Espetxe arloan gehiengo sozialari entzuteko eskatu diote Sanchezi

Etxerat-ek hainbat eragile politiko eta sindikal batu ditu, Madrili eskatzeko aintzat har dezala «gehiengoaren borondatea». EAJ, EH Bildu, EP, ELA eta LAB elkartu dira, besteak beste

Etxerat elkartearen ekimenez, Donostiako hotel batean batzartu ziren eragile politiko, sindikal eta sozial ugari. JON URBE / FOKU.
jon olano
2020ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Euskal Herriko gehiengo politiko eta sindikalak atzo mezu bat bidali zion Espainian eratu berri den gobernuari. Etxerat euskal presoen senide eta lagunen elkarteak deituta, batzar bat egin zuten hainbat eragilek Donostian, eta manifestu bat adostu; besteak beste, eskatu zioten egungo espetxe politika moldatzeko eta aintzat hartzeko euskal gehiengo politiko eta sindikalaren borondatea: «Espainiako Gobernuan izan den aldaketaren ondoren, Pedro Sanchez adostasun sozialaren eta gehiengoen borondatearen partedun egin nahi dugu, 30 urtez martxan egon den eta martxan dagoen espetxe politika hau premiaz aldatzeko beharra dagoela ikusten dugulako».

Ezohikoa izan zen atzoko irudia, mahaiaren inguruan bildutako eragileei erreparatuta. Horien artean zeuden Joseba Egibar eta Irune Berasaluze (EAJ), Arnaldo Otegi eta Maddalen Iriarte (EH Bildu), Lander Martinez eta Jose Ramon Becerra (Elkarrekin Podemos), Amaia Muñoa eta Xabier Anza (ELA), Garbiñe Aranburu eta Gorka Berasategi (LAB), Raul Arza eta Daniel Gonzalez (UGT), Alfonso Rios eta Santi Martinez (CCOO), Iratxe Alvarez eta Felix Irizar (ESK), Miren Arregi eta Juan Zubia (Steilas), Maite Aristegi (Etxalde), Andres Gallego eta Floren Mariñelarena (CGT), Xabier Erauskin (CNT), Agus Hernan (Foro Sozial Iraunkorra) eta Inaxio Oiartzabal eta Elena del Puerto (Sare). Horiekin batera, Urtzi Errazkin eta Patricia Velez Etxerat-eko bozeramaileak.

Hiru puntuko adierazpen bat adostu zuten atzo batutakoek. Madrili eginiko eskariaz gain, Etxerat-ek eskerrak eman zizkien bilerara joandakoei: «Gaurko elkarretaratzean herri honetako eragile politiko, sindikal eta sozialen ordezkaritza zabala bildu izana eskertzen dugu. Presoen senide eta lagunen izenean, positiboki baloratzen dugu ahalik eta azkarren urrunketa amaitzeko eta, aldi berean, bakea eta bizikidetza demokratikoa lortzeko pausoak emateko erakutsitako gogo eta borondatea».

Bide baten berrespena

Euskal presoen aurkako sakabanaketa politika salatzeko alor instituzionalean eginiko bidean berretsi zuten beren burua eragile guztiek. Besteak beste, presoak urruntzearen kontrako adierazpenak onartu zituzten Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Gobernuak 2018an, eta hirurogei udalek baino gehiagok gisa bereko mozioak onartu dituzte azken hilabeteetan. Horrez gain, sindikatuak indarrean dagoen espetxe politikaren aurkako elkarretaratzeak egiten ari dira hilero, eta etzi beteko da hilabete Bilbon eta Baionan milaka lagunek manifestazioak egin zituztenetik. «Azken urteetan eremu sozialean, parlamentuetan, batzar nagusietan eta udaletxeetan sakabanaketaren eta urrunketaren amaiera eskatzeko, hau da, espetxe politikaren aldaketaren alde egin diren akordio instituzional, politiko eta sindikal anizkoitzak berresten ditugu», adierazi zuten atzoko agirian.

2018ko ekainean heldu zen Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentetzara, eta berehala iragarri zuen espetxe politikan aldaketak egiteko asmoa. Haatik, espero baino mugimendu gutxiago egon dela ohartarazi zuen Etxerat-ek joan den astean: «Harrezkero, hurbilago dauden espetxeetara lekualdaketa batzuk egin dira, baina baita urrunago dauden espetxeetara ere. Gradu progresio batzuk ere egon dira, baina oso gutxi; gure senide presoen gehiengoak lehenengo graduan jarraitzen du, eta justifikaezinak diren isolamendu egoerak ere badaude. Espainiako Gobernuaren jarrera zalantzatia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.