ariguneak. Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko modua ere ekarriko lukete horiek?

Oinarrian zera dago: Euskaraldiak behar du oinarri bat Euskal Herriko eremu guztietan baliagarria izan dadin eta herri batzordeek berenera ekar dezaten. Nahi dugu entitate barruan ez ezik haiekin harremanetan jartzen diren herritarrek ere aukera izatea euskaraz egiteko. Kasu horretan, bermatuko balitz euskaraz hitz egin ahal izatea, eman litezke horretan pausoak. Erakunde publikoen kasuan-eta hori berez egin beharko litzateke, eta babesteko bide bat izan liteke. Hizkuntza politikan urrats sendoagoak egiteko, osagarritasuna beharko da.

Euskaraldia: banakoa eta kolektiboa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.