Albistea entzun

HEZKUNTZA BIDEGURUTZEAN (X)

Hezkuntza Lege propio eta burujabeak

Hainbat haur jolasean, Barruandiako (Araba) haur eskolan.
Hainbat haur jolasean, Barruandiako (Araba) haur eskolan. RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Irati Tobar Eguzkitza - LAB Irakaskuntzako Idazkaria

2021eko otsailak 20

Heziberri 2020 planaren baitan, Hezkuntza Lege berri bat erdiesteko Hezkuntza Ituna lantzeari ekin zion 2017-2018an EAEko Hezkuntza Sailak. LABek Hezkuntza Ituna beharrezkotzat jotzen zuen; izan ere, hezkuntza komunitateko eragileon artean adostasun zabalak lortzeko aukera paregabea zen. Alta, beste bide bat hartu zuen itunak, batez ere patronalak asebetez eta langileon hitza guztiz baztertuz. Ituna EAEko Hezkuntza Legearen aurrekari gisa saldu ziguten.

LABetik EAEko Hezkuntza Sailari erantzun argia eman genion: ez genuen itun proposamen hori babesten. Eta argi diogu berriz ere, hezkuntza-eragile ezberdinon arteko adostasunetatik etorri behar da EAEko Hezkuntza Lege berria. Hezkuntza eskumen osoa behar dugu, gure herriaren behar, erronka eta interesei bide eman ahal izateko. Espainiar Estatututik ezarri dizkiguten hezkuntza lege organiko guztiek interes arrotz neoliberal heteropatriarkalei egin diete mesede eta horrela ezinezkoa da kalitatezko hezkuntza sistema propioa eraikitzea.

Egungo hezkuntza sistema eta 93ko EAEko Euskal Eskola Publikoaren Legea guztiz agortuta daude:

—Espainiar estatuan dagoen sistema dualean oinarritua dago 93ko legea. Kontzertazio unibertsala berresten duen sistema dual hori gainditze bidean jarri behar da. Desorekak eta bereizkeriak erreproduzitu eta iraunarazi besterik ez du egiten.

—Hizkuntza, jatorri, arraza, klase, genero, gaitasun zein erlijioagatik bereizten duen sistemarik ez dugu nahi. Administrazioari beste politika batzuk exijitu behar dizkiogu, segregazioei aurre egiteko hezkuntza sistema eraldatu beharra dago.

—28 urteren ondoren, EAEko hezkuntza sistema ez da gai izan guztiz euskalduntzen duen hezkuntza sistema antolatzeko. Gaur-gaurkoz, euskararen murgiltze eredua ez da ikastetxe guztietako errealitate, eta zenbaitetan ez da euskaraz ikasteko eskubidea bermatzen. Horretaz gain, ikasle guztien harrera hizkuntza bilakatu behar da euskara, ikasle eleaniztunak hezteko berariazko harrera-planak ezinbestekoak izanik.

—Euskal Curriculumak ez du garatze eta ezartze orokorrik izan. Madriletik inposaturiko hezkuntzako lege organiko bakoitzaren curriculumaren egokitzapena besterik ez dugu izan gurean. Azkena, Heziberri. Bertan proposatutako curriculum dekretuen bidez, euskal kulturaren transmisioa garatu gabe geratu zen, eta euskararen normalizazioranzko urratsak egin baino sistema mantentzearen aldeko apustua egin zen. Orain arteko Jaurlaritzen proposamena inposaketak onartu eta zentralizazioari alfonbra gorria jartzea izan da. Azkena LOMLOEk ezarri du, ebaluazioa %100ean estatuaren konpetentzia izango da.

—Generoari dagokionez, ikastetxe eredu mistoa ezarri zen arren, oso aurrerapauso gutxi eman du hezkidetzan. Egungo jendarteak pedagogia feminista curriculumean txertatu beharra eskatzen digu, Skolae gisako programen ezarpena orokortuz.

—Eskola inklusiboak behar ditugu, pluralak, ghettorik sortu gabe. Aniztasunari erantzunez, ikasleen matrikulazioa beste era batera antolatzea badago, eskola-mapak berreginez eta tokiko hezkuntza-mahaietatik bideratuz.

—Pribatizazio eta merkantilizazio prozesuek, 2008ko krisiaren ondotik azeleratu direnek, murrizketak eta hezkuntzaren kalitatean atzerapausoak eragin dituzte. Hezkuntza eremuan ere, azpikontratazioak —garbiketa eta jangelan bereziki— eskulan merkea eta prekarizazioa ekarri ditu. Bereziki, langile laboralak dira krisiaren ondorioak pairatu dituztenak, eremu feminizatuetakoak, alegia.

—Oraindik orain, garaiko murrizketek gainditu gabe jarraitzen dute, ratioak gehiegizkoak dira langile kolektibo guztietan, lan zamak arindu ezean, areagotu dira, eta bien bitartean langileen behin-behinekotasuna izugarri igo da. Ikastetxeetan nekez dago lantalde egonkorrik. Gainera, eskola publikoan behin betiko lanpostuak lortzeko oposizio prozesuetan, Madrilek inposatzen jarraituko du zeintzuk edukiren arabera eta nola baloratuko den zein hautagai den egokiena haur eta nerabeak hezteko.

—Merkantilizazioa aipatuta, ezin esan gabe utzi kapitalismoaren ikur diren multinazionalek zein botere korporatiboek hezkuntzan izan duten sarbide zuzena, testu liburuen bitartez, digitalizazio prozesuen bidez zein lan merkatuaren beharren araberako selekzio-prozesuak indartuz.

—Hezkuntza sistemak finantzaketa hobea behar du (BPGaren %6). Kalitatea eta aniztasunaren trataera bermatu ahal izateko, langileen ratioak jaitsi eta baliabideak handitu beharra dago.

Aurretiaz aipaturiko erronkei erantzungo dien EAErako Hezkuntza Lege propioa beharrezkoa dugu, gurea den eredua eraikitzeko urratsak egitearekin batera. Hemen proposamenak:

—Bi hezkuntza-sareen sistema gaindituko duen eskola sare bakarrerantz joateko ibilbidea abiatu behar dugu. LAB sindikatuan Euskal Eskola Publiko Komunitarioa izena eman diogu, askotariko auzo eta herri eskola autogestionatuz osatuko litzatekeena.

—Sare bakar hori Euskal Herrirako beste publikotasun eredu batean oinarritu beharko litzateke, eredu herritar, burujabe, autogestionatu eta komunitarioan. Diru publikoz osoki finantzatua familia guztientzat, jaiotzetik hezkuntza-prozesu osoan.

—Trantsizio fase honetan, sare bakarraren parte izan nahi duten ikastetxeek diru publikoa jaso dezaten baldintza batzuk ezarri behar dira: euskarazko murgiltze eredua bultzatzea, laikotasuna, inklusiboak izatea (segregazioei aurre eginez), pedagogia feminista bultzatzea, doakotasun erreala eta erabatekoa (kuotak desagertzera joz), langileen kontratazioa batzordeak ezartzea (berdintasunean, merituan eta ahalmenean oinarrituriko hautaketa prozesuak eginez) zein kudeaketa eredu parte-hartzaileak eta gardenak, besteak beste.

—Euskal Herri osorako hezkuntza esparru komuna izan beharko luke mugarri, hezkuntzako eragileen partaidetzaren bitartez etengabe eguneratzen den Euskal Curriculum komuna oinarri izanik. Ikasle euskaldun eleaniztunak feminismoan, aniztasunean, inklusibitatean, kritikotasunean eta justizia sozialean heziz.

—Hezkuntza administrazioen kudeaketa zentralizatua zein patronalen kudeaketa korporatibista baztertu eta egitura deszentralizaturantz jo beharko luke sistemak, ikastetxeen titularra udala zein mankomunitateak izanik, eta hezkuntza egitasmoarena, aldiz, hezkuntza komunitatea.

Bukatzeko, esan Hezkuntza sistema eraldatzeko prest zaudeten guztion bidelagun izango dela LAB sindikatua! Badugu aukera!.

BIHAR
Miren Zubizarreta (ELA): 'Gure hezkuntza sistemaren atzean erabaki politikoak daude'.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.