Albistea entzun

Usansolo, Bizkaiko 113. udalerria. Bozketa. Monika Mena. Usansolo Herria-ko eleduna

«Erronkari heltzeko gogotsu gaude, eta ikasteko gogoz ere bai»

MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2022ko azaroak 24

«Oso pozik egoteko eguna» izan zen atzokoa Usansolo Herria plataformako kideentzat. «Emozioak pil-pilean daude. Negar pila bat egin dugu, besarkada handiak egon dira», adierazi zion BERRIAri Monika Mena (Bilbo, 1980) plataformako bozeramaileak, Bizkaiko Batzar Nagusiek Usansolo Bizkaiko 113. udalerri izendatu berritan. «Amestutakoa baino politagoa izan da».

Ez da erraza izan honaino iristeko bidea. 1987an egin zenuten lehen galdeketa, eta ordutik gorabeheratsua izan da bidea.

Ez da erraza izan, ez. 40 urte luze izan dira, oztopoz beterikoak. Oztoporik handiena borondate politiko falta izan da. Argi ikusi da, ordea, Galdakaoko gobernuaren aldaketak posible egin duela legealdi honetan; eta, gaurkoan, bozkatu da. Pozarren gaude, nahiz eta bidea erraza ez izan.

Zer esan nahi du batzar nagusiek hartutako erabakiak?

Lortu dugula gure helburua. Usansolo Bizkaiko 113. udalerria bihurtu da. Bihurtu gara. Bidearen amaierako azken pausoa izan da. Orain irrikan gaude erronka berriei heltzeko eta gure udalerria kudeatzeko.

Zer urrats egin beharko dituzue bide horretan?

Foru arauak adierazten duen bezala, orain Bizkaiko Foru Aldundiak kudeaketa batzordea osatu beharko luke. Horren funtzioa udal baten funtzioa litzateke, hurrengo hauteskundeetara bitarte. 11 lagunez osatuta egongo litzateke, azken udal hauteskundeetako emaitzen arabera. Beraz, Usansolo Herriak zortzi izango lituzke, EAJk bi eta EH Bilduk bat. Horiek zinegotzien lana egingo lukete, udal baten moduan. Euren artean lehen alkatea izendatuko dute.

Prest zaudete prozesu horri erantzuteko?

Erronkari heltzeko gogotsu gaude, eta ikasteko gogoz ere bai. Hor izango ditugu bidelagun izandako bolibartarrak eta iurretarrak; irakasteko zelan egin behar dugun, zer pauso eman behar ditugun. Gaurkoan, baina, gozatzea tokatzen zaigu.

Helburua da martxan jartzea eta gure erabakiak hartzen hastea: sorpresa barik kudeaketa batzordea izendatzea, eta alderdiak udal hauteskundeetara aurkeztea. Eta guk betidanik izan dugun ametsa lortuta amaitzea.

PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak uste du Espainiako Gobernuak ez duela prozesua babestuko. Zer erantzun espero duzue Madrildik?

Ez dugu espero erabaki politiko hau errespetatuko ez denik. Ez genuke ondo ikusiko. Badakigu eszenatoki posible bat dela, egon daitekeela inpugnazio edo erregistroaren gelditze bat. Baina, horrek ez gaitu geldituko. Hori ere egia da.

Zer-nolako oztopoak jar ditzateketela uste duzue?

Inpugnazio bat egongo balitz ere, ebazpen judiziala heldu orduko guk jada 5.000 biztanle izango genituzke. Beraz, ez du zentzurik atzera-bueltarik ez duena atzeratzeak. Usansolo udalerri izango da. Betirako izango gara gu geu. Gainera, kudeaketa batzordea martxan egon beharko litzateke ebazpen juridiko hori iritsi arte. Eta zer esango diote orduan usansolotarrei? Ez dutela hurrengo udal hauteskundeetan bozkatzeko eskubiderik izango? Maiatzean dira. Ez luke logikarik izango. Beraz, espero dugu gure foru arauak errespetatzea. Gure erabakia eta gaur baiezkoa bozkatu duten guztien erabakia errespetatzea. Beraz, estrategia politiko batengatik ez balitz, ez genuke ulertuko halako erabaki bat hartzea. Guztien kontra doa.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Hainbat gaztek biribilgune bat moztu dute Bergaran (Gipuzkoa), eta garraio publiko

Ernaik gazteen bizitza «duintzeko» eskatu du, zortzi ekintza deszentralizatu eginda

Berria

Besteak beste, EHUren Leioako campuseko errektoretza «blokeatu» eta Bergarako San Prudentzio auzoko biribilgunea moztu du gazte antolakundeak.

Azaroaren 11n Urruñan agertu zen pankarta ©Henri Levrero

Filipe Aramendik ez du salaketarik jarriko azaroaren 11ko pankartagatik

Ekhi Erremundegi Beloki

Lehen Mundu Gerlako oroitzarren harira Frantziak erailak zioen pankarta «iraingarritzat» jo zuen Urruñako auzapezak, eta soldaduak «askatasunaren defentsan» hil zirela erran zuen. Bere adierazpenekin desados agertu zen EH Bai.

 ©Isabelle Miquelestorena

Euskal kulturaren «pizkundearen sortzailetzat» jo dute Abeberri

Ainize Madariaga

Euskal Dantzarien Biltzarreko presidente izan zen. Abeberrik dantza profesionalizatzearen alde eginiko lana nabarmendu du Filgi Claveriek
Donostiako Dbuseko autobus bat. ©GORKA RUBIO / FOKU

Mugiren deskontuaren luzapenak talka eragin du erakundeen artean

Xabier Martin

Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri du 2023an ere egungo deskontuari eutsiko diola, baina neurri hori nork ordainduko duen ez dago argi.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...