urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Kaledonia Berriaren ataka

2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
Joe Biden Europan da egunotan, COP26 bileraren aitzakian. Gehien espero zen bileretako bat Emmanuel Macronekin ostiralean izandakoa izan da. AUKUS akordioak —itsaspeko nuklearrak tarteko Australiak ezkutuan Londresekin eta, batez ere, Washingtonekin egindako itunak— erabat amorrarazi zuen Paris. Herenegun Bidenek aitortu zuen «baldar» jokatu zutela, eta gaineratu zuen «uste zuela» Australiako Gobernuak esana ziola Frantziakoari. Macron aldamenean zuen, zur eta lur azalpenei entzuten, Bidenek berak ere askorik sinesten ez dituela jakinda. Australiak berehala erantzun zuen, bestalde: nola esango zion ezer Parisi aurretiaz, horren izaera sekretua zuen itun bati buruz?

Frantziarekin zeukan akordioa bertan behera uzteak dakarren galera ekonomikoa bera bigarren mailan geratzen da neurri horrek daukan eragin geopolitikoarekin alderatuta. Urpekook, egitekotan ere, 2040 ingururako omen leudeke. Defentsarako akordioa da Parisi min ematen diona, Macronek bozkarioz diseinatutako potentzia globalaren ametsari erasaten baitio.

Ezaguna da lehen Europan zegoen jokalekua orain Asia-Pazifikoan dagoela.Trumpen itsuskerien ondoan, batek baino gehiagok eskertu dute aspaldiko lagunen aldartea Washingtonen. Europarekiko berba goxoak eta kondeszendentzia jarrerak ekarri ditu Bidenek, hark ere ondo daki fokua, eta kezka, Pazifikoan daudela orain bertan. Ikusi besterik ez dago Taiwanen defentsan Txinaren aurrean Bidenek berak darabilen diskurtso oldarkorra.

Munduko ozeano handienean hiruzpalau gune estrategiko kontrolatzen ditu Parisek; Polinesiatik Kaledonia Berriraino —edo are, Reunion uharteraino—. Itsas-eremu zabal horrek munduko jokaleku berrian protagonismo berezia amestera eraman zuen Macron, eta India eta Australiarekiko harremanak ziren horretarako berme. Bidenabar, ezin ahaztu Frantziaren jarrera historikoak eskualdean pizten duen ezinikusia, entsegu nuklearren memoriagatik; Australiarantz ere bideratu dute inguruko herrialde txikiek. Aldaketa klimatikoak gehien mehatxatzen dituen nazio ñimiño horiek gehien behar dutena, ez da, hain justu, potentzia nuklear bat eskualdean.

Egoera kolonial baten ondorio da Europako estatu batek Pazifikoan halako agintea izatea, eta oraindik ere botere hori handitu nahi izatea, noski. «Txinaren mehatxuaren» bandera mugituta, beso zabalik hartuko zutelakoan zebilen Macron. Kaledonia Berriarekiko jarrera mediatikoa ere hortik doa: Frantziak alde egiten badu, Txina etorriko da nikel meatzeen jabe egitera, Australiaren pare-parean. Zer axola artxipelagoko kanak eta gainerako biztanleen burujabetzari irain egitea. Are gehiago, mugimendu independentistak behin eta berriz esan du ez duela haustura zakar eta traumatikorik nahi, Parisekin elkarlan (partenariat) harremana dutela helburu.

Deskolonizazio prozesu berezia da Kaledonia Berrikoa, are bereziagoa pandemia egoeran. Edouard Philippek duela bi urte ziurtatu zuen, lehen ministro zela, hirugarren galdeketa ezingo zela egin 2021eko irailetik 2022ko uda arteko urte politikoan, Frantziako hauteskunde presidentzialak daudelako tartean. Zentzuzkoa zirudien, beraz, beharrezko patxadaz hartzea 2020ko urriko galdeketaren ostean. Aurtengo ekainean, baina, presaka ezarri zuen Parisek aurten bertan egin beharra hirugarren eta azken galdeketa. Irailean, orain artean ez bezala jo zuen COVID-19ak Kaledonia Berria: urte eta erdian inor hil ez zuen birusak 260 lagun baino gehiago hil ditu bospasei asteotan, eta etxeratzea agindu da, noski.

Independentistek argi esan dute ez dagoela erreferendumerako baldintzarik, euren kanpaina atez atekoa dela, mediatikoa eta sare sozialetakoa baino gehiago. Eta hildakoen %60 kanak herritarrak izanik, melanesiar kulturan heriotzari eta doluari egiten zaion lekua errespetatu behar dela. Ez dela giro, alegia, doluan diren herrietan boto-eske ibiltzeko.

Sebastien Lecornu ministroak entzungor egin die orain arte independentistei, eta azkenean planto egin dute. Boikot hitza aipatu gabe, «ez parte hartzera» dei egin zuten lehengo astean, baldin eta abenduko datari eusten bazitzaion. Asteon gauzatu dute ohartarazpena: alderdi bakoitzak kanpainarako materialak aurkezteko epea pasa da, eta independentisten hiru alderdietako batek ere ez du ezer aurkeztu. «Macronek irabazten badu, Lecornuk beste zeregin bat izango du, galtzen badu, ez da deus izango. Bi kasuetan, bera ez epe luzeko solaskidea. Ez dagokion eskubide bat erabiltzen ari da» salatu du egunotan FLNKSk.

Erabaki gogorra da, noski, horrelako une historiko batean bozketari uko egitea, baina begi bistakoa da uneotan ez dela horretarako baldintzarik. Eta atzerapena ere zenbait hilekoa baino ez da, txertaketa prozesua osatuta eta Eliseoko bizilagunak legealdi osorako agintea duela. Ez dirudi oso logikoa hainbeste urtetako prozesua horren modu zakarrean amaitzea, konpondu nahi zuen arazoan nabarmen gaiztotzea baino ez baitu ekarriko. Baina Parisen kalkuluetan hori ere sartuko da, bistan da. Datozen egunetan jakinaraziko du Parisek erabakia. Adi egon beharko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.