Neska laguna eta alaba hiltzea egotzita, gizonezko bat atxilotu dute

Abantoko etxe batean atzeman dituzte ama-alaben gorpuak, indarkeria zantzuekin. Portugaleten atxilotu du Ertzaintzak gizona. Protestara deitu du Abantoko Udalak

Neska laguna eta alaba hiltzea egotzita, gizonezko bat atxilotu dute.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Bi emakumeren hilketa egotzita, gizonezko bat atxilotu dute Portugaleten (Bizkaia). Emakume horietako baten mutil laguna eta bertzearen aita zen atxiloturiko 60 urte inguruko gizonezkoa, eta emaztea eta alaba hiltzea egotzita atxilotu zuen atzo Ertzaintzak, 16:30ean.

Bi emakumeen gorpuak Abantoko (Bizkaia) etxe batean atzeman zituzten atzo, indarkeria zantzuekin. 14:00etan eman zuen abisua Ertzaintzak, eta bi ordu eta erdiz aritu ziren hilketak egotzi dizkioten gizonezkoaren atzetik, hura atxilotzeko. Komunikabide batzuek jakinarazi dutenez, gizonezkoak hilketak egin izana onartu zien eguerdian taberna bateko zerbitzariari eta hainbat senideri. Haiek ohartarazi zuten Ertzaintza.

Santurtzin haren bila ibili ondotik, Portugaleteko trasteleku batean atzeman zuten gizonezkoa. Ertzaintzaren arabera, pastilla batzuk hartuta zegoen, «ia korderik gabe», eta erietxe batera eraman zuten. Hipotesien arabera, bere buruaz bertze egiten saiatua zen gizona.

Hildako emakumeek 54 eta 24 urte zituzten, eta gorpu atzeman zituzten etxean bizi ziren, gizonarekin batera.

«Gaitzespen irmoa»

Atzo arratsaldeanelkarretaratzea egin zuten Abantoko Pilar Abin plazan 300 lagun inguruk, mugimendu feministak deituta, eta gaur ere kalera aterako dira, Abanto-Zirebenako Udalak elkarretaratzera deitu baitu: 19:00etan, udaletxearen aurrean.

Emakundek «gaitzespen irmoa» erakutsi du hilketen aurrean, eta «doluminak eta babesa» erakutsi dizkie senideei. Protesta egiteko deia egin du, halaber: «Herritarrak animatzen ditugu emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurrean gaitzespena adieraztera, eta proaktiboak izatera emakumeenganako edozein jokabide iraingarriren aurrean». Emakundek gogorarazi du indarkeria matxista «arazo estrukturala eta dimentsio anitzekoa» dela: «Gure gizartean emakumeen eta gizonen artean dagoen desberdintasunaren sinbolorik basatiena». Emakunderen hitzetan, «herritar guztien inplikazioaren eta berdintasunezko gizartea eraikitzeko beharrezkoa den balio aldaketaren bidez baino ez da lortuko emakumeen aurkako indarkeria amaitzea». Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak jakinarazi du Abantoko Udalak deituriko elkarretaratzean parte hartuko duela.

Eudelek ere «gaitzespen irmoa» erakutsi du hilketekiko, eta adierazi du «giza eskubideen urraketa larria eta onartezina» dela emakumeen aurkako indarkeria. Hark ere azpimarratu du gizartearen erantzukizuna beharrezkoa dela indarkeria matxista bukatzeko: «Gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu». Udalak deituko duen elkarretaratzearekin zein «antola litezkeen gaitzespen ekintza guztiekin» bat egin du Euskal Udalen Elkarteak ere.

Arartekoak ere gaitzetsi ditu hilketak, eta emakume eta gizonen «berdintasunean»eta matxismoaren aurka egitean jarri du arreta hark ere: «Gertatu den tragediak aurrez aurre jartzen digu erakundeok eta euskal gizarte osoak dugun erantzukizun izugarria, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna benetakoa izan dadin lortzeko ahaleginean amore eman ez dezagun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.