Ibaizabalen hilotz agertu den gazte baten heriotza ikertzen ari dira

Bizkaiko Diputazioak adingabe migratzaileei arta emateko duen zentro batean bizi zen. Galdakaon aurkitu zuten gaztea, hilda

Uxue Rey Gorraiz - Oihana Teyseyre Koskarat
2022ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak atzo jakinarazi zuenez, joan den asteazkenean gorpu bat aurkitu zuten Ibaizabal ibaian, Galdakao (Bizkaia) inguruan. Emandako datuen arabera, hildakoa adingabe bat zen, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren harrera sarearen barruan zen. Migratzaile adingabeei eskainitako harrera zentro batean bizi zela baieztatu zuten atzo hainbat hedabidek, diputazioak berak datu hori baieztatu zuela adierazita. Adierazi zuten Galdakaon bertan dagoela zentro hori, eta «behin-behineko arreta» ematen ari zitzaizkiola aldundiaren ardurapeko zerbitzuan, gaztearen adina egiaztetzeko prozesua osatu bitartean.

Ertzaintzak ez du gertatutakoaren gaineko informazio gehiagorik eman oraingoz. Ikerketa zabalik dute gaztea nola hil zen argitze aldera. Hedabideetan zabaldu denez, bada hipotesi bat: gaztea Poliziarengandik ihesi ari zenean, ibilgailu batetik bota zuen bere burua. Ondoren agertu zen Ibaizabalen hilotz. Hainbat iturriren arabera, gorpua agertu zenerako, denbora dezente zeraman ibaian.

Atxilotu bat Lapurdin

Ez da migratzaileen artarekin lotutako albiste bakarra izan. Herenegun, Frantziako Poliziak Etorkinekin taldeko kide bat atxilotu zuen;migratzaile batzuk bere autoan garraiatzea egotzi zioten. Frantziako Aireko eta Mugetako Poliziaren egoitzara eraman zituzten denak, eta Etorkinekin taldeko kidea 24 orenez atxiki zuten bertan, atzo arratsaldean askatu zuten arte. Migratzaileak Irunera (Gipuzkoa) igorri zituzten atxilotu eta berehala. Ez da lehen aldia Lapurdin Frantziako Poliziak elkartasun elkarteetako kideak atxiloaldian ezartzen dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.