Albistea entzun

Ate errotak

Politika utzi osteko argi-ilunak

Hego Euskal Herriko lau alderdi nagusietako parlamentariek uste dute euren lan baldintzak ez daudela egoki araututa, baina ez dute iritzi bera karguak utzi ondorengo neurriei buruz.

Jokin Sagarzazu -

2015eko azaroak 8

Ezetz, ezin dituztela beste langileek dituzten eskubide berberak izan. Eurena ezohikoa dela, herritarren zerbitzariak direla. Erantzun hori jaso zuten, abenduan bi urte, Eusko Legebiltzarreko parlamentariek Madrilen. Espainiako Gorteetara eraman zuten euren lan eskubideak arautzen dituen legea aldatzeko proposamena, baina tramitera ere ez zuten onartu.

Araudiak dituen hainbat gabeziari erantzun nahi zioten. Izan ere, udal hautetsiek eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzarkideek ez bezala, legebiltzarkideek ezin dute gizarte segurantzaren erregimen orokorrean kotizatu eta, beraz, ezin dituzte langabezia laguntzak eskatu, kargua uztean lanik ez badute —hitzarmen berezi baten bidez, baina, kalte-ordain bat jasotzen dute—. «Herritarrek jakin behar dute guk ez dugula bizi osorako pentsiorik jasotzen. Guk beste edozein langilek dauzkan eskubide eta betebehar berberak nahi ditugu, gardentasun osoarekin eta pribilegiorik gabe», esan du Kerman Orbegozo EAJko legebiltzarkide gazteak.

Bat datoz horretan EH Bilduko Juanjo Agirrezabala, PSE-EEko Miren Gallastegi eta PPko Anton Danborenea. Denen izenean Madrilera joan zen legebiltzarkide taldekoa da Gallastegi, eta azaldu du, «uste denaren kontrara», hautetsien «gehiengo handia» legegintzaldi bat edo bi egin ondoren itzultzen dela aurretik zuen lanera, eta ez dela egia soilik politikan aritutakoak direla. Aitortu du, halere, badirela enpresa handietara jauzia egiten dutenak, baina gogoratu du langabeziara doazenak ere badirela. «Gizartearen isla da legebiltzarkidea; bere ziurtasun eta ziurgabetasunekin».

Hala uste du Orbegozok ere. EAJkoak gogoratu du herritar guztiek eskubidea dutela euren lanetan eszedentzia hartzeko politikan jardun ahal izateko, baina «praktikan» ez dela bermatzen dio. «Behin baino gehiagotan, jatorrizko enpresa desagertu da, edo egoera guztiz aldatu da. Kasu askotan zaila izaten da itzultzea». Danborenearentzat, berriz, «berdin dio» kargu publikoetan emandako denbora. «Norberaren arabera izango da kargua uztean lana topatzea zaila edo erraza izatea». Politikan aritzea erabaki pertsonala dela azpimarratu du PPkoak eta horretan aritu ondoren bakoitza «libre» dela nahi duen ofizioan aritzeko. «Ez dut ongi ikusten horri muga zorrotzak jartzea eta are gutxiago instituzioak edota alderdiak arduratzea politikari ohiei irtenbide bat bilatzen». Gallastegik, berriz, uste du pertsona guztiek ez dituztela aukera berberak politikan aritzeko —lan finkoa ez dutenek, emakumeek...—, eta horregatik dela garrantzitsua lan baldintzak ongi zehaztea. «Guk araudi argi bat nahi dugu nahi duen edonork politikan aritzeko, parte hartze politikorako ateak zabaltzeko, eta baita susmo eta aurreiritzi guztiak uxatzeko ere».

Kodeak eta jarrerak

Gallastegik esandakoarekin bat dator Agirrezabala, baina bi zehaztapen egin ditu. Batetik, lan baldintza duinak izateak ez duela esan nahi «pribilejioak» onartu behar direla. Eta ezta baldintza horiek ezegokiak diren kasuetan jaso behar direla ere, urteetan hainbat parlamentarik egin duten moduan. Bestetik, nabarmendu du haietako askok ez dutela jarduera politikoa gizartearen zerbitzu gisa ikusten eta salatu du batzuek kargu publikoak baliatzen dituztela etekin pertsonalak edo alderdi barrukoak lortzeko. «Zeharo normala iruditzen zait, beraz, politikari eta alderdi batzuekiko dagoen aldentze eta urruntzea, oso nabarmena delako euren interes partikularrak lehenesten dituztela».

Ez du berdin pentsatzen Danboreneak. «Badirudi, pertsona bat politikan aritu bada, gero ezin duela ezertan lan egin, eta egiten badu bere influentziengatik dela. Salbuespena orokortu egin da».

Orbegozok eta Gallastegi, berriz, ulertzen dituzte herritarren kezkak. PSE-EEkoak, halere, uste du euskal erakundeek «bide luzea» egin dutela era horretako praktikak ekiditeko, legeen eta kode etikoen bidez. Orbegozorentzat, berriz, «ondo» daude arauak, baina «jarrera» kontua ere bada. Eta Agirrezabalarentzat, instituzioez gain, alderdiek ere jarri beharko lituzkete debekuak edo mugak; gogoratu du EH Bilduko hautetsiek kode etiko bat sinatua dutela. Danborenea ez dago ados alderdi barruan mugak jartzearekin.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Tellez, 2008ko ekaineko mobilizazio batean, Managuan. ©Mario Lopez / EFE

Dora Maria Tellezi emango diote Rene Cassin saria

Jon O. Urain

«Giza eskubideen sustapenean, defentsan eta zabalkundean duen konpromisoagatik» sarituko dute.

IAren mobilizazioa, martxoaren 24ko greba zela-ta, Gasteizen. ©Iñigo Uriz / Foku

Mugimendu Sozialistako bi kidek «jazarpen poliziala» salatu dute

Berria

Esan dutenez, «kolaboratzeko» eskaintza egin diete telefonoz zein zuzenean

Uxue Barkos eta Maria Txibite, artxiboko irudi batean ©Jesus Diges / EFE

Foru Hobekuntza osatzera deitu du Txibitek, eta Barkosek ituna berritu nahi du

Jon O. Urain

Nafarroaren Egunaren bezperan, gobernuko bi alderdiak ez datoz bat herrialde horretako esparru juridikoak eduki beharreko garapenaz. Txibitek oharra egin du: PSNk ez du Esparza lehendakari jarriko.

Hainbat gaztek biribilgune bat moztu dute Bergaran (Gipuzkoa), eta garraio publiko

Ernaik gazteen bizitza «duintzeko» eskatu du, zortzi ekintza deszentralizatu eginda

Berria

Besteak beste, EHUren Leioako campuseko errektoretza «blokeatu» eta Bergarako San Prudentzio auzoko biribilgunea moztu du gazte antolakundeak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...