Albistea entzun

Usansolo, Bizkaiko 113. udalerria. Bozketa

Bizkaiko Batzar Nagusiek oniritzia eman diote Usansolo udalerri bilakatzeari

EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alde agertu dira. PSE-EEk kontrako botoa eman du, eta PPk abstentziora jo du. Eneko Anduezak iragarri du litekeena dela Espainiak helegitea jartzea Bizkaiko Batzar Nagusietako erabakiari
Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkura, atzo, Gernikako juntetxean.
Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkura, atzo, Gernikako juntetxean. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2022ko azaroak 24 - Gernika-Lumo

Bizkaiko Batzar Nagusiek onartu dute Usansolok egindako eskaera, Galdakaotik bereizi eta Bizkaiko 113. udalerria bilakatzeko. Hiru hamarkada luze iraun duen prozesuak jauzi garrantzitsu bat eman du. Datozen asteetan, Usansolo udalerri bilakatzeko urratsei ekingo diete Bizkaiko Foru Aldundiak eta Galdakaoko Udalak, baina oraindik litekeena da azken oztopo bat gainditu behar izatea, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak adierazi baitu Espainiako estatuak seguru asko helegitea jarriko duela Batzar Nagusiek hartutako erabakiaren kontra.

Ikusi gehiago: «Erronkari heltzeko gogotsu gaude, eta ikasteko gogoz ere bai»

Osoko bilkuran zeuden 49 batzarkideetatik 39k eman dute usansoloztarren eskaeraren aldeko botoa, hots, EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek. PPk abstentziora jo du, eta PSE-EEren batzarkideek kontrako botoa eman dute. Usansolotik etorritako herritar ugari zeuden Gernikako juntetxean, bozketari adi. Galdakaoko alkate Iñigo Hernando ere bazegoen entzuleen artean.

Botoa azaltzeko hitzaldietan, PPren ordezkari Eduardo Andradek zoriondu egin ditu Usansoloko herritarrak, eta urte hauetan guztietan erakutsitako «adorea eta determinazioa» goraipatu du. Herritarren nahia «errespetatu» egiten duela esan du, baina azaldu du «alde handia» dagoela Espainiako eta Bizkaiko arauen artean, udalerri izan nahi duen herri batek bete beharreko baldintzei dagokienez, eta horregatik abstenitu egin direla.

Ikusi gehiago: Gainezka egin du emozioak

Izan ere, hori da hemendik aurrerako prozesuak duen koska nagusia. Bizkaiko foru arauak baldintza batzuk ezartzen ditu: besteak beste, bideragarritasun ekonomikoa bermatzea, eta udalerri berriak gutxienez 2.500 biztanle izatea. Toki Araubideen Oinarrien Espainiako Legearen arabera, aldiz, 5.000 biztanlekoa da gainditu beharreko langa udalerri bilakatu ahal izateko. Azken erroldaren arabera, Usansolok 4.520 biztanle ditu.

«Eskumenen defentsan»

Proposamena Batzar Nagusietara eramateko arrazoiak azaldu dituenean, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu Elixabete Etxanobe jeltzaleak esan du horrekin usansoloztarren borondateari bide eman nahi izan diotela, baina, era berean, «eskumen propioen defentsan» ere aritu direla. Etxanoberen ustez, ez dago inolako dudarik auzi honetan Bizkaiko erakundeei dagokiela erabakia hartzea.

Baina PSE-EEk ez du auzia berdin ikusten. Juan Otermin bozeramaile sozialistaren ustez, Usansoloren desanexioa «legez kanpokoa» da, haren iritziz Espainiako legeria Bizkaikoaren gainetik dagoelako: «Guk Usansoloko herritarren borondatea errespetatzen dugu, baina legea ere bai», azaldu du; «orain desanexioari bide ematea frustrazio iturri izan daiteke etorkizunean». Argi utzi nahi izan du Espainiako erakundeek ebazpenari helegitea jartzea erabakitzen badu, hura ez dela «sozialisten erantzukizuna» izango.

Bozketa amaitu berritan iritsi da PSE-EEren idazkari Eneko Anduezaren adierazpenen berri. Radio Euskadiri emandako elkarrizketa batean esan du litekeena dela Espainiak helegitea jartzea, «legea betetzen dela bermatzeko». Hala balitz, orain arte auzi administratibo hutsa izan dena autogobernuaren inguruko eztabaida bilaka liteke etorkizunean.

EH Bilduko Bea Ilardiak eta Elkarrekin Podemoseko Eneritz Madariagak ere Usansoloko herritarrak zoriondu dituzte, eta biek ala biek nabarmendu dute haien ustez EAJk gai honetan egin duen «ziaboga». Ilardiak gogorarazi du duela hiru urte Galdakaoko udal gobernuan aldaketa gauzatu izanak ahalbidetu duela prozesua azken bururaino eramatea: «EH Bilduko alkate Iñigo Hernandok esan zuen usansoloztarren erabakia errespetatuko zuela, eta hitza bete du».

EAJren eledun Jesus Lekerikabeaskoak ez du eztabaida horretan sartu nahi izan: «Ez da dominak jartzeko garaia», esan du. Berretsi du bere ustez Bizkaiko araua dela auzia ebazteko aintzat hartu beharrekoa.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

<b>Foru Hobekuntzaren 40. urteurrena ospatu zen atzo Senatuan.</b> ©J.C. HIDALGO / EFE

Txibitek Foru Hobekuntza goraipatu du, «batasun konstituzionalaren barnean»

Joxerra Senar

Senatuan egin da Nafarroako estatutuaren urteurreneko ekitaldi nagusia. Hitzeman du «lehenbailehen» egingo dutela ituna trafiko eskumenari buruz

EH Bilduko Maddalen Iriarte eta Nerea Kortajarena aurrekontuei buruzko agerraldi batean. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Oposizio talde adina osoko zuzenketa Jaurlaritzaren aurrekontuei

Xabier Martin

Osoko zuzenketez gain, 711 zuzenketa partzial aurkeztu dituzte EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PP+C’s-ek, 1.433 milioi euroko balioarekin.

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldunduko Ingurumen diputatua eta Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusia. ©Gorka Rubio / FOKU

Millanen jarrera «desegokia» izan zen, Asensioren ustez

Berria

Gipuzkoako Kultura diputatuak dimisioa eman du, agintearen aurkako atentatua egitea egotzita

Senatuan egindako ekitaldian parte hartu dutenak ©JUAN CARLOS HIDALGO / efe

Txibitek Foru Hobekuntza goraipatu du «batasun konstituzionalaren baitan»

Joxerra Senar

Autogobernua pribilegioa dela aldarrikatzen dutenen aurrean, «pedagogia egin behar» dela aldarrikatu du Madrilen Nafarroako Gobernuko lehendakariak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.