Emakumeen minari sorgor

Genero ikuspegiak minaren diagnostikoan eta tratamenduan duen garrantzia aztertu dute mahai inguru batean. Medikuntzan «ikuspegi androzentrikoa» nagusi dela salatu dute.

Mina eta generoa izeneko jardunaldiaren lehen mahai ingurua, atzo, Gasteizko Europa jauregian. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2022ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
«Ikuspegi androzentrikoa du medikuntzak, hala ikerketa eta saio klinikoetan nola osasun arretan. Eta minaren inguruan ari garenean ere, genero arrakala nagusi da». Elisa Gallach psikologoaren hitzek ongi laburbiltzen dute osasunak, eta zehazki minaren diagnostikoak eta tratamenduak, genero ikuspegitik dituen gabeziak.«Konponbideak genero ikuspegitik baino ez dira etorriko, emakumeen eta gizonen mina modu desberdinean diagnostikatzetik eta prebenitzetik».

Minari betaurreko moreekin begiratzeko beharraz jardun zuten atzo Gasteizen, Mina eta generoa lelopean Osakidetzak antolatutako jardunaldietan. Mina eta generoa, biak elkarri lotuta daudelako, banaezinak direlako, baina zientziak oso gutxitan lotzen dituelako. Gabezia hori osasunaren esparru guztietan hautematen dela azaldu zuten goizeko mahai inguruan. Amaia Saenz de Ormijana Arabako ESIko erizain laguntzaileak gidatuta, mahaiaren bueltan solasean izan zirenElisa Gallach Valentziako La Fe ospitaleko psikologoa (Herrialde Katalanak), Mari Mar Garcia Andaluziako Osasun Publikoko ikertzailea (Espainia), Maite San Saturnino pazienteen erakundeetako plataformako bozeramailea eta Manuela Monleon Madrilgo erizaina (Espainia). Ikuspegi askotatik aztertu zuten egoera: ikerketatik, psikologiatik, pazientearen ikuspegitik eta erizainen jardunetik. Eta ondorio berbera nabarmendu zuten: gizonen gaixotasunak aztertuz eratu da medikuntza, eta, ondorioz, ikusezin bilakatu da emakumeen osasuna eta mina: «Ez dira ikertu haien sintomak, arrisku faktoreak eta eritasunen bilakaera».

Gaia testuinguruan kokatzeko, galdera batekin abiatu zuen solasaldia Garciak: «Zergatik begiratu behar diogu osasunari genero ikuspegitik? Generoak goitik behera zeharkatzen duelako osasuna». Haren ustez, generoa osasunaren «aldagai soziala» da, baina ez da ia inoiz aintzat hartzen. «Gizonezkoen begiradarekin aztertzen da osasuna, eta emakumeak ikusezin bilakatzen gara arretan, tratamenduan eta ikerketan».

Ikerketa medikuei erreparatuta, salatu zuen ez direla aintzat hartzen sexuen artean dauden diferentzia genetikoak eta fisiologikoak, eta «bazterrean» uzten direla sendagaiek emakumeengan eta gizonengan izan ditzaketen eragin desberdinak ere: «Oraindik, gizonak jartzen dira erdigunean, haiek dira ikerketetako buruak, eta haien neurrira diseinatuta daude tratamenduak. Osasun ikerketak itsuak dira generoarekin».

Mina da horren adibide. Oro har, emakumeek gizonek baino gehiagotan izaten dute mina, «sakonagoa» da, eta gehiago irauten du, baina, hala ere, ematen zaien tratamendua «eskasagoa» da. Edo desegokiagoa. Gallach: «Min kronikoa duten emakumeen bizi kalitatea okerragoa da: tratamendua beranduago hasten dute, eta askotan osasun mentaleko zerbitzuetara bideratuak izaten dira».

Gallachek azaldu zuenez, ikerketa askok egiaztatu dute emakumeek opioideekiko tolerantziaokerragoa dutela, baina errealitateak erakusten du opioide eta psikofarmako gehiago agintzen zaizkiela emakumeei gizonezkoei baino. Horrekin loturik daude End Women's Pain erakundeak 2012an egindako txostenaren ondorioak: lan horren arabera, emakumeak gizonak baino askoz ere maizago bideratzen dira espezialista psikiatrikoetara. «Osasun artan aldagai biologikoek eta psikologikoek berebiziko garrantzia izanagatik ere, emakumeen kasuan oinazea botiken bidez artatzen da», ohartarazi zuen Gallachek. Kontsultetan ikusten dituen kasuek ematen dute neurria: «Bularreko herstura eta arnasa hartzeko zailtasunak ditu pazienteak. Gizonezkoari elektrokardiograma bat egingo diote, eta emakumezkoari, berriz, antsiolitikoak hartzeko agindu».

Lanerako ezintasuna

Desgaitasunen bat duten emakumeen osasunean ere agerikoa da genero arrakala, San Saturninok nabarmendu zuenez. Adibide ugari jarri zituen. Besteak beste, diagnostikoa lortzeko epean sumatzen dela emakumeen eta gizonen arteko aldea: «Gizon bati, batez beste, bi eta hiru urte arteko epean ematen zaio diagnostikoa. Emakume bati, berriz, sei urteko epean». Datu horren atzean dauden arrazoiak asko direla azaldu zuen San Saturninok: «Emakumezkoek gizonezkoek baino beranduago jotzen dute osasun zerbitzuetara, eta, gero, ez dituzte behar bezala artatzen». Eta ondorioak arlo askotan sumatzen dira. Ekonomian, adibidez: «Min kronikoa duten emakumeen ia %40k lan egiten dute, eta gizonezkoen kasuan, %30ek. Zergatik? Bada, andrazkook nekezago dugulako lanerako ezintasuna lortzea».

Eta pazienteak artatzen dituzten erizainengan ba al du eraginik genero aldagaiak? Monleonen iritziz, bai, «guztiz», gainera. «Emakumezko erizainek, eta oro har emakumezko medikuek, gaixoaren mina maizago eta modu integralagoan neurtzen dute. Gizonezkoek, ordea, opioide gehiago errezetatzen dituzte».

Ondorio nagusi batera iritsi zen Monleon: «Emakumeok eta gizonek arreta ona jasotzeko eskubide berbera dugu, baina ez dugu arreta berbera jaso behar». Egoera iraultzeko bidea formaziotik etorriko dela azpimarratu zuten lau adituek: «Genero ikuspegia txertatzea ez da moda kontua, lan egiteko era bat baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.