Albistea entzun

Donostiako 70. Zinemaldia

Keinu bat iragan hurbilari

Bakearen Aldeko Koordinakundeari buruzko dokumental bat estreinatu dute Zinemira sailean. Xuban Intxaustik zuzendu du, enkarguz, eta «aurreiritziak hautsi» nahi ditu
Bakearen Aldeko Koordinakundeak 1992an antolatutako manifestazio bat.
Bakearen Aldeko Koordinakundeak 1992an antolatutako manifestazio bat. HUMANISTIC Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2022ko irailak 18 - Donostia

1985ean sortu eta 2013an desegin zen Bakearen Aldeko Koordinakundea. Urte horietan indarkeriari zilegitasuna kentzeko ahaleginean aritu zen, giza eskubideen alde jardunez. Mugimendu horretan parte hartu zutenei aitortza egiteko asmoz, Gesto dokumentala egin du Humanistic ekoiztetxeak. Zinemira sailean estreinatu zuten, atzo gauean. Eta egileen eta parte hartzaileen asmoa da datozen hilabeteetan herrietan proiekzioak antolatzea.

Proiektua enkarguz iritsi zaio Xuban Intxausti ekoizle eta zinemagileari (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1980). «Lagun min bat dut Bakearen Aldeko Koordinakundearekin harreman handia duena. Esan zidan norbaiten bila ari zirela dokumental bat egiteko; bilera batera deitu ninduten, eta konpromisoa hartu nuen aztertzeko Bakearen Aldeko Koordinakundeak zer egin zuen». Intxausti bera harrituta dago bere buruarekin dokumentala egin duelako. «Izan ere, ni ez nintzen inoiz egon haien elkarretaratze batean. Baina objektiboki aztertu nuen zer egin zuten, eta iruditu zitzaidan sekulako lana egin zutela». Zuzendariak argi ikusi zuen Euskal Herriko gizartearen aitortza merezi dutela.

Dokumentalak Gogora institutuaren laguntza izan du, baita Eusko Jaurlaritzarena eta Nafarroako Gobernuarena, Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroarena eta ETBrena ere. Hain zuzen ere, Bakearen Aldeko Koordinakundeak berak ETBren artxibo guztia zuen: 300 bideo. Eta horiek erabili ahal izan ditu zuzendariak. «Dokumentalista gisa, hori albiste ona da: badakizu aukeratu eta baztertu dezakezula. Ez duzu pentsatzen ibili behar buruan dituzun irudi horiek badauden». Horrek modua eman zion editatzean eta gidoia idaztean «zirujau lana» egiteko. «Grabaketara joatean, bagenekien zer irudi egongo ziren, eta protagonistek hitz egin behar zutenean zein argazki egongo zen atzean».

Dokumentala Zarauzko (Gipuzkoa) Modelo zinema aretoan grabatuta dago. Lau iturri daude lanean: artxiboko irudien edukia; zinema aretoko eszenatoki gainean dauden pertsonaia nagusiek —guztiek Bakearen Aldeko Koordinakundean parte hartu zuten— esaten dutena; eszenatokian dauden horiek pantailan ikusten dutena eta komentatzen dutena, eta aretoko eserlekuetan daudenen lekukotzak. «Gidoi zorrotza idatzi genuen. Bagenekien aldi oro atzeko irudietan zer ikusiko zen, eta zer esango zuten protagonistek», azaldu du Intxaustik. Hamabost ordu grabatu zituzten, eta 80 minutuko filma osatu dute azkenean.

Bestalde, Fernando Velazquezen musikak girotu du dokumentala. Argazkia Nando Gutierrezena da. Eta muntaketan, Diego Dorado izan du alboan Intxaustik.

Dokumentalak formatu klasikoa duela aipatu du Intxaustik. «Nire teoria da edukiari garrantzia ematen diozunean, egoari kendu egiten diozula. Dokumental hau Bakearen Aldeko Koordinakundekoentzat egina dago, aitortza egiteko. Klasikoa behar du, beraz, eta ez nire burutazio formalista bat».

Filmean, Euskal Herriko iraganeko une gogorrak agertzen dira. «Batez ere, kontramanifestazioen momentuak dira gogorrak», dio zuzendariak —Bakearen Aldeko Koordinakundearen elkarretaratze isilen aurrean, Euskal Herria askatu lelopeko kontramanifestazioak egiten ziren sarri—. «Gizartearen parte bat jazarri egin zitzaion Bakearen Aldeko Koordinakundeari, eta horrek ukitu egin nau. Modu objektiboan erreparatu diot kontramanifestazioen gaiari, eta argi dago jazarpena egon zela». Beste hausnarketa bat ere egin du Intxaustik: «Egia da ezker abertzaleak sufrimendu ikaragarria izan duela, eta Espainiako Gobernua jazarri egin zitzaiola; bidegabekeria handiak pairatu zituela ere bai. Baina amorru hori zenbaitek Bakearen Aldeko Koordinakundekoen aurka azaleratu zuten, eta herritar haiek ez zuten hori merezi».

Dokumentaleko beste pasarte batean ageri da ETAk Jose Maria Aldaia enpresaria bahitua zuela. Askotariko protestak antolatu zituen Bakearen Aldeko Koordinakundeak, eta kide batek gogoratzen du mendi ibilaldi batean ezker abertzaleko batzuk zain zeuzkatela. «Gorroto begirada beldurgarriak» egin zizkietela aipatzen du. Intxaustiri iruditzen zaio orduko egoera hura aldatu dela. «Garai hartan, lehenengoa pentsamendu politikoa zen, eta, gertuko pertsona batek desberdin pentsatzen baldin bazuen, etsai handi bilakatzen zen». Zinemagileari iruditzen zaio ezker abertzaleko batzuek erakusten zuten «gorroto hura» politikarientzat zela. «Baina jende oso xumea zen Bakearen Aldeko Koordinakundeko elkarretaratzeetan parte hartzen zuena».

Herrietara iritsiko da filma

Dokumentalean kontatzen da Bakearen Aldeko Koordinakundeak kanpaina batzuk egin zituela presoak hurbildu zitzatela eta GALen krimenak iker zitezela eskatzeko. «Auzi horiei garrantzia berezia eman diet, ezagutzen ez den arlo bat baita», esan du Intxaustik. Taldeak 1990ean eman zuen torturaren aurkako lehen prentsaurrekoa. Eta presoen hurbiltzeari buruzko lehen hausnarketak 1994koak izan ziren.

Dokumentalaren egileak azaldu du lana herrietan aurkeztuko dutela. «Proiekzio osteko solasaldiak politak izan daitezke». Era berean, Intxaustik azaldu du filmaren lehen helburua Bakearen Aldeko Koordinakundean parte hartu zutenei aitortza egitea dela. «Bigarren helburua da sektore euskaldun eta abertzaleei aurreiritzi paradigma aldatzea». Hausnarketak hauxe beharko lukeela uste du: «Zer ez dut ezagutzen, zer gaitatik egon naiz urrun, eta zeinetara hurbildu naiteke. Ikastea da kontua».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Bost hilabete iraun ditu gidoilarien grebak. / ©Etienne Laurent / EFE

Hollywoodeko gidoilariak aurreakordio batera iritsi dira

Isabel Jaurena

Akordioa onartzen duten ala ez erabakitzeko bozketa eginen dute bihar, eta 11.500 gidoilarik bozkatuko dute. Bitartean, WGA sindikatuak adierazi du inor ezin dela lanera itzuli. Aktoreak greban daude oraindik ere.

 ©JAGOBA MANTEROLA/ FOKU

«Zer falta zen emakumeak ez zeudelako kameren atzean?»

Itziar Ugarte Irizar

Euskal emakume zinemagileen lanaren gaineko zeharkaldi bat osatu dute Gaztelumendik eta Zufiak 'Arnasa betean' dokumentalean. Euskal Zinemaren galan estreinatuko dute, asteartean.

<b>Christos Nikou zuzendaria, atzo, Donostian.</b> ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Maitemina ehunekotan

Mikel Lizarralde - Ainhoa Sarasola

'Fingernails' aurkeztu du Christos Nikouk lehiara, eta 'Kalak' Isabella Eklofek. 'They Shot The Piano Player' animaziozko filma, berriz, lehiaz kanpo erakutsi dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.