Espetxeetako «pitzadura» zabaltzeko deia

Presoen askapena eskatzeko manifestazioak egin ditu Sortuk hiriburuetan. «Orain arteko ahalegina biderkatzea» galdegin du Altunak

Manifestazio burua, Askatasunaren hiribidea zeharkatzen. MAIALEN ANDRES / FOKU.
jon olano
Donostia
2021eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Preso Politikoen Nazioarteko Eguna izan zen atzo, eta Sortuk manifestazioak antolatu zituen Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Donostian eta Bilbon eguerdian egin zituzten, eta arratsaldean, berriz, Iruñean eta Gasteizen; guztira, milaka herritar batu ziren lau deialdietan, euskal presoen askatasuna eskatzeko.



Donostian, 2.500 herritar inguru batu ziren, bi ilaratan, dozenaka ikurrinaren artean eta Askatasuna lelopean, Alderdi Ederretik Saguesera arteko bidea egiteko. Martxa eguerdian abiatu zen, euskal presoak etxeratzearen aldeko oihuekin, eta azkar batean igaro zituen Hernani kalea, Askatasunaren hiribidea, Argentinako Errepublika kalea eta Zurriolako etorbidea, 12:40erako Saguesera heltzeko. Eguerdi hotza izanagatik, elkarri beroa eman zioten presoen aldeko manifestazioan zihoazenek eta Askatasunaren etorbidean protestan ari zen langile talde batek, elkar txalotuta.

Amaieran, Hasier Altuna Sortuko Kontseilu Nazionaleko kideak hartu zuen hitza, eta dei egin zuen espetxe politikan irekitako «pitzaduran» sakontzera: «Espetxeetatik, kaletik, erakundeetatik egindako borrokak emaitzak ekarri ditu, eta blokeoa haustea lortu dugu». Altunaren hitzetan, azken hilabeteetan espetxe politika «apur bat humanizatu da gerturatzeen, isolamenduaren amaieraren edo bigarren graduen areagotzearen» bidez: «Pitzadura bat eragin diogu espetxeko hormari, baina oraindik lan eta borroka handia egin beharra daukagu benetako zuloa egiteko, espetxetatik, kaletik zein instituzioetatik».

Izan ere, Altunak adierazi zuen ezin dela «lasaitu», eta «orain arteko ahalegina biderkatzea» dagokiela: «Helburua argia da: orain, pitzadura handiago bat eragin behar diogu hormatzar horri, presoak etxera bidean jarri nahi baditugu; berandu baino lehen preso, iheslari eta deportatu politiko guztiak estatuen atzamarretatik askatu ahal izateko».

«Gatazka politikoa»

Gainera, gatazkaren politikotasuna nabarmendu zuen: «Hemen gaude oinarrian arazo politiko bat dagoelako, gatazka politiko bat dagoelako. Sufrimendua eragin duen gatazka bat, besteak beste 9.000 euskal herritar espetxera eraman dituena eta oraindik konpondu gabe dagoena». Altunaren esanetan, «preso politikoak preso dira estatuek Euskal Herria ukatzen jarraitzen dutelako, eta hamarkadetan afera politiko horri irtenbide demokratikorik eman nahi izanez diotelako».

Hortaz, ohartarazi zuen euskal presoak, iheslariak eta deportatuak etxeratuta ere «bere horretan» jarraituko duela gatazka politikoak. «Baina ez izan dudarik guztiak etxeratuta Euskal Herriaren askatasuneranzko bidea azkartzea lortuko dugula, eta gurekin izango ditugula Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokan, Euskal Herriaren independentziaren aldeko borrokan». Eusko gudariak abestuz amaitu zen manifestazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.