Albistea entzun

Alaine Agirre eta Leire Vargas saritu dituzte Irun Hiria sarietan

Amatasunari lotutako hainbat tabu lantzen dituen 'Karena' izeneko eleberriagatik saritu dute Agirre. Gorpuztasuna du ardatz Leire Vargasek idatzitako 'Dena ametsa den irudipena' poema bildumak
<em>Karena</em> eleberriagatik jaso du Alaine Agirre idazleak Irun Hiriko Kutxa Literatura Saria.
Karena eleberriagatik jaso du Alaine Agirre idazleak Irun Hiriko Kutxa Literatura Saria. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2021eko irailak 12

«Askotan esan izan didate tabuak azaleratzeko idazten dudala, eta, kasu honetan, amatasuna hartu dut ardatz, apur bat betikoa egiteko, alfonbrak altxatzeko, eta isilpean dauden gai batzuei begiratu eta fokua hor jartzeko». Ama izan nahi duen Sara izeneko pertsonaiaren nondik norakoak kontatzen ditu Alaine Agirre idazleak (Bermeo, Bizkaia, 1990) Karena eleberrian, tartean, abortuek eragindako doluaz aritzeko, bikotekideen arteko guraso izateari buruzko negoziazioez, ugaltzeko zailtasunez eta ugalketa lagunduen prozesuez. «Egoera asko daude emakumeak ez-amatasunera eramaten dituztenak, nahi izanda ere». Eta lan horrekin lortu du 44. Irun Hiriko Kutxa Literatura Saria, euskarazko eleberrien atalean. Leire Vargasek (Durango, Bizkaia, 2002) jaso du euskarazko poesiari dagokion saria, bestetik, Dena ametsa den irudipena bildumagatik. 25.000 eta 15.000 euro jasoko dituzte idazleek, hurrenez hurren.

Odol mamituak (2014) eleberriarekin hasi zuen bere literatur ibilbidea Agirrek, eta beste sei nobela, narrazio liburu bat eta poema bilduma bat ere kaleratu ditu geroztik. Ibilbide hori guztia egina duela jaso du orain 44. Irun Hiriko Kutxa Literatura Saria. 25.000 euro eta garaikurra jasoko ditu horregatik.

Mina dago eleberrian, Agirrek dioenez. «Bizi esperientzia horietan ere mina dagoelako», azaldu du; «baina iruditzen zait minean ere edertasuna dagoela, eta nik uste dut, oraingoan, nire beste liburuetan baino argitasun gehiago dagoela». Liburuan kontatzen dituen gaiak orokorrean isil antzean joan ohi direla dio idazleak, eta min horiei «altaboza» jartzea da bere asmoa, azaldu duenez. «Emakumeen aurkako beste bortizkeria bat gehiago da isiltasun hori».

Helduarorako urratsean

Dena ametsa den irudipena deitu du bere poema bilduma Vargasek, eta, dioenez, azken hiru urteetan idatzitakoak dira bertan bildutako olerkiak. Aldizkarietan argitaratutako ale solte batzuk kenduta, aurrez ez du publikazio propiorik kaleratu, baina itzulpengintza ikaslea da, eta sarean daude irakurgai hark itzulitako Sally Rooney idazlearen Soldata jauna eta Raymond Carver idazlearen Bizikletak, giharrak, zigarretak narrazioak. Bertsolari ere aritzen da, baina, dioenez, literaturazaletasunetik heldu da alor horretara ere.

Gaztarotik helduarorako trantsizioan kokatzen du saritu duten lana idazleak. «Nobeletan coming of age erakoak dauden bezala, poesian». Ez zen hori bere hasierako asmoa, eta ez du kontzienteki bilatu, baina, distantziarekin begiratuta, hala ikusten du bilduma egun. Hiru zatitan antolatu du lana, eta, dioenez, «gorpuztasuna» da ardatz nagusietako bat. «Adin tarte honetan konturatzen gara horretaz, eta horrekin eduki ditudan gatazkak daude liburuan».

Fernando Pessoa poetaren Tabaqueria poema luzetik hartu du libururako titulua egileak. «Pasarte batean Pessoak esaten du erdibituta dagoela errealitatean bizi duenaren eta ametsa dela sentitzen duenaren artean, bere buruan bizi duenaren eta benetan gertatzen denaren artean, eta horri egindako erreferentzia bat da, ze nik izan ditudan elikadura arazoengatik, nire ingurua ikusi izan dut urrun dagoen zer edo zer balitz moduan, ametsak gogoratzen diren era horretara, apur bat lauso eta definitu barik».

Bost kidek osatu dute eleberriak saritzeko epaimahaia: Felipe Juaristik, Jon Martin Etxebestek, Jon Kortazarrek, Arantxa Urretabizkaiak eta Joxe Mari Iturraldek. Guztira, 25 proposamen jaso dituzte sariketarako, eta haien artean hautatu dute Agirrerena. Poesia bilduma hautatzeko epaimahaiak, berriz, 36 lan aztertu ditu, eta haien artean Vargasena izan da onena. Iñaki Aldekoak, Lourdes Otaegik eta Itxaro Bordak hartu dute erabakia, kasu horretan.

Inoizko parte hartzerik handiena izan dute Irun Hiria Kutxa Literatura sariek, antolatzaileek jakinarazi dutenez. 44. aldia izan dute aurtengoa, eta, guztira, euskarazko 61 lan jaso dituzte, eta 1.614 lan, berriz, gaztelerazko modalitateetan. Edonola ere, nagusiki, gaztelerazko modalitatean eman da antolatzaileek nabarmendu duten igoera, duela bi urte azken sariketa egin zutenean baino 1.103 lan gehiago jaso baitituzte aurten. Euskarazko modalitatean, ordea, 56 lan jaso zituzten 2019an, eta bost gehiago aurten.

Datu horiek jakinarazi dituzte antolatzaileek, eta, sariketaren historiari erreparatuz gero, badira datu esanguratsu gehiago. 1970etik hona antolatutako 44 aldietan, esaterako, 150 sari banatu dituzte guztira, bi modalitateak kontatuz eta kontuan harturik hainbat urtez epaimahaiak zenbait sari eman gabe utzi dituela. Bada, euskarazko bi modalitateetan emandako 69 sarituen artean, orotara, hamar dira saritutako emakumeak, aurten saritu berri dituzten Agirre eta Vargas ere kontuan hartuta, eta, gazteleraz ere, hautatutako 83 saridunen artean bederatzi dira andrazkoak.

Omenaldia Colinasi

Sarituen izenen berri emateko ekitaldian, bestetik, Antonio Colinas idazlea ere omendu dute. Sariketaren lehen aldian jaso zuen Irun Hiria saria, Truenos y flautas en un templo poesia lanari esker, eta, geroztik, 50 urtez, aldiro izan da sariketako epaimahaikide.

Gaztelerazko modalitateak ere bi sari izan ditu aurten. David Franco Montiel idazlearen Historia provincial de la infamia eleberriak jaso du bata, eta Pablo Luqueren Greenwich poema bildumak bestea. 25.000 eta 15.000 euro jasoko dituzte haiek ere, hurrenez hurren.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Eñaut Zubizarreta musikaria, atzo, Ahotsenea gunean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Bat, bi, bat, bi, hiru, lau

Iñigo Astiz

Murrizketekin ere, aurten Durangoko Azokako guneek berreskuratu egin dituzte beren programak, eta, murrizketak murrizketa, poza azaldu dute arduradunek, berriz ere jendeari aurrez aurreko saioak eskaini ahal izateagatik.

Ibai Aizpuruari beka emateko agerraldia. Ezker eskuin, Nerea Mujika, Ima Garrastatxu, Aizpurua eta Lorea Arakistain. ©Durangoko Azoka

‘Barraka’ euskarazko abentura bideo jokoak irabazi du Durangoko Azokako laugarren sormen beka

Ainhoa Sarasola

Ibai Aizpurua diseinatzaile eta programatzaile irundarrak eskuratu du 15.000 euroko laguntza, urtebeteko epean bere proiektua garatzeko. Heldu den urteko azokan aurkeztuko du emaitza.

 ©LARA MADINABEITIA / BERRIA

«Sortzailea hari honetan alderik makalena da, maiz zaintzen ez dena»

Andoni Imaz

Lagunak dira Morales eta Landabaso; biak Bilbotik etorri dira Durangora. Morales saltzera etorri zen lehenengoz, eta Landabaso, umea zela. Urte osoan erosten ez dituzten bitxikerien bila etortzen dira gaur egun.

Maia Iribarne eta Paxkal Irigoien musikariak eta <em>Bañolet</em> websailaren egileak, atzo, Durangoko 56. Azokan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Heldu bilakatzearen konkista

Itziar Ugarte Irizar

Maia Iribarnek eta Paxkal Irigoienek 'Bañolet' websailaren aurrerapena aurkeztu dute, iaz sormen beka irabazi ondotik. Bederatzi kantuko diskoa ere kaleratu dute: 'Bañolet kantuz'

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.