Euskaltzaindiaren mendeurrena. Elkarrizketa. Andres Urrutia. Euskaltzainburua

«Egokitzapena egin behar du akademiak»

Euskaltzaindia «gero eta sozialagoa eta integratuagoa» izatea du helburutzat Urrutia euskaltzainburuak. Haren arabera, mendeurrenak balio izan du oinarriak berritzeko.
GORKA RUBIO / FOKU

Garikoitz Goikoetxea -

2019ko urriak 6
Ospakizun giroko urtea izan da Euskaltzaindian: iazko urrian hasi zituzten ekitaldiak, Arantzazun, 1968ko biltzarraren urteurrena gogoratuz, eta atzo amaitu zituzten, akademia martxan jarri zuteneko mendeurrenarekin bat. Ospakizunetatik harago, hala ere, hurrengo urteetako Euskaltzaindiaren «oinarriak» finkatu dituzte. Hala nabarmendu du Andres Urrutia euskaltzainburuak (Bilbo, 1954). Azken urteetako aldaketa bidean sakondu nahi du.

Mendeurrena luze ospatu duzue, urtebetez. Zer moduz joan da?

Ondo. Hiru motatako jardunaldiak egin ditugu: akademikoak, ekitaldi instituzionalak eta artistiko-kulturalak. Euskal Herri osoa hartzen dugu gure zereginetan, eta horren testigantza eman dugu. Dena den, gure helburua ez zen handi-mandi ibiltzea, ezpada oinarri berri batzuk ezartzea: hurrengo hamar-hogei urteetako Euskaltzaindia marrazten hastea.

Balio izan du Euskaltzaindiari ikusgarritasuna emateko?

Ez ikusgarritasuna huts-hutsean, ezpada atzean baduela lan serios akademiko bat. Eta gizarte lan bat: akademia txertaturik dagoela gizartean, hari zor diola lana. Izena izatea ondo dago, baina eguneroko lanean oinarritu behar da.

Alde horretatik, badaukazu kezka gizarteak Euskaltzaindiari buruz daukan irudiagatik?

Sortu zenetik izan du kezka Euskaltzaindiak. Akademia huts bat izateak ez du logikarik, gizartean txertaturik ez baldin badago. Hor lan egin behar du. Beharbada, orain, zorionez euskararen esparrua zabaldu den neurrian, akademiak egin behar du egokitzapena, eguneratzea. Eta egiten ari da.

Egokitzapena zertan, zehazki?

Batetik, ingurune digitalean: eragile izan behar du. Bestetik, nazioarteko ikuspegian: euskararen ikuspegitik lan egiten dugu, baina nazioarteko ikuspegia ere behar da. Hirugarrenik, profesionaltasuna: kudeaketa prozesuak gero eta profesionalagoak izan behar dira; garai batean borondatezko pertsona batzuek lan egiten zuten —lan gogoangarria—, baina, horretaz aparte, profesionalizatzera joan behar da, eta ari gara. Eta laugarrenik, gizarteratzea: jendartean kokatzea Euskaltzaindia. Beraz, lan akademikoa eta soziala.

Gizartean zeresana jartzen duen gai bat bada: pertsona izenena. Aurten aldaketa bat egin duzue, eta bi sexuentzat balio duten izenen zerrenda sortu. Zergatik aldaketa orain, eta ez lehenago?

Gizartea aldatzen doan eran, Euskaltzaindiak ere bere burua aldatu behar du, premia baldin badago. Akademiari buruz beti egon da halako aurreiritzi bat: beti gauzak aldatzen ari dela. Ez: akademia ez da inor gauzak aldatzeko, gizarteak berak aldatzen ditu, premia berriak dituelako. Izenen kasuan, badirudi gaur egun izen epizenoen aldeko joera badagoela, jendartearen sentsibilitatea aldatu delako, eta horri kasu egin behar zaio euskararen ikuspegitik.

Mendeurreneko mugarri bat Arantzazuko ekitaldia izan zen, iazko urrikoa: euskara batuaren 50. urteurrena. Adierazpen bat egin zenuten, eta kezka kutsua du, belaunaldi berriek euskara batuari buruz duten irudiagatik.

Jakina. Asko kostata egin zen batuketa prozesua; estandarizazioak aurrera egin du, eta horri esker posible izan da hizkuntza jaso bat izatea. Orain, batez ere belaunaldi berrien aldetik, prozesu hori jakinekotzat ematen da, eta bestelako prozesuetan hasi gara; esate baterako, ortografia urratzen. Ni ez naiz ortografiaren polizia, baina bakoitzak bere txokoan txokoko formak erabilita maila jasoan, horrek ez garamatza inora. Gure kezka hori da: belaunaldi berriei transmititzea zer izan den prozesu hori. Eta esatea: «Zuen txokoko hizkera erabil dezakezue komunikazio informaletan, baina hizkuntza jaso bat nahi badugu, guztiok behar dugu konbentzio bat». Akordio hori orain dela 50 urte egin zen. Ukiezina da? Ez. Guztion artean eguneratu behar dugu, egunero. Guztiok dakigu hizkuntzaren barruan erregistro desberdinak daudela, eta jakin behar dugu horiek bereizten.

Huts bat egon da transmisioan?

Euskara batuaren errelatoa transmititu al zaie belaunaldi berriei? Bai, baina hobeto transmiti daiteke. Euskaltzaindiak erakargarri bihurtu behar du errelato hori, eta ez du beste biderik belaunaldi berriek erabiltzen dituzten espresabideak erabiltzea baino. Esate baterako, webgune berriztatu bat aurkeztu genuen orain urtebete. Webgune erakargarri eta erabilgarri bat ez badaukazu, jai daukazu. Horrek ez du kentzen Euskaltzaindiak lan egin behar ez duenik euskararen teknikarientzat. Baina herri xehea ere hor dago.

Arantzazuko biltzarrean Euskara Batuaren Eskuliburua aurkeztu zenuten. Mendeurreneko herentzia nagusia hori izango da?

Ez dakit. Nahiko nuke erabilia izan dadin. Euskaltzaindiak batasunaren prozesuan egin izan dituenen eta egin izan ez dituenen konstantzia da, modu didaktikoan emanda. Jendeari zera esan behar diogu: «Hemen daukazu elementu erabilgarri bat, zalantzak badituzu». Batek ez du bestea kentzen: horrelako lanek ez diote inondik ere akademikotasuna kentzen Euskaltzaindiari. Are gehiago: beste ikuspegi bat ematen diote gizartearen aurrean.

Norbaiti entzun diozu hori, akademikotasuna kentzen diola?

Ez. Nik esaten dizut, baten batek esan dezakeelako: «Orain zer egin behar du akademiak, lan didaktikoak?». Ez. Akademiak jarraitu behar du bere lanekin, baina jarraitu behar du egiten dituen hainbat gauza era erakargarrian ematen, jendeak eskatzen baitu Euskaltzaindiaren arauak, irizpenak eta gomendioak gizarteratzea.

50 urte Arantzazuko biltzarretik. Araugintzan, hizkuntzaren corpusean, zer falta da egiteko?

Badira gauza batzuk. Bat: ortotipografia. Onomastikaren eta toponimiaren ikuspegitik ere baditugu gauza batzuk. Hiztegigintza ez da bukatzen. Morfojoskeran ere badira definitu beharrekoak.

Eta ahoskeran sartuko zarete?

Beharbada, hori da guretzat gairik delikatuena. Hor falta da aurrelan bat: zin-zinezko lana egin beharko litzateke.

Jagon Sailak hartuko du Iker Sailak baino pisu handiagoa datozen urteetan, orain ez bezala?

Ez dut uste. Jagon Sailak badu pisua. Gerra ostean beharrezkoa izan zen Euskaltzaindiaren guardasola hainbat ekimenetan. Gero erkidegoak sortu ziren, euskara ofiziala zenbait lekutan... Egoera bat sortu zen Euskaltzaindian: zer egin Jagon Sailean? Bide berri bat asmatu zen: Euskaltzaindia eta beste eragile batzuk ari dira, eta lan egin dezagun guztion artean, modurik orekatuenean, sentsibilitate guztiak bilduta. Ari gara. Lan egiteko moduak ere bereizi behar dira: elkarrekikotasunetik planteatu behar da, ez menpekotasunetik. Euskaltzaindiak ez du alderdi politiko baten segidismoa: guztiontzako gune izan daitekeena sustatuko du. Eta, jakina, hutsuneak nabaritzen badira, agerpena egin dagokion agintariari. Hortik aurrera, oso mugatua da Euskaltzaindiaren lana: foro baten antzera lan egin behar dugu, eta ondorioak eman dagokion agintariari.

Elkarrekikotasuna aipatu duzu. Badirudi pausoak izan direla...

Bai. Guztiok konturatu gara bakoitza bere aldetik ibiltzea ez dela aberasgarria. Guztiz kontrakoa. Zorionez, euskalgintzaren esparrua asko zabaldu da, baina oraindik txikia da demografiaren eta presentzia sozialaren ikuspegitik. Errespetuz eta elkarrekikotasunez lan egiten bada lan, etorriko dira emaitzak. Eta etorri dira: Euskaraldia guztiz garrantzitsua izan da.

Zer rol izan zenuen?

Zalantzak izan nituen. Umil hasi nintzen, belarriprest. Ahobizi izatea bigarrenerako utzi dut.

Barne indarrez nola dago Euskaltzaindia?

Norabide markatua du, eta modus operandi bat. Gaur egun, lan egiteko modua da hilean behin osoko bilkura biltzea? Gauza batzuetarako bai, baina eguneroko lanean talde profesionalak eratu behar dira. Aspaldi antolatuak dauzkagu egitasmoak eta lantaldeak, eta horiek ekarri dituzte emaitzarik nabarmenenak azken urteetan.

2013an dimisioa eman zuen Gramatika Batzordeak. Egin zenuten adostasun bat, eta lanean segitu dute. Itxita daude zauriak, edo hor daude?

Guk lanean jarraitzen dugu. Ordu hartako emaitzak etorri dira: gramatikaren proposamena eta Euskara Batuaren Eskuliburua. Hortik aurrera... Begira: euskaltzain izatea ez da nahitaezkoa, borondatezkoa da. Bakoitzak bere erantzukizunak hartzen ditu, eta horren arabera jokatzen du. Lanean ari gara. 27 gara momentu honetan; 27 iritzi. Euskaltzaindia aniztasun horretan oinarrituta dago.

Batzordeak orain hiru hilabete aurkeztu zuen gramatika proposamen bat. Zer bide izango du?

Ez dute erabat bukatu, oharrak-eta egiten ari dira. Ikusiko dugu osoko bilkuran zer-nolako bidea egiten duen, segun eta nolako testua ekartzen den. Dena den, aurreratuko nuke hurrengo urteetan, ez bakarrik gramatikan, mendeurrenean jarri dugun oinarri horretan beste gauza batzuk egiteko moduan egongo garela.

Euskaltzaindia berritzea, gaztetzea jarri zenuen helburu kargua hartzean, 2004an. Orduan baino bi urte zaharragoa da osoko bilkurako batez besteko adina...

Ez da erraza. Lehen neurria izan zen emerituak izendatzea [75 urtetik gorakoak], eta jende berria sartzea. Berritzea... Pentsatzen badugu euskaltzain oso izateko aski dela 20 urte izatea, ez. Eskarmentua eskatzen da, ibilbidea.

Gaztetu egin behar dela esatean, beste norabide batetik noa: euskaltzain urgazle ugari dira. Ez dakigu non dauden: batzuek, bai, lan egiten dute gurekin, baina hainbat daude Euskaltzaindiaren arduretatik kanpo. Beharrezkoa da integratzea. Esango nuke urgazleak zokoratuak izan zirela une jakin batean, eta hori berreskuratu egin behar dugu. Hori zor handia da niretzat: formula bat asmatzea haiek erakartzeko. Estandarizazio prozesuak ezin daitezke egin 27 pertsonaren artean: zabalago jokatu behar da, dabilen jendearekin hitz egin, eta horretarako ez da beharrezkoa euskaltzain oso izatea. Gaztetzearen inguruan badaude bestelako faktore batzuk ere: lurralde oreka, Iker Saileko lana eta Jagon Sailekoa... Azken urteetan, urgazleak izendatzean beti izan dugu lurraldearen eta adinaren ikuspegia.

Eta generoarena?

Baita ere.

Emakumeak gutxiengo oso nabarmena dira bai euskaltzain osoetan, bai urgazleetan, bai ohorezkoetan.

Ohorezkoetan adinaren eta gizartearen kontua da; ez da erraza jendea aurkitzea. Urgazleetan garai batetik gatoz, eta azken lau-bost urteetan esango nuke batez beste ibili garela. Osoetan zailagoa da. Baina gero eta nabarmenago da: hautagaien artean ere genero desberdineko pertsonak daude, eta normaltasun osoz dira hautatuak. Nik ez dut kuotetan sinesten. Ibilbide bat behar da. Gero eta nabarmenagoa da emakumeen presentzia. Gauza bat esango dizut: kopuruari begiratu gabe, erantzukizunetan eta arduretan gaur egun emakumeen zereginak oso garrantzitsuak dira.

Zuzendaritzan emakume bakarra dago.

Oraingoz.

Zuk zeuk hamalau urte daramatzazu euskaltzainburu. 2020ra arte hautatu zintuzten 2016an. Zer asmo daukazu?

Oraindik ez dakit. Segun. Programa bat baldin badago, jendea prest baldin badago, kemena baldin badago, animatzeko modukoa izan daiteke. Holakorik ez baldin badago, hobe ez animatzea. Ez daukat erabakita. Datorren urtean ikusiko dugu. Gauza bat argi daukat: oinarri batzuk jarri dira mendeurrenaren bitartez, eta ez dira alferrekoak izango, Euskaltzaindia gero eta sozialagoa, integratuagoa eta harreman sendoagoak dituena izan dadin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna