Xik boterea sendotzeari bide eman dio Txinako Alderdi Komunistak

Presidentea alderdiburu izendatuko dute gaur beste bost urtez. Gainerako agintari gorenen izenak jakinaraziko dituzte. Xiren gertuko aliatuek berrituko dute Komite Iraunkorraren politburoa

Xi Jinping Txinako presidentea, atzo, Pekinen, Txinako Alderdi Komunistaren kongresuko azken egunean, alderdiko ordezkariz inguratuta. WU HAO / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Txinako Alderdi Komunistaren kongresuak helburu argi bat zuela iragarri zuten analistek: Xi Jinping herrialdeko presidentearen koroatzea. Eta, kongresua amaituta, esan daiteke helburu hori bete duela. Alderdiak aldaketa sakona egingo du bere organorik boteretsuenean, Kongresuak atzo hautatu zuen Komite Zentralaren osaketak islatzen duenez. Horrek aukera emango dio Xiri Komite Iraunkorraren politburoan —aginte organo gorenean— aliatu berriak kokatzeko. Gainera, hirugarrenez izendatuko dute alderdiko idazkari nagusi, eta, hala, herrialdeko agintaririk boteretsuena bihurtuko da Mao Zedongen garaitik.

Politburoan kargua utziko dutenen artean dira Li Keqiang lehen ministroa eta Wang Yang alderdiaren aholkularitza organoko burua —. Biak gelditu dira Komite Zentraletik kanpo —205 kide ditu; soilik 11 dira emakumeak—, eta, beraz, ezin izango dira hautatuak izan Komite Iraunkorraren politburorako. Li eta Wang ez dira Xiren hurbilekoak, eta espero da horiek presidentearen gertuko bi agintarik ordezkatuko dituztela gaur. Liri eta Wangi itzal handia aitortzen zaie Gaztedi Komunistaren Ligan. Gazte erakundeak izan du pisua alderdian, baina Xiren agintaldian eragiteko ahalmena galdu du, hainbat analistaren iritziz.

Aginte organo gorenetik kanpo geldituko dira baita ere Li Zhanshu eta Han Zheng, beste bost urterako hautatuak izateko gehienezko adina gainditu dutelako. Horrenbestez, gutxienez lau kide berri izango ditu politburoak. Historikoki, bost eta 11 kide artean izan ditu. Egun, zazpik osatzen dute; Xik bera tartean.

Bestalde, Kongresuak alderdiaren estatutuen gaineko zenbait emendakin onartu ditu. Horien bidez, Xik alderdi barruan duen «estatus zentrala» indartu du.Haren ideia politiko nagusiak «sakon ulertzeko» eskatu die alderdiak bere 96 milioi afiliatuei, eta horiek «alor guztietan ezartzeko». Era berean, emendakinetako batean jaso dute alderdiaren «borrokarako izpiritua garatzea, borrokarako gaitasuna indartuta». Txinak atzerri politikan azken urteetan erakutsi duen jarrera aldaketarekin bat dator azken aipamena. Horrez gain, Taiwango auzia dela eta, militanteei dei egin diete uhartearen independentziaren aldekoei «aurre egiteko» eta horiek «geldiarazteko».

Presidente ohia, kanpora

Alderdi Komunistaren Kongresuak azken asteko keinu politikoak zaindu ditu, koreografia politiko zehatz bati jarraituz. Azken saioan, ordea, areto nagusitik atera dute Hu Jintao Txinako presidente ohia —Xiren aurretik karguan izan zena—, ezustean. Sare sozialetan atzo zabaldu ziren irudietan ikus daiteke Huk ez zuela bere aulkia utzi nahi, eta aretotik atera duenak tira egin ziola besotik, berarekin joan zedin, Xi eta alderdiko agintari nagusiak begira zituen aldi berean.

Alderdi ak ez du azalpen ofizialik eman gertatutakoari buruz, baina Xinhua Txinako albiste agentziak adierazi du ondoezik zegoelako atera dutela aretotik. «Ez zen ondo sentitzen, eta bere laguntzaileek beste gela batera eraman dute, deskantsatzera».

Xinhuaren azalpenen aurretik, Mendebaldeko hedabide askotan berehala ugaritu dira Huren irudiak «purga» politiko batekin lotu dituzten interpretazioak. Horien arabera, presidente ohia boteretik urruntzeko keinua izan da, bera delako alderdiko goi kargudunen artean liberalena eta Mendebaldeko herrialdeekin «harreman pragmatikoak» sustatzearen aldeko jarrera irmoen babesten duena. Nabarmendu dute Hu Xiri zuzendu zaiola aretoa utzi aurretik, eta presidente ohiak haren hurbilekotzat jotzen duen Liri ere zerbait esan diola segidan. Hu ondoezik zegoelako atera izanaren aukera ere aipatu dute beste hedabide askok.

Zailtasun ekonomikoak gainditzea izango da Xiren hirugarren agintaldiko lehen erronka handia. Urtearen bigarren hiruhilekoan, herrialdearen barne produktu gordinak hutsaren hurrengoko hazkundea izan du, eta hirugarren hiruhilekorako ere datu apalak espero dira. Estatistiken estatu institutuak datu horien argitaratzea atzeratu du.

Dena den, Txinak dituen oztopoek ez dute lortu Xiren agintea higatzea. Hazkunde ekonomikoa moteldu egin da, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko «kutsaturik gabeko estrategiak» nekea eragin du herritarrengan, eta Txina Mendebaldearekin geroz eta tentsio handiagoko harremanak dituzte, baina presidenteak estuago helduko dio gaurtik aurrera aginte makilari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.