Cabacas ez dutela biktima gisa aitortu salatu dute omenaldian

Ekitaldia egin dute Bilbon, haren hilketaren zazpigarren urteurrenean. Helegitea jarri diote epaiari: «Bide judiziala ez da oraindik amaitu»

Iñigo Cabacasen ama Fina Lizeranzu, semea zauriturik suertatu zen lekuan lore eskaintza egiten. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Urtero bezala, omenaldia egin diote Iñigo Cabacasi, duela zazpi urte Ertzaintzak jaurtikitako pilota batek hil zuen leku berean, Bilbon. Aurtengo omenaldia berezia izan da, epaia kaleratu zenetik lehenengoa izan delako, eta aste honetan bertan Eusko Legebiltzarrak onartu duelako Poliziaren gehiegikerien biktimei buruzko legea. Ekitaldian, haren lagunek salatu dute lege horrek ez diola Cabacasi biktima izaera aitortzen —1999ra arteko biktimak baino ez ditu aintzat hartzen—.

«Iñigo ez zen hemen kasualitatez lurrera jausi», esan du Cabacasen lagun Koldo Gutierrezek. «Bota egin zuten; pilota batek akabatu egin zuen. Eta erantzule asko daude egoera lazgarri horren atzean. Gogoratu behar dugu egun, berriki onartu den legearen arabera, Iñigo ez dagoela biktima moduan aitortua. Horregatik gaude hemen».

Iazko azaroaren amaieran iritsi zen Cabacas auziko epaia: akusatutako sei ertzainetatik bakarra zigortu zuten, baina ez du espetxe zigorra bete behar izan. Hori ere gogoan izan dute ekitaldian, eta berretsi dute bide judiziala ez dela oraindik amaitu, familiaren abokatuek helegitea jarri diotelako epaiari.

«Zazpi urte igaro eta gero, hemen gaude, Iñigorenganako maitasunak horrela eskatzen digulako», esan dute. «Inor ez da hiltzen ahazten ez badugu. Eta guk ez dugu Iñigo sekula ahaztuko».

Txalo artean, Iñigoren aita Manu Cabacasek ere hitza hartu du, eta aukera baliatu du zazpi urte hauetan senideen alboan egon direnei eskerrak emateko: «Gure familia ez da oso handia, baina orain esan dezaket zuek ere familia zaituztegula».

Elizegiren deia

Manu Cabacasek esan duenez, omenaldiaren bezperako eguna «oso tristea» izan zen berarentzat eta Fina Lizeranzu emaztearentzat: etxean eman zuten, bakarrik eta oroitzapenetan murgilduta. Baina jaso dituzten mezu ugariak bihotz altxagarri izan zaizkiela aitortu dute. Bat bereziki nabarmendu du Manu Cabacasek: Aitor Elizegi Athleticeko presidente berriarena —Athleticen aurreko zuzendaritza kritikatu dute inoiz, auzi honetan familiarekin hotzegi jokatu duelakoan—. Cabacasek esan du «hunkigarria» izan zela Elizegiren mezua, eta eskerrak eman dizkio.

Manu Cabacasek esan du «tristea» dela «zazpi urteren ostean auzia ez dela amaitu esan behar izatea», eta berretsi du «amaierara arte» jarraitzeko prest daudela. «Guretzat, amaiera da justizia egitea, eta honen erantzuleek ordain dezatela egindakoa». Gero etorri da omenaldiaren unerik zirraragarriena, ohorezko aurreskua dantzatu eta lore eskaintza egin dutenean.

Ekitaldia amaitutakoan, eta kazetariekin berbetan, Manu Cabacasek esan du bere ustez «agindua eman zuena» dela «benetako hiltzailea», eta «hori akusatuen aulkian eseri ere ez» dela egin. Berretsi du beren asmoa ez dela «Ertzaintzaren edo Jaurlaritzaren kontra jotzea, justizia egitea baizik».

Halaber, kritikatu egin du Iñigo Cabacas hil eta sei urte eta erdi geroago eman izana dimisioa Jorge Aldekoa ertzainburu ohiak, «hasiera-hasieratik jakin ez balu bezala han zer gertatu zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.