Albistea entzun

Europan azken bostehun urteetako lehorterik handiena espero dute

Kontinentearen erdialdeko eta mendebaldeko estatuak ezohiko bero boladak eta lehorteak ari dira pairatzen, klima larrialdiagatik. Suteek berotegi gas asko isuri dute zenbait herrialdetan
Esteron ibaiaren ibarreko tarte lehortu bat, Niza hiritik gertu (Okzitania), uztailaren amaieran.
Esteron ibaiaren ibarreko tarte lehortu bat, Niza hiritik gertu (Okzitania), uztailaren amaieran. SEBASTIEN NOGIER / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Berasategi Otamendi -

2022ko abuztuak 14

Klima larrialdiaren ondorioak gero eta nabarmenagoak dira mundu osoan, eta horren isla da Europa hegoaldearen eta mendebaldearen egoera: ezohiko tenperatura altuak, lehorteak, suteak, ur eskasia, ur erabilerari ezarritako murrizketak eta uztak arriskuan. Europako Batzordearen IBZ Ikerketa Bateraturako Zentroak ohartarazi du, bere iragarpenen arabera, lehorteak kontinentearen %47ari eragiteko arriskua dagoela, eta aurtengoa azken bostehun urteetako lehorterik gogorrena izatea espero dutela.

«Irudikatzearren, 2018ko lehortea hain izan zen muturrekoa, ezen ez baitago haren parekorik azken bostehun urteetan, baina aurtengoa 2018koa baino okerragoa izango dela uste dut», adierazi zuen herenegun Andrea Toreti IBZko ikerlariburuak.

Orain arteko datuak oso kezkagarriak dira, haren esanetan, azken neurketen emaitzek marka ugari apurtu dituzte, baina egoerak okerrera egingo du oraindik, IBZren arabera, eta hori da ikerlarien kezkarik handiena. «Hurrengo hiru hilabeteei begira, baldintza lehorretarako arrisku handia ikusten dugu Europa mendebaldean eta erdialdean, eta Erresuma Batuan». Toretik nabarmendu du arrisku hori ez dela uxatuko berotegi gasak modu eraginkor batean murrizteko berehalako neurriak hartzen ez badira. «[Lehorteen] Intentsitatea eta maiztasuna dramatikoki handituko da Europa osoan, iparraldean nahiz hegoaldean».

Lehorteak erraztu dituen suteek ez dute berotegi gasen isuria murrizten lagunduko. Copernicus Europako Batasunak klima aldaketa aztertzeko sorturiko zerbitzuak jakinarazi du suteek karbono dioxido isurien gorakada nabarmena eragin dutela Iberiar penintsulan eta Frantziako Errepublikan. Azken horren kasuan, esaterako, orain arteko erregistro guztiak gainditu dituzte datuek, ekaineko, uztaileko eta abuztuko aldiari dagokionez —2003an hasi ziren neurketak egiten—.

ITALIA

Azken hamarkadako idorterik latzena bizi du Italiak, eta bereziki nabaria izaten ari da herrialdearen iparraldea zeharkatzen duen Po ibaiaren ibarrean. Haren uraren mendeko dira inguruko nekazariak, eta dagoeneko milaka milioi euroren galerak izango dituztela uste dute. Po ibaiaren ur jario ahula pizteko, Garda aintzirako ura askatzeari ekin zion gobernuak, baina iturriko giltza estutu behar izan zuen uztailaren amaieran, lakua babesteko, eta haren bueltako jarduera turistiko garrantzitsua mantentzeko. Garda aintzira inoizko ur mailarik apalenean da. Italia iparraldean, ez da eurite esanguratsurik izan azken hilabeteetan, eta elurteak %70 murriztu dira aurten. Ondorioz, mendi elurtuetatik ur gutxiago iritsi da erreketara.

FRANTZIA

Lurralde osorako ur kontsumo murrizketak ezarri ditu Frantziako Gobernuak, lehorteagatik. Ezohiko tenperatura altuak neurtu dituzte egunotan, eta hezetasunik ezak bide eman die zenbait eskualdetan kalte handia eragiten ari diren suteei. Frantziak laguntza eskatu dio Europari horiei aurre egiteko. Aurten kiskalitako lur eremua azken hamar urteetan batez beste erre dena halako hiru da. Bordele ingurukoak kezkatzen du bereziki, pinu lehorren basoetan azkar hedatu daitekeelako indartzen bada iragarrita dauden haize biziekin.

ALEMANIA

Pertsonen eta ondasunen garraioan arazoak sortu ditu lehorteak Alemanian, Rhin ibaiaren ibarrean. Rhinen ur maila 36 zentimetro eskasekoa zen herenegun, esaterako, Renania-Palatinatuko landerreko Kaub hirian. Ibaian aritzen diren garraio enpresa gehienek beren zerbitzuak eten behar izan dituzte.

PORTUGAL

Serra da Estrela parke naturalean 17.000 hektarea baino gehiago erre dituen sutea kontrolpean hartu dutela adierazi zuten atzo Portugalgo babes zibilerako zerbitzuek, baina ohartarazi dute oraindik lan handia dagoela egiteko, sute berriak saihesteko. Lur idorra eta haize bortitza dira kezka iturri. Portugalek ia mende batean neurtu duen uztailarik lehorrena izan du aurten.

ERRESUMA BATUA

Londresek lehorte egoera estatusa aitortu die Ingalaterra hegoaldeko, erdialdeko eta ekialdeko eskualde batzuei, 1935. urtetik ezagutu duen uztailik idorrenaren eraginez. Batez beste hil horretan egiten duen euriaren %35 besterik ez du bota aurten. Lehorteari bero olatua gehitu zaio. Muturreko tenperatura altuengatik, alerta egoera ezarri du gobernuak Ingalaterran eta Galesen.

HUNGARIA

Danubio ibaiaren ur maila ere maila kritikoetara heldu da egunotan Hungarian, prezipitazio urriagatik, eta Budapest hegoaldeko Velence aintzira erabat idortu da. Barnabas Virag Hungariako Banku Zentraleko presidenteordeak ohartarazi duenez, lehorteak kalte handiak eragingo ditu aurtengo uztan, eta horrek, Ukrainako gerrak elikagai krisian izan dituen ondorioekin batera, are gehiago garestituko ditu jakiak, eta are gehiago handituko du inflazioa herrialdean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Munduko agintariei klima larrialdiaren kontrako neurri eraginkorrak eskazeko manifestazio bat, 2021eko azaroan, Londresen. ©ANDY RAIN, EFE

IPCCk nabarmendu du posible dela Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatzea

Gorka Berasategi Otamendi

Zientzialari taldearen arabera, tartea dago planetaren berotzea 1,4 gradukoa izan dadin mende amaieran. Klima krisiari buruzko jakintza zientifikoa laburbildu du argitaratu duen azken txostenean.

Irakeko lehen ministro Xia al-Sudani, iazko urrian. / ©Irakeko lehen ministroaren bulegoa, EE

PKKz eta ur baliabideez arituko dira bihar Irakeko eta Turkiako buruzagiak

Arantxa Elizegi Egilegor

Irak urez hornitzen duten bi ibai nagusiek Turkian dute jatorria, baina hark azken urteetan eraikitako urtegiek arazoak eragin dituzte auzoko herrialdean. Ankaran bilduko dira bi buruzagiak.

Ron DeSantis Floridako gobernadorea, artxiboko irudi batean. ©CRISTOBAL HERRERA-ULASHKEVICH / Efe

Florida aztertzen ari da eskolan 12 urtetik behekoei hilekoaz hitz egitea debekatzea

Berria

Planned Parenthood erakundeak lege proiektua kritikatu du, eta adierazi zentzugabea dela.

Xi eta Putin, Moskun egin duten bileran. / ©SERGEI KARPUHIN / SPUTNIK / KREM

Moskura heldu da Txinako presidentea

Arantxa Elizegi Egilegor - Igor Susaeta

Nazioarteko Zigor Auzitegiaren «moral bikoitza» salatu du Xik, Putinen aurkako atxilotze aginduari erreferentzia eginez. Moskuk zigor auzibide bat ireki du Hagako fiskalburuaren aurka. EBko Atzerri ministroek 2.000 milioi euroko plan bat onartu dute Kievi munizioa emateko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.