Bertsolaritza

Mikel Artolak irabazi du Lasarte-Oriako final-zortzirena

Azkena zen atzokoa, eta erabakita geratu dira final-laurdenak. Andoainen, Irunen, Eibarren, Azpeitian eta Azkoitian dira hurrengo saioak
Mikel Artola, atzo, Lasarte-Oriako saioan.
Mikel Artola, atzo, Lasarte-Oriako saioan. JON URBE / FOKU

Erredakzioa -

2019ko urriak 6
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, final-zortzirenetako azken saioa jokatu zen atzo, Lasarte-Orian. Mikel Artolak bildu zituen puntu gehien (429), eta haren atzetik sailkatu ziren Iñaki Zelaia (412,5), Oier Aizpurua (401), Unai Izagirre (397,5), Aitor Salegi (390) eta Eneko Araiztegi (389,5). Saioetako irabazleek zuzenean lortzen dute hurrengo faserako sailkatzea, eta gainerakoek, puntuazioaren arabera. Atzokoak, beraz, final-laurdenak zehazteko balio zuen.

Honako hauek sailkatu dira: Ane Labaka, Unai Mendizabal, Haritz Mujika, Beñat Lizaso, Jokin Uranga, Gorka Maiz, Beñat Iguaran, Nerea Elustondo, Eñaut Martikorena, Maider Arregi, Unai Muñoa, Iñigo Mantzizidor, Ander Lizarralde, Maialen Akizu, Iñaki Gurrutxaga, Mikel Artola, Felix Zubia, Unai Gaztelumendi, Asier Azpiroz, Iban Urdangarin, Iñigo Izagirre, Mikel Tapia, Amaia Iturriotz eta Ane Zuazubiskar. Horiez gain, duela lau urteko finalean kantatu zuten sei bertsolari sartuko dira final-laurdenen fasean: Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Jon Maia eta Oihana Iguaran.

Datorren asteburuan atseden hartuko du txapelketak, eta urriaren 19an izango da hurrengo saioa, Andoainen. Honako hauek kantatuko dute: Asier Azpirozek, Beñat Iguaranek, Eñaut Martikorenak, Iban Urdangarinek, Iñaki Apalategik eta Unai Mendizabalek. Biharamunean, urriaren 20an, Irunen izango da, eta kantuan arituko dira Agin Laburu, Beñat Lizaso, Haritz Mujika, Iñigo Izagirre, Maider Arregi eta Unai Gaztelumendi.

Final-laurdenetako bigarren asteburuan, urriaren 26an eta 27an, Eibarren eta Azpeitian jarraituko du txapelketak. Eibarren, Felix Zubiak, Gorka Maizek, Jokin Urangak, Jon Maiak, Mikel Tapiak eta Unai Muñoak osatuko dute seikotea; Azpeitian, berriz, Alaia Martinek, Amaia Iturriotzek, Iñaki Gurrutxagak, Iñigo Mantzizidorrek, Nerea Elustondok eta Oihana Iguaranek. Azkenik, azaroaren 2an Azkoitian jokatuko denak finalerdiak zehazteko balioko du: Ander Lizarraldek, Ane Labakak, Ane Zuazubiskarrek, Beñat Gaztelumendik, Maialen Akizuk eta Mikel Artolak kantatuko dute.

Nabarmentzekoa da jende asko ibili dela orain arteko saioetan. Gehienetan, eguna baino lehen amaitu dira sarrerak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna