Albistea entzun

PSE-EE «funtsezkoa dela frogatuta» utziko du kargua Idoia Mendiak

Eneko Anduezak hartuko du idazkari nagusi kargua alderdiaren IX. kongresuan. Idoia Mendiaren Batzorde Betearazlearen kudeaketa txostena onartu dute, botoen %99,4rekin
Idoia Mendia eta Eneko Andueza, atzo, PSE-EEren kongresuan.
Idoia Mendia eta Eneko Andueza, atzo, PSE-EEren kongresuan. JAVIER ZORRILLA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2021eko azaroak 21

PSE-EE alderdiaren IX. kongresua egiten ari dira asteburuan Bilboko Euskalduna jauregian, Hasiera berri bat lelopean. Bertan, Eneko Anduezak hartuko du Idoia Mendiaren erreleboa idazkari nagusi karguan. Atzo, Batzorde Betearazlearen kudeaketa txostena aurkeztu zuen Mendiak 350 ordezkariren aurrean, eta onartu egin zuten, botoen %99,4rekin. Biltzar Ttipiak eta Etika Komisioak egindako lana ere babestu zuten.

Azken zazpi urteetako —2014an izendatu zuten idazkari nagusi— lanaren balorazioa egin du Mendiak: «Ekintzekin frogatu dugu gure funtsezko papera euskal gizartean. Lortu egin dugu, eta harro esan dezakegu». Egindako lanak isla izan duela ziurtatu du: «Euskadiko egungo proiektuak sozialisten seilua darama». Haren iritziz, lortu dute «posizio erabakigarrian egotea», eta «etorkizuneko edozein proiektutarako ezinbestekoak» izatea.

Mendiaren hitzetan, herritarrek argi dute zein den PSE-EEren iritzia «gai guztietan»: «Euskal herritar guztiek argi dute gure iritzia gai desberdinei buruz. Alderdi serioa eta sinesgarria gara. Denek ezin dute gauza bera esan». Besteak beste, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean izan duten jarrera nabarmendu du. «Lan serioa eta sakona» egin dutela adierazi du, eta, ondorioz, denek dakitela zer pentsatzen duten: «Estatutuaren erreforma batek ezin du jaso legezkoa dena gainditzen duen proposamenik, ezta konstituzioa atzeko atetik aldatzen ahalegintzen denik ere».

Gogoan izan ditu «terrorearen biktima guztiak eta giza eskubideen urraketak jasan dituztenak», eta gaitzetsi egin du «desberdinaren deuseztapena»: «Proiektu politiko bat indarrez inposatu nahi izan zutenen bidegabekeria sakona salatu nahi dut, baita antzeko bat desagerrarazteko estatu arrazoietan ezkutatu zirenena ere. Gure oroimenean dago biktima horietako bakoitza, salbuespenik gabe». Izen batzuk aipatu ditu: Santi Brouard, Josu Muguruza, Jose Benito Sanchez, Benjamin Sancho eta Ernest Lluch.

Espainiari ere erreparatu dio Mendiak. Haren esanetan, Espainiako Gobernuak iraungo du: «Luzerako daukagu Pedro Sanchezen gobernua. Legealdi honetarako eta gehiagorako», haren arabera.

Agurreko egunean, Mendia ez da bakarrik egon. Bertan izan dira, besteak beste, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia, Diana Morant Espainiako Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza ministroa eta Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu eta PSE-EEren kongresuaren presidentea, baita CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariak ere. Hurtadok esan du «harro» daudela Mendiaren lidergoaz, «alderdiaren buru izateko ausardia erakutsi baitzuen garai zail batean». Gainera, Hurtadorentzat «eredu» izan da Mendia, PSE-EE gaur egun dagoen egoerara eramateagatik. Nabarmendu du erakunde guztietan daudela, «sendo», eta «batuta». Halere, esan du Mendiarena ez dela agur bat, haren rola Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde gisa eta Batzorde Federalean «gakoa» izango delako «euskal sozialistentzat eta Espainiako sozialismoarentzat».

Aurrerantzean «eskuak aske dituela» egingo du lan Anduezak, Mendiaren hitzetan. «Berrikusi behar dena berrikusteko, exijitu behar dena exijitzeko eta konpondu behar den guztia konpontzeko aukera» izango duela nabarmendu du. Afiliatuek urriaren 30ean aukeratu zuten Andueza alderdiko idazkari nagusi izateko. Aise nagusitu zitzaion Anduezaren hautagaitza Soraya Morlarenari. Zehazki, afiliatuen %95,3k egin zuten haren alde.

Gaur, amaiera

Kongresuak gaur izango du segida. Besteak beste, Batzorde Betearazlea bozkatuko dute, baita Biltzar Ttipia, Etika Komisioa eta Batzar Federala ere. Gainera, Eneko Anduezak lehen hitzaldia emango du alderdiaren idazkari nagusi gisa, eta Pedro Sanchezen hitzaldiarekin bukatuko da kongresua.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ertzaintzak egindako ikerketaren zenbait pasarteren irudiak. ©BERRIA

Ertzaintzak lurralde antolaketaren aurkako delitua ikusi du Zaldibarren

Iñaki Petxarroman

Durangoko epaitegiari helarazitako ikerketa baten arabera, zegokion baino lur eremu zabalagoa erabili zuen Verter Recycling SM enpresak, Jaurlaritzaren eta Zaldibarko Udalaren baimenik gabe
 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Osatu dugu minbizia? Oraindik ez, baina asko laguntzen ari gara»

Irati Urdalleta Lete

Aparteko kezka sortzen duen gaitza da minbizia, eta hori ikertzen aritzen da Zubiaga. Gaixoen biziraupena hobetuko bada, hiru norabidetan lan egiteko beharra ikusten du: diagnostiko goiztiarra, terapia zuzenduak eta txertoak.
AHTaren aurka 2010ean eginiko manifestazioa, Hendaia eta Irun arteko zubian. ©BOB EDME

Trenbidearen berritzea, abiadura lortzeko

Garazi Aduriz Zuñeda

Bordeleko, Baionako eta Irungo auzapezek trena berritzearen aldeko deia egin zutenetik, AHTaren eztabaida pil-pilean da Ipar Euskal Herrian. AHTaren aldekoak zein trenbidea berritzearen aldekoak beren argudioak mahai gainean jartzen ari dira proiekturik eraginkorrenaren bila.
Zaldibarko zabortegia amildu ostean bertan egin zituzten bilatze eta egonkortze lanen irudi bat. ©JAVIER ZORRILLA / EFE

Zabor azpiko 124 igerilekuak

Imanol Magro Eizmendi

Verter Recyclingek eskaturiko txosten baten arabera, amildu zenean 300.000 metro kubo ur zeuden zabortegiaren barruan. Egileen ustez, baina, ez zuen eraginik izan hondamendian.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...