Krisiaren «adarrei» heltzeko burujabetza

Urte politikorako erronkak ezarri ditu Sortuk: izurriari eta haren ondorioei aurre egitea, espetxe politika aldatzea eta EH Bildu indartzea. Rodriguezek beharrezkotzat jo du arlo publikoa sendotzea eta fiskalitate «aurrerakoia» ezartzea

Arkaitz Rodriguez, Sorturen konferentzia politikoaren hitzartzean. J. URBE / FOKU.
jon olano
2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Sortuk lau erronka ezarri dizkio bere buruari hasi berri den urte politikorako: COVID-19aren izurriari eta hark eragindako krisi ekonomiko eta sozialari aurre egitea, euskal presoen arloan «salbuespenezko legeria» amaitzea eta, ekainari begira, EH Bildu indartzea. Krisiaren «adarrei» heltzeko, ordea, burujabetza ezinbesteko tresnatzat jo du Arkaitz Rodriguez idazkari nagusiak: «Batzuek esango dute ez dela tokatzen; orain garrantzitsua dela krisi ekonomiko eta sozialari aurre egitea. Eta ados gaude: lehentasunezkoa da pandemiaren adar guztiei aurre egitea, baina horretarako beharrezkoa da burujabetza».

Rodriguezen arabera, burujabetza «ez da bandera kontu bat edo identitate kontu huts bat; burujabetza lotuta dago lan eta bizi baldintzak duintzeko aukerarekin, pentsio sistema publiko eta duin bat eraikitzeko aukerarekin, lan eta bizi baldintza duinak sortuko dituen euskal esparru ekonomiko bat eraiki ahal izatearekin». Finean, Rodriguezen hitzetan, burujabetza «lotuta dago kalitatezko eta benetako demokrazia bat eraikitzearekin; ongizate handiagoarekin».

Sortuk bere laugarren konferentzia politikoa egin du Donostian, Zer egin? lelopean, eta, bertan, urte politikorako plan politikoaz eztabaidatu dute 450 kide inguruk. Horrez gain, erabaki dute pandemiaren eraginez egiteke geratu zen alderdiko kongresu prozesuari berriz heltzea.

Rodriguezen hitzaldiarekin bukatu dute saioa, eta, hark xehatu ditu erronkak. Izurria izan da aipaturiko lehena: «Berandu eta gaizki aritu zirenek berandu eta gaizki egiten jarraitzen dute. Korrika eta presaka egin zuten deseskalatzea, eta harrezkero ez dituzte hartu behar ziren neurriak, egunotan kaleak hartu dituzten irakasle eta erizain eta medikuek nabarmen utzi duten bezala». Rodriguezek nabarmendu duenez, bigarren olatuko kutsatu eta hildako kopurua «onartezina» da, eta erantsi du egungo egoerak «guztion ardura» eskatzen duela, baina «bereziki» administrazioarena: «Ez dugu onartuko ardura guztia jendearen bizkar uztea. Beste behin, behekooi dagokigu administrazioak faltan duen ardurarekin jokatzea; interes pertsonalen gainetik interes komunitarioak jartzea».

Pandemiak eragindako krisi sozial eta ekonomikoari aurre egitea izango da beste zereginetako bat: «Sortu eta ezker abertzalea krisi sozial eta ekonomikoaren ondorioei eman beharreko erantzunaren lehen lerroan egongo da; emakumeekin, langileekin, pentsiodunekin, prekarioekin, langabeekin, gazteekin». Rodriguezek gaineratu duenez, «neoliberalismoak sustatzen duen indibidualismoaren eta indibidualizazioaren aurrean, indarrak artikulatzeko apustua» egingo du Sortuk: «Ez dugu onartuko krisi honen kostuak beste behin betikoen bizkar gainean jartzea».

«Elkarbizitza eta bakea»

Bestelako espetxe politika baten beharra ere nabarmendu du Rodriguezek, eta eskatu du «preso, iheslari eta deportatu politikoen etxeratzeko bidean salbuespenezko legeria amaitzea». Haren esanetan, euskal gizarteak «elkarbizitza eta bakea» nahi ditu, baina «ez dago hitz egiterik elkarbizitzaz eta bakeaz euskal preso politikoek espetxean jarraitzen duten bitartean, eta euren senideek errepidean hiltzen jarraitzen duten bitartean».

Azkenik, EH Bildu indartzeko helburua adierazi du, «ezkerreko subiranismoaren antolakunde nagusia» den heinean: «Herri gisako erronka global, generazional eta estrategiko horiei erantzun baikor eta eraginkor bat eman ahal izateko ahalmena, indarra, gaitasuna, talentua eta anbizioa dituen indar politiko bakarra da». Gogorarazi du ekainean kongresua duela EH Bilduk, eta, ildo horretan, azaldu du «Sortuko kidegoak eta ezker abertzaleko kideek ekarpen berezia» egingo diotela EH Bilduren kongresu horri eta federazio subiranista indartzeari. «Erronka argia da; EH Bildu errealitate organizatibo gisa indartzea herriz herri, eta datozen urteetan herri honen instituzio nagusiak ere eskuratu ahal izateko prestatzea», Rodriguezek esan duenez.

Izurriaren testuinguruan, Sortuk ezinbestekotzat jo du «zerbitzu publikoak indartzea» eta administrazio publikoaren esku hartzea «areagotzea» ekonomian: «Abiadura Handiko Trena bezalako egitasmo zalantzagarriak edo zentzugabeak gelditu beharra dago, eta horietan xahutzen ari diren dirutzak gastu sozialetara edo ekonomikoki nahiz sozialki errentagarriak izango diren inbertsioetara bideratu». Erreforma fiskal «sakon» bat ere premiazkotzat jo du Rodriguezek, «fiskalitate benetan aurrerakoia, progresiboa eta ekitatiboa izateko; behingoz, gehien dutenen gehiago ordain dezaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.