Albistea entzun

Eraikitzeko beste modu bat

Oinherri herri hezitzaileen sareak ahalegin bat egin du muinean duten «filosofian» sakontzeko; hirigintzari eta herri antolamenduari dagokienez zolitu dute begirada.
Herri hezitzaileen topaketan parte hartu zuten eragileak.
Herri hezitzaileen topaketan parte hartu zuten eragileak. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2022ko apirilak 3

Herri hezitzaileen izaeran sakontze aldera, begirada doitu behar da hirigintzari eta herri antolamenduari dagokienez ere, egiteko beste era batzuen bila. Horretarako ahalegina egin zuten Oinherri herri hezitzaileen sareko ordezkariek joan den asteko larunbatean, Lekarozen (Nafarroa). «Oinherriko kideok hezkuntza ikusteko daukagun modua aberasteko eta herri hezitzailearen filosofia egituratzen dugun zazpi giltzarrietan sakontzeko aukera eman digu ikuspegi berri honek», adierazi zuten sareko ordezkariek topaketaren ostean. Sareak Euskal Herri osoko udalerriak batzen ditu, eta haurren kultura aitortzea, haurren parte hartzea bermatzeko bideak sustatzea, aisia hezitzailea eta euskalduna bultzatzea, aniztasunean eta parekidetasunean heztea, ingurumen naturala eta kulturala zaintzea, eta komunitate sarea eta auzolana indartzea dute helburu. Hala, haientzat aparteko garrantzia dute «gauzak egiteko era ezberdina» dakarten esperientziek, eta hirigintzaren arloko hainbat proiektu eraberritzaileren berri izan zuten.

Herri antolamendua herri hezitzailearen ikuspegitik liburuxka aurkeztu zuten. «Eraikuntza kolektibo» bat izan dela esan dute Hiritik At kooperatibako eta Oinherri elkarteko kideek, «elkarrekin eta elkarrengandik ikasiz» sortua. «Behetik gora eraiki nahi dugun hirigintza eredu berri bat proposatzen dugu liburuxkan. Herriak gertutasunetik, egunerokotasunetik eta haurtzaroak ematen digun txikitasunaren neurri politikotik birpentsatzeko proposamena osatu dugu».

Oinherrik jardunaldiaren mamia hedatzeko atera zuen mezuaren arabera, «hirigintzan aritzen diren teknikari orojakileen rola gainditu eta kolaboratzera eta parte hartzera animatzeko» mezuak gailendu ziren: «Aliantzak bilatzeko herrietako hezitzaileekin, osasun langileekin, zerbitzu sozialetakoekin... Erremintak baditugu, baina hausnartu behar dugu nola erabili nahi ditugun. Ematen zaien erabileraren arabera asko aldatzen delako emaitza». Parte hartzeari buruzko kezkak ere hizpidera ekarri zituzten, galdera nagusi baten inguruan: «Nola jaso denen hitza?».

Plaza eraikitzeko, plazara

Arlo horretan abian diren esperientzietako bat Xotil Natkek aurkeztu zuen. «Arkitektura ikasia naiz, eta, orain, irakasle eta ikerlari lanetan ari naiz unibertsitatean, Innsbrucken». Zaldibian (Gipuzkoa) abian jarri duten egitasmoa aurkeztu zuen, Ertzetik erdira izenekoa. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek «parte-hartze» prozesu bat bideratuko dute, Innsbruckeko Unibertsitatekoekin batera, inguruari adi, «benetako» parte hartzea helburu: horiek horrela, «instituzioek, arkitekturako profesionalek, eta gizarte eragileek ere» parte hartuko dute proiektuan. Eta erronka ez da nolanahikoa: «Zaldibiako plaza berritu behar da». Natkek txalotu egin du Zaldibiako Udalak halako egitasmo batean parte hartzeko erakutsi duen «ausardia».

Otsailean hasi zen prozesua, eta hurrengo urteko ekainera arte iraungo du. «Parte hartzean» jarri nahi dute indarra, bide berrien bila. «Izan ere, egun oso ohituta gaude prozesu parte hartzaileetara, eta tresna erre ere egin dugu». Jendea uxatzeraino: «Izan ere, askotan txostenetan bukatzen da dena». Oraingo honetan, «diseinu fasea herritarrekin batera noraino luzatu daitekeen» aztertu nahi dute, mugak apurtze aldera. Horretarako, «emantzipazio fase» bat ireki dute aurrena, herritarrek era izan dezaten «espazioari buruzko hausnarketa bat» egiteko, ertz askotatik begiratuta, gainera. «Espazioari buruz gogoetatzea falta izaten baita askotan halako prozesuetan, eta, prozesua baino lehen, oinarri bat behar izaten da». Zimendu bat jartzea da helburua.

Uztailean, EHUko Udako Ikastaroen barruan murgilduko da esperientzia, ikastaro berezi batekin. Ohi denez, Donostiako Miramar jauregian egingo da ikastaroaren parte bat, baina Zaldibiara ere joango dira ikasleak, eta egun batzuk egingo dituzte han. «Kanpaleku bat jartzea da asmoa, herri sukalde bat». Era horretan, tokiko errealitatean «murgilduta» nahi dituzte ikasleak. Han ikusi eta ikasitakoak heldu den ikasturterako lehengaia izango dira ikasleentzat, eremu berriaren «diseinua» egiteko oinarria. «Badago hegemoniari eutsi nahi dion arkitektura bat, arkitekto jenioarena»; hori iraultzea da xederik behinena. «Hautsi dezagun jakintsuen hegemonia hori».

Jolasgune biziak

Garaion elkarteak, beste egitasmoaren askoren artean, Bizi bizia izenekoa du martxan, zumea landatuz jolasguneak sortzeko pentsatua. Amaia Gabilondo da sustatzaileetako bat. «Jendearen parte hartzea bultzatuz» eraikitzen dituzte jolasguneak. Hamaika egin dituzte. Sentipen bat sortzea izaten dute helburu: «Guk egin dugu». Murruak apurtzeko. «Izan ere, instituzioek beren lana egin behar dute, baina egiten utzi behar dute, eta egiten duguna babestu».

Prozesuak zaintzeko, parte hartzea arta handiz zaintzen dute: «Egon behar duzu jendearekin zuzenean, animatzeko». Ondo mamitze aldera, astia behar duten prozesuak izaten dira: «Zenbat eta denbora gehiago eskaini, orduan eta gorputz gehiago hartzen du parte-hartze prozesuak». Errazagoa izaten da «kontsentsurako» bideetan aurrera egitea, eta era «osasuntsuagoan» egiten da dena: samurrago. «Denbora asko badago, demokrazia hobeto doa. Gauzak egiteko denbora da eskatzen dugun lehen gauza».

Eraiki ez ezik, «zaindu eta mimatu» ere egin behar izaten dira egiten dituzten jolaslekuak, eta «dena eginda dagoen garaiotan» komunitatea ehuntzeko bide bat izaten dira lan horiek ere.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Donostia ospitalea, artxiboko irudi batean. ©Andoni Canellada / Foku

Osakidetzako krisia areagotu du beste bi arduradunen dimisioak

Ion Orzaiz- Paulo Ostolaza

Adolfo Begiristain eta Maite Martinez dira, Donostia ospitaleko kirurgia zerbitzuko zuzendariordea eta mediku zuzendariordea, hurrenez hurren.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

ERAGILE, EGILE ETA ORDEZKARI

Julen Aperrribai

Duela 25 urte sortu zuten Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, euskararen normalizazio prozesua bizkortzeko eta euskalgintzako erakundeak bateratzeko. Hizkuntza politiketara begirako akordio sozial zabalak, plangintzak eta proposamen zehatzak eragiteko gaitasuna izan du hasieratik. Adostasunok galgatu egin dira sarritan pauso berean: maila sozialetik maila politikora eramateko unean.
 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Adostasun politikoek edukia behar dute; ez gaude argazkien garaian»

Maite Asensio Lozano

Lema uztera doala, azken urteetan egindako aurrerapausoak gogoratu ditu, baina aitortu du arazo batzuk «kronifikatzen» ari direla. Hartara, hizkuntza politika «sendoak» eskatu ditu.
Atzo Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako agerraldia; Iratxe Retolazak eta Leire Vargasek irakurri zuten adierazpena. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Euskarak izan behar du hezkuntza sistemako hizkuntza normalizatua»

Imanol Magro Eizmendi - Arantxa Iraola

Euskalgintzako hainbat pertsona ezagun batu ditu Euskalgintzaren Kontseiluak; adierazi dute euskara eta euskal kultura behar dituela ardatz Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako ontzen ari diren Hezkuntza Legeak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.