Zelenskiren bisita eta Txinarekiko urruntzea ardatz G7aren goi bileran

Taldeak Pekini eskatu dio presio egin diezaiola Moskuri Ukrainatik erretiratzeko. Iragarri du Txinarekiko menpekotasuna apalduko duela arlo ekonomiko «kritikoetan», segurtasuna handitzeko

Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroa eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea, atzo, Hiroshiman, G7aren goi bileran. EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Errusiari zigorrak eta Txinari kritikak. G7 taldeak adierazpen bateratu bat kaleratu zuen atzo, Hiroshiman (Japonia) egiten ari den goi bileran —gaur amaituko da—. Taldea osatzen duten kideek—Alemaniak, Frantziak, Italiak, EB Europako Batasunak, Erresuma Batuak, AEBek, Kanadak eta Japoniak— Ukrainaren inbasioa salatu zuten beste behin, eta ohartarazi behar besteko ahalegina egingo dutela Kiev babesteko. Baina adierazpenean toki handiagoa hartu dute Txinarentzako mezuek. Batetik, eskatu diote presio egin diezaiola Moskuri, tropak Ukrainatik erretiratu ditzan. Bestetik, Txinari egozten dizkioten «merkatutik kanpoko» zenbait politika salatu dituzte; besteak beste, merkataritza arma politiko gisa erabiltzea. Iragarri dute harekiko dependentzia txikituko dutela ekonomiaren arlo estrategikoetan. Moskuk eta Pekinek G7ak esandakoak kritikatu dituzte.

Adierazpena plazaratu zuten egun berean, G7aren bilkurara batu zen Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea, herenegun Liga Arabiarrarekin bildu ostean. Zelenskik eskertu egin zuen G7ko herrialdeek Kiev babesteko asmoa berretsi izana, baita Ukrainako pilotuak trebatzeko konpromisoa hartu izana ere. Etxe Zuriak herenegun iragarri zuenez, pilotuak trebatu bitartean AEBek nazioarteko koalizio batean parte hartuko dute, aztertzeko Ukrainari puntako kazak noiz, nola eta nork eman.

Errusiak Mendebaldeko herrialdeei ohartarazi die gerrarako hegazkinak Ukrainara bidaltzeak «arrisku izugarria» eragingo duela. Errusiako Atzerri ministrorde Aleksander Gruxkoren esanetan, Mendebaldea tentsio «gorakada» bultzatzen ari da.

Baina G7koek adostu zuten testua Txinarentzat zen, nagusiki. Pekini dei egin zioten Moskuri presio egitera «tropak Ukrainatik erretiratu ditzan berehala» eta «baldintzarik jarri gabe». Halaber, «bake oso, justu eta iraunkor bat» babesteko eskatu zioten.

Eskeak ez dira Ukrainara mugatzen. Txina Ekialdeko itsasoan «justifikatu gabeko» subiranotasun aldarrikapenak baztertzea ere galdegin zioten Pekini, eta ohartarazi zioten ez dutela onartuko indarrez behatutako aldaketarik Taiwanen.

Arlo ekonomikoan, G7ak iragarri zuen Txinarekiko menpekotasuna apaltzeko neurriak hartuko dituela «kritikoak» diren produktuen hornikuntzan, baina neurri horien helburua ez dela izango Pekinen garapen ekonomikoari kalte egitea. «Interes globalaren aldekoa da Txinak nazioarteko arauen arabera jokatzea eta herrialdea haztea», G7koen esanetan.

Baina, hain zuzen, nazioarteko araudien kontrako zenbait portaera leporatu zizkioten Txinari. Esaterako, «teknologiaren transferentzia ez-zilegia eta datuen zabalkundea» eta «hertsapen ekonomikoa» bultzatzea. Azken puntu horri buruz, G7koek kezka adierazi zuten, arriskua dagoelakoan esportazio handiak dituzten herrialdeek indargune hori xede geopolitikoetarako «arma» gisa erabiltzeko.

Pekinek G7ari egotzi dio Txinarekin desadostasunak sustatzen aritzea. Haren esanetan, AEBak dira «hertsapen ekonomikoa» praktikatzen dutenak, eta Txina politika horien biktima nagusia.

Gerra Hotzeko pentsaera

Txinak Erresuma Batuan duen enbaxadaren ohar batek G7ari eskatu dio albo batera uzteko «Gerra Hotzeko pentsaera eta aurreiritzi ideologikoak», eta ez dezala «esku hartu beste herrialdeetako barne auzietan», Taiwani erreferentzia eginez.

G7aren erabakiak Txinari eta Errusiari «eusteko» helburua dute, Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavroven iritziz. Haren esanetan, Mendebaldea ohartu da mundu multipolar baterako aldaketa azkartzen ari dela, eta horregatik bultzatzen ditu halako neurriak. «Argiki adierazi dute beren helburua: Errusia gudu zelaian garaitzea, eta atzera ez egitea lehiakide geopolitiko gisa suntsitu arte».

Kremlineko diplomaziaburuak gaineratu du Moskuk hurbiltze politika bat lehenetsi duela orain gutxira arte Europari dagokionez, baina bide hori «agortuta» dagoela, eta Errusia «konfrontazio biziko fase batean» dagoela AEBekin, EBrekin eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.