Tristura eta haserrea kalean

Milaka lagun irten dira AEBetako hirietan abortu eskubidearen aldeko protestetan. Elkar babestearen eta kalean mobilizatzearen garrantzia nabarmendu dute.

Abortu eskubidearen aldeko ekintzaileak, atzo, AEBetako Auzitegi Gorenak Roe araua indargabetzeko eman zuen epaiaren aurka protestan. ERIK S. LESSER / EFE.
urtzirrutikoetxea
Washington
2022ko ekainaren 26a
00:00
Entzun

Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Auzitegi Gorenak abortu eskubide konstituzionala ezabatu eta berehala, herrialdearen luze-zabalean hedatu ziren manifestazioak eta elkarretaratzeak ostiralean. Jendetzarik handienetakoa Auzitegi Gorenaren atarian bertan eta inguruko kaleetan bildu zen, Washington hiriburuan, egun osoko protestan.

Emozioak bizi-bizi egon ziren Goreneko epaileek Roe v. Wade, 1973tik datorren babes konstituzionala, ezabatu zutela jakin bezain laster. Tentsio uneak ere izan ziren abortuaren aurkakoen ospakizunak bertan zirelako, baina ez zuten gehiagora egin. Goizean goizetik, geroz eta jende gehiago elkartu ahala, arratsaldeko protesta aldameneko Union Square-ra eraman zuten, hiriko tren geltokirik handiena dagoen plazara. Handik, milaka lagunek egin zuten protesta, AEBetako beste 500 hiritan legez. Zutitu, egin borroka eta eutsi izan zen mobilizazio horietan gehien entzundako leloetako bat.

«Gure eskubideak kentzera bazatozte, zuen aulkiak (karguak) kentzera joango gara» oihua zabaldu zuen taula gainetik Mini Timmrajuk. «1973an jaio nintzen, Roe onartu eta hilabetera, bizitza osoan izan dut babes hori», adierazi zuen NARAL abortu eskubidearen aldeko erakundeko buruak. Etorkin familiakoa izanik, amaren lilura aipatu zuen: «Iritsi berritan, emakumeen ahalduntzea ikusita, esan zuen: 'A zer herrialde itzela emakume beltzentzat, a zer herrialde itzela nire alaba immigrante mestizoarentzat'. Gaur, mezua bidali dit: 'Hau jada ez da koloredun emakumeentzako herrialde bat'. Auzitegi Goren honek nire amaren bihotza apurtu du. Eta hemendik esaten diet: pentsatu ere ez, ez ni hemen nagoen bitartean!».

Elkar hartuta

Ehunka manifestari, nor bere afixa, kamiseta, zapi edo leloarekin. Emakumeak gehienak, taldean asko, baita bikotekidearekin ere. Washingtongo metroko linea gorrian ama-alabak irten ziren, protestarekin bat egiteko, morez jantzita. Aurrerago, Daniela Sastaila 27 urteko washingtondarrak nekez eusten zion emozioari: «Bagenekien bazetorrela, baina gertatzean, tristura duzu, hainbat estatutako emakumeengatik. Oso bidegabea da, ez luke horrela izan beharko; herrialde honetako jende gehiena ez dago ados, abortu eskubidearen alde gaude gehienok, eta oso tristea da boterean daudenek ez ordezkatzea herritarrok nahi duguna».

Malkoak xukatuta, argi zuen ez zela geldi egongo: «Elkar babesteko unea da, lekuan lekuko abortu elkarteei babesa eta dirua ematekoa, bidaiatu beharko dutenei laguntzekoa, baita umeen zaintzan ere, haietako askok umeak baitituzte dagoeneko; eta, batez ere, babes emozionala, babesa eman gehien merezi duten paziente horiei. Jendea haserre dago, ez dugu besterik gabe onartuko, borrokatu gabe, eta Auzitegi Gorenekoek presioa sentitu behar dute».

Taula gainetik, Nikema Williams Georgiako kongresista demokratak hartu zuen hitza: «AEBetako Kongresuan badaude zuekin gaudenak, elkarrekin gaude honetan. Roe —abortu eskubidea babesten zuen araua— ez da Jainkoa, lehen ere bagenekien hori. Zer egingo dugu merezi dugun etorkizuna izateko? Belaunaldi berri bat da hau, borroka berri bat, eta bataila hauek borrokatu behar ditugu, geure bizitzak baitaude jokoan».

Elkarte feministen eta giza eskubideen arteko erakundeek banatutako eskuorriekin batera, askok etxetik egindako afixak zekartzaten. Batek baino gehiagok azpimarratzen zuen zer-nolako aldea dagoen armekiko eta abortuarekiko jarreran: lehena arautzearen kontra eta emakumeen gorputzak kontrolatzearen alde egin du Gorenak 24 orduko epean asteon. Nire uteroak tiro egitea nahiko nuke, hala gobernuak ez luke arautuko, zioen manifestari baten afixak. Beste batek: Zergatik dauka arma batek nik baino eskubide gehiago?. Kakoa ere bihurtu da protestetako sinbolo, ez dugu atzera egingo esateko zerabilen Auzitegi Goreneko manifestari batek baino gehiagok.

Demokraten jarrera

«Haserre, triste eta izorratuta gaude», zioten Marylandetik Washingtonera joandako Ashlynnek eta Canvasek. Pikutara kaka zahar hau. Abortua osasungintza da, uteroa baino gehiago naiz zioen leloa zeramaten. «Badirudi Estatu Batuetan dena zaborretara doala. Ez da normala etorkizuneko belaunaldiek aurrekoek baino giza eskubide gutxiago izatea». Micha Aime New Yorketik joan berria da hiriburura, zailtasunak dituztenekin eta baztertutako familietako haurrekin lan egitera. «Erabat zentzugabea da hau, aspaldi bermatutako eskubidea zen. Haserre nago, ezin dut sinetsi hau 2022an gertatzea; aurrera egin beharko genuke, ez atzera».

Genevieve Sheak, kendu debekuak gure gorputzetatik lelo ezagunarekin egindako kamiseta zeraman, eta oso kritikoa zen bere ordezkariekin ere. «Boto emaile demokrata naiz, eta desengainatuta nago ez direlako gai izan abortu eskubidea lege bihurtzeko». Kongresuan gehiengo estua dute demokratek, eta abortua lege bidez babesteko ahaleginek kale egin dute orain arte. Horregatik, askok itxaropena daukate datorren azaroko hauteskundeek aldaketaren bat ekarriko dutela, baina Alexandria Ocasio-Cortez kongresista demokratak nabarmendu zuen hori ez dela aski izango. «Bozkatu behar da, bai, baina hauteskundeek bakarrik ez gaituzte salbatuko. Orain, kalera irteteko unea da, alde guztietan, eta protesta egiteko».

Protesta amaituta, etxerako zain zegoen Hailey Barr. «Pertsona gisa gizon batek beste eskubide izatea merezi dut. Atzo 2022an joan nintzen ohera, eta gaur 1950ean jaiki naiz, eta oso sentimendu gogorra da». Ohiokoa da Hailey, langile zurien estatu horretan eliza protestanteek indar handia daukaten estatu batekoa. «Elizaren eta estatuaren arteko bereizketa egon beharko litzateke. Ni judua naiz, juduon eskubidea ere bada abortua; nola esan ahal didate gizon-emakume kristau zuri batzuek zer egin dezakedan?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.