Ehunka herritarrek Ertzaintzaren jokabidea arbuiatu dute Donostian

Manifestazio bat egin dute 'Errepresiorik ez' lelopean, Parte Zaharra Aske taldeak deituta

Manifestazio burua, Donostiako Bulebarra zeharkatzen. IRUTXULOKO HITZA.
jon olano
2021eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Donostian ez zen Aste Nagusirik ospatu hala zegokion astean, abuztuaren 14tik 22ra bitartean, baina Ertzaintzak 40 pertsona atxilotu eta 63 ikerketapean jarri zituen, istiluak eragitea egotzita. Parte Zaharra Aske taldeak, ordea, Ertzaintzaren zenbait portaera txarretsi zituen, eta, kolektiboak deituta, manifestazio bat egin zuten atzo arratsaldean Donostiako Parte Zaharrean, Errepresiorik ez, Alde zaharra bizirik lelopean.

Konstituzio plazan elkartzera deitu zuen Parte Zaharra Aske taldeak, eta ehunka herritarrek egin zuten bat deialdiarekin. Ibilbidean zehar, protestara batutakoek«gazteak gara, ez terroristak», «ez, ez, ez, errepresiorik ez», eta «Iñigo Cabacas, gogoan zaitugu» oihukatu zuten, besteak beste. EAJren eta PSE-EEren aurka ere agertu ziren. Martxa amaierako hitzartzean, Ertzaintzaren jokabidea kritikatu zuten: «Identifikazio arbitrarioak egon dira une oro, aurrekari penalak dituzten zenbaiten zuzeneko atxiloketak izan dira, etxera zihoazen langile ugariren kontra ere oldartu dira, eta gazte ugari jipoitu dituzte atxiloketen unean eta komisarian». Protestara deitzeko oharrean, gainera, jakinarazi zuten «adin txikikoak gurasoen presentziarik gabe kalabozoetan autoinkulpazioak sinatzera bultzatu» zituztela.

Antolatzaileek ohartarazi zuten «errepresioari modu kolektiboan aurre egiteko beharra» azpimarratu nahi dutela: «Manipulazio mediatikoaren zein inpunitate polizialaren aurrean, elkartasuna antolatzen jarraitzeko borondatean berresten gara».

Ia lau urteko eskaera

Atzo bertan, beste hiru herritar atxilotu zituzten Donostian bertan eta Andoainen (Gipuzkoa), COVID-19aren aurkako neurriak ez betetzea eta Poliziaren aurrean oldartzea egotzita. Zehazki, desordena publikoak eragitea eta agintearen aurkako atentatua egitea leporatu diete. 26 eta 23 urte dituzte Donostian atxilotutako biek, eta 21 ditu Andoainen atzemandakoak. Hirurak utzi zituzten libre ordu batzuk geroago.

Iruñean ere izan ziren liskarrak ostegunetik ostiralerako goizaldean, eta 11 lagun eraman zituzten atxilo. Iruñeko 2. Instrukzio Auzitegiko epaileak baldintzapean aske utzi zituen atzo horietako sei, baina debekatu egin die Iruñeko Alde Zaharrera sartzea irailaren 9ra arte. Egun horretan egingo dute gertatutakoari buruzko epaiketa.

Hala ere, fiskalak gailu arriskutsu batekin eginiko atentatu delitu bat egotzi die seiei, eta hiru urte eta hamar hilabeteko zigorra eskatuko du horientzat. Beste atxilotuei erresistentzia jartzea eta lesioak eragitea egotzi diete, eta bi eta hamar hilabete arteko zigorrak eskatu dituzte horientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.