Udal eta foru hauteskundeak. Kanpaina

Lehiaren gurpilean

Bertute propioak goresten eta gainerakoen arriskuak nabarmentzen dira kanpainan. Jardun horretan, indar politikoek nagusiki bi alderdiz jardun dute: EH Bilduz eta PSE-PSNz.

jon olano
2023ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Mezuak bidaltzeko garaia da hauteskunde kanpaina; nork bere markoa finkatzekoa, eta arrakasta izanez gero, gainerakoei marko horixe ezartzekoa. Norbere bertuteak nabarmendu eta gainerako alderdien miseriak haizatzekoa. Eta, beraz, alderdien arteko dialektikan eta aipamenen trukean sakontzekoa. Konfrontazioaren txapeldun izatekoa. Testuinguru horretan, bi estrategia nagusitu ohi dira: bata, antagonista bat sortu eta, haren kontrako botoa hauspotu nahian, alternatiba gisa agertzea; polarizazioa bilatzea, herritarrak zer nahi duen bainoago zer ez duen nahi pentsatzea, eta zentzu horretan botoa aktibatzea. Polarizatzea. Era berean, sarri ikusten den beste estrategia da gertutasun ideologikoa izan dezaketen alderdiek kanpainanelkarri egurra ematea, azken batean, boto emaile berriak erakartzeko aukera handiagoa dagoelako mundu ikuskera bat partekatzen dutenen artean.

Hori horrela, kanpainan zehar alderdiek Twitterren elkarri egin dizkioten aipamen kopuruak neurtu ditu kazeta honek; nork nori buruz hitz egin duen, zenbat eta zein terminotan. Datuek azaleratzen dute bi protagonista nagusi izan dituela kanpainak: EH Bildu eta PSE-PSN. Gainerako alderdiek baino presentzia handiagoa izan dute aurkarien timeline edo txio segidetan. Baina badira aldeak bien artean: PSNri eta PSNri eginiko erreferentzia kopuru handiak batez ere erantzuten dio PPren eta UPNren estrategiari, eta, aldiz, alderdi gehiagok izan dute EH Bildu jomugan; PPk sareratutako 61 mezutan ageri da koalizio subiranista, EAJren 42tan, UPNren 41etan, PSE-EEren 40tan eta Elkarrekin Podemosen zortzitan. Are gehiago: jeltzaleek, sozialistek eta popularrek gehien kritikatu duten indar politikoa da. Zurekin Nafarroak ere aipatu du behin, baina ez kritika egiteko.

EAJ-REN «SERIOTASUNA»

EAJren mezuen artean EH Bildu da gehien aipatzen den kontrarioa. Haatik, EH Bilduren zerrendak euskal eta espainiar politikan albiste izan arren, EAJren aldetik sumatzen da ahalegin bat agenda horretatik ihes egiteko, kanpainako lehen egunetan urriak baitira koalizio subiranistari buruzko aipamenak. Are gehiago: aipatzekotan, Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak eta alderdiko hautagai nagusiek EH Bilduren kudeaketa jarri dute jomugan, eta bi «eredu» kontrajarri:iragana, etorkizuna. EAJren «egonkortasuna» edo «seriotasuna» eta EH Bilduren «nahasmena».

Zergatik eredu talka? Ortuzarren diskurtsoetan, kanpainako lehen egunetik antzeman daiteke abstentzioarekiko kezka bat, eta, beraz, fidelak eta gertukoak mobilizatzeko modu bat izan daiteke EH Bilduren aurkako botoa erakarri nahi izatea. Itzulingururik gabe mintzatu zaie Aitor Esteban PPko eta PSEko boto emaileei: alferrik emango diete botoa bi alderdi horiei, eta, beraz, EAJ da EH Bilduk goberna dezan saihesteko boto erabilgarria.

Baina beste planteamendu bati ere erantzun nahi izan dio EAJk: urte erdi eskas falta da Espainiako Gorteetako hauteskundeetarako, eta kanpainan zehar dezentetan entzun da udal eta foru hauteskundeak Espainiako bozen lehenbiziko itzuli gisa funtziona dezaketela. Hori ikusirik, ideia bat nabarmendu du EAJk: alderdiaren gertutasuna eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen nahiz Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentearen urruntasuna. Kanpainan zehar, Ortuzarrek sarri-sarri izendatu ditu bi buruzagi politikoak, beti esaldi berean, eta Urkulluren rola izan da autogobernua defendatzea. Helburua argia da: udal eta foru hauteskundeak Espainiako bozketen klabean ulertzeko tentazioen aurrean, botoaren iparrorratza euskal instituzioei begira jartzea.

EH BILDU: «ZARATARI» AURRE

Dialektika, ordea, bi norabidekoa izan da. «Zarataren aurrean, irtenbideak; lubakien aurrean, zubiak», zioen Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak asteazkenean. Hori horrela, EH Bilduk maizen aipatu duen alderdia ere EAJ da, 30 aldiz; egunean ia bi txio jeltzaleak aipatuz, batez beste. EH Bilduri dagokionez, herrialdekako estrategiak distortsionatzen ditu emaitzak: EAJri eta PSE-EEri eginiko erreferentzia gehienak Juan Karlos Izagirre Donostiako alkategaiak eginikoak dira, eta haren egitekoa izan da udal gobernua osatzen duten EAJ eta PSE-EE txanpon beraren bi alde gisa aurkeztea.

PSE: KRITIKAK EZKER-ESKUIN

Egiteko bat izan dute PSE-EEk eta Eneko Andueza alderdiko idazkari nagusiak kanpainan zehar: inkestek erakutsi dituzten boto joerak ukatzea, eta EAJren eta EH Bilduren nagusitasunaren artean alderdi sozialista ikusaraztea. Anduezak behin baino gehiagotan kontrajarri ditu «bulegoetan» prestatutako inkestak eta «errealitatea», Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lehen bi indarrek daukaten indarra erlatibizatzeko. Estrategia horretan pauso bat harago joan da Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako ahaldungai nagusia: bere diskurtsoetan usu topa daitezke «abertzaleak», «abertzale amorratuak», «nazionalismoa», «independentismoa» eta antzeko kontzeptuak, horiek PSE-EEri kontrajartzeko. Neurri apalago batean, PSE-EEko hautagaiek «eskuinari» egin dizkiote kritikak; bereziki kanpainako lehen egunetan, hizketarako gaia EH Bilduren zerrendak zirenean.


PP-UPN: EH BILDU ETA SANCHEZ JOMUGAN

PPk eta UPNk antzeko estrategiak baliatu dituzte; Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua jomugan jartzea, EH Bildurekin eginiko akordioak kritikatuz.

Gainera, apenas egon den kritikarik elkarren artean, bazkide ohiak izan eta hautesle soslai antzekoarengatik borrokatu behar badira ere.

PSN ETA ZN, BERERA

Gainerako alderdiekin alderatuta, deigarria da PSNren eta Zurekin Nafarroa koalizioaren jokabidea: apenas jardun duten gainerako alderdien inguruan: PSNk behin baino ez du UPN aipatu, eta Zurekin Nafarroak batez ere «eskuinak» izan ditu hizpide, baina ez egunean behin baino sarriago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.