Albistea entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Ondorena

Funtsezko aldaketarik ez

PP-C's-ek Bizkaian beste legebiltzarkide bat lortu du, EH Bilduren kaltetan, igandean bi mahaitan ehun boto gutxiago zenbatu zizkiotelako. Ezkerreko taldeek gehiengo osoa galdu dute, baina lehen ere ez zen aurreikusten bat egitea

Carlos Iturgaiz eta Luis Gordillo PP-C's-ko kideak, martxoan, Bilbon.
Carlos Iturgaiz eta Luis Gordillo PP-C's-ko kideak, martxoan, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Esnaola -

2020ko uztailak 18

Duela lau urte bezala, Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde gauetik bost egunera egiten den kontaketan aldaketa bat gertatu da, eta berriz ere Bizkaian: 2016an, EAJk aulki bat galdu zuen, EH Bilduren mesedetan; atzo, EH Bilduk galdu zuen aulki bat, PP-C's-en mesedetan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hauteskunde batzordeek Espainiako Estatutik kanpoko EAEko herritarren botoak zenbatu eta igandeko bozetako mahaietako boto kontaketen akatsak zuzendu zituzten atzo. Bizkaiko aldaketarekin, EH Bilduk 21 legebiltzarkide ditu orain (igandean 22 zituen), eta PP-C's-ek, sei (igandean baino bat gehiago). Aldaketa horren ondorioz, legebiltzarreko ezkerreko taldeen —EH Bildu, PSE-EE (hamar eserleku) eta EPren (sei)— botoen baturak ez dauka gehiengo osoa (38). Hala ere, ez zen benetako aukeratzat jotzen hirurek bat egitea Jaurlaritza hartzeko, EAJk (31) eta PSEk gobernua berretsiko dutela aurreikusten baita. Datorren legealdian, gainera, bi taldeok gehiengo osoa lukete, azkenean ez bezala. Orain lau urteko mahaietako kontaketan, atzo ez bezala, aldaketa esanguratsua izan zen: EAJk Bizkaian aulki bat galdu, eta PSEk eta biek (37) ez dutela gehiengo osoa izan legealdian.

 

Atzo, estatutik kanpoko botoen eta helegiteen ondorioz mahai batzuetako egindako birkontaketan, Bizkaian airean zegoen 25. eta azken aulkia, PP-C's 108 botora baitzegoen herrialdeko bere bigarren aulkia eskuratzetik. Araban, EAJk lortu zuen 25. eserlekua igandean; lehia horretan, EH Bildu zegoen hurrena, 226 botora. Gipuzkoan EPrena izan zen 25.a, eta 1.466 botora zeukan EH Bildu. Bizkaian, atzerrikoen zenbaketak ez zuen aldaketarik egin, baina bai mahaietakoek; izan ere, haietako batean baieztatu zen PP-C's-i ehun boto gutxiago eman zizkiotela igandean, eta beste batean hiru gutxiago; eta EH Bilduri atzo mahai batean hamar boto gutxiago batu zizkioten. Hala, PP-C's-ek Bizkaiko bigarren legebiltzarkidea lortu du —Luis Gordillo, Ciudadanoseko kidea—, eta EH Bilduk galdu egin du bere zazpigarrena —Diana Urrea, Alternatibakoa—.

Estatutik kanpokoen zenbaketan, EAJ gelditu da aurrena, 728 botorekin —lehena Bizkaian eta Araban—. EH Bilduk 679 jaso ditu —aurrena Gipuzkoan—, PSEk 387, EPk 289, PP-C's-k 276, Voxek 79.

EH Bildu 249 botora Bizkaian

EH Bilduren ustez, Bizkaiko legebiltzarkide baten galerak ez du ezer aldatu, eta inoizko boto portzentajerik handiena (ia %28koa) lortzeari ematen dio garrantzia. Bizkaian ere gorako joeran aritu direla diote: kasurako, 2016an boto gutxirengatik irabazi zuten bosgarren eserlekua, eta atzo, haren datuen arabera, 249ra geratu ziren zazpigarrena eskuratzetik. Iker Casanova EH Bilduko Bizkaiko zerrendakideak txio batean idatzi du «emaitza historikoak» izan dituztela, eta «hobetzeko tartea» dutela. Haren esanetan, beste pare bat mila botorekin hiru eserleku gehiago lortuko zituzketen. «Ez da egindako esaldia: boto bakoitzak balio du».

Gordillok adierazi du Eusko Legebiltzarrera «askatasuna defendatzera eta abertzaleen mehatxuari aurre egitera» joango dela.

Jaurlaritzako Segurtasun Sailak pare bat astera argitaratuko ditu behin betiko emaitzak, erreklamazioen epea amaitzean. Tokiko hauteskunde batzordeen atzoko aktetako boto batuen arabera, EAJk guztira 349.960 eskuratu ditu (2016an baino 48.208 boto gutxiago), EH Bilduk 249.580 (+24.408), PSEk 122.248 (-4.172), EPk 72.113 (-85.221), PP-C's-ek 60.650 (-68.598; 2016an bakoitza bere aldetik aurkeztu zen) eta Voxek 17.569 (+16.798; 2016an Arabatik baino ez zen aurkeztu).

PSE-EEren bi aukerak

EAJ eta PSE-EE etzi bilduko dira lehen aldiz gobernu itunaz hitz egiteko. Idoia Mendia sozialisten idazkari nagusiak atzo esan zuen «borondatea» dutela itunerako, eta bere taldeak bi aukera dituela: Jaurlaritza osatzea EAJrekin edo akordio parlamentarioa egitea, PSE gobernutik kanpo geratuta.

Oharra: koadroetako emaitzak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak uztailaren 23an jakinarazitako behin betiko emaitzak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

2021eko Ospa! eguna, Altsasun. ©Maialen Andres / FOKU

Ospa Eguna irailaren 3an egingo dute Altsasun

Oihane Puertas Ramirez

Espainiako polizia indarrak herritik joan daitezela eskatuko dute Altsasun, Poliziarik ez! Langileon aurkako errepresioa gelditu lelopean.

Blboko agerraldia ©Monika del Valle / Foku

Preso eta iheslarien egoera «normalizatzeko» eskatuko dute manifestazio baten bidez

Gotzon Hermosilla

Sarek eta Bilboko konpartsek batera antolatuta, abuztuaren 26an egingo dute, Bilbon

Maia: «Prentsaren bidez izan dugu PPren erabakiaren berri»

Maia: «Prentsaren bidez izan dugu PPren erabakiaren berri»

Iñaut Matauko Rada

Maiak PPri egotzi dio koalizioa uzteko modua ez dela «egokia» izan. Esan duenez, Nafarroan zentro-eskuinaren liderra UPN izan da «historikoki», eta ez Alderdi Popularra, Telladok esan bezala

Herri bat, komunitate bat

Herri bat, komunitate bat

Iosu Alberdi

Nola funtzionatu beharko luke etorkizuneko Euskal Herriak? Xabier Barandiaran eta Eneko Bidegain unibertsitateko irakasleek gogoeta egin dute galdera horren inguruan. Ezinbestekotzat jo dute egitura politikoen eta gizarte zibilaren arteko elkarlana, erronka berriei erantzun ahal izateko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...