Hamar urteko plana, hizkuntzak biziberritzeko

Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak bertako hizkuntza indigenak biziberritzeko egitasmo bat aurkeztu berri du datozen hamar urteetarako.

Hilaren 4an Oklahoman egin zuten 'Hizkuntza indigenen goi bilera: subiranotasunaz mintzo' topaketa. URTZI URRUTIKOETXEA.
urtzirrutikoetxea
Washington
2022ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Herrialde guztiko 600 ordezkari baino gehiago elkartu ziren hilaren 4an Oklahoma hirian [AEB Ameriketako Estatu Batuak] egindako topaketan, Hizkuntza indigenen goi bilera: subiranotasunaz mintzo izenekoan. Bertan, AEBetako Gobernuak datozen hamar urteetarako plan bat iragarri zuen herrialdeko hizkuntza indigenak biziberritzeko.

AEBetako hizkuntzen sustatzaileek aspaldi jo zuten alarma aldarria, baina pandemiak erakutsi du gordinen zeinen larria den egoera. Ondorioz, herri indigenetan arreta jarri ohi den urriaren 12aren inguruko egunetan inoiz baino garrantzi handiagoa hartu du hizkuntzen gaiak, mendeetako bazterketa eta zapalkuntzen ostean jatorrizko herriek izan ohi dituzten bestelako arranguren aurretik.

«Kultura edo komunitate ororen giltzarria hizkuntza da; hala transmititzen dira ahozko historiak, hala partekatzen da ezagutza eta hala eratzen dira loturak», adierazi zuen Deb Haaland Barne idazkariak. Ministroen pare den kargu hori daukan lehen indigena da Mexiko Berria estatuko Laguna Pueblo herriko kidea. Hezkuntza eta Osasun idazkaritzekin batera, Barne sailak agentzien arteko egitasmo bat hitzartu zuen duela urtebete, eta duela bi aste hamar agentzia baino gehiago biltzen dituen akordioa sinatu zuten hizkuntza indigenetan irakaskuntza laguntzeko. Itunaren ondorio izan zen, halaber, Oklahomako goi bilera, pandemiaren ostean egin den lehena.

Wizipan Garriott Indiar Gaietako idazkariorde nagusiak zera gogorarazi du: «Herri indigena garen aldetik, gure hizkuntzak dira gure identitatearen bihotza, eta kontinente honetako lehen herri gisa dugun indarraren iturria». Ehun urte baino gehiagoko asimilazio politika bortitzek ume indigenak familietatik urrundu eta barnetegi-eskoletara eramatea izan zuten ondorio, bertan haien kultura ezabatzeko, hizkuntzatik hasita. Washingtonek iragarritako hamar urteko planak Unescok 2022-2032 urteetarako aldarrikatu duen «hizkuntza indigenen hamarkadarekin» bat egiten du.

AEBetan oraindik mintzatzen diren hizkuntza indigena gehienek 70 eta 80 urtetik gorako hiztunak dituzte. Transmisioa, beranduenez, 1950eko hamarkadan amaitu zen. «Familiek ez zutelako nahi eskolan seme-alabek ere sufritzerik haiek barnetegi-eskoletan eta elizaren erakundeetan sufritu zutena», hizkuntza indigenen aldeko ekintzaileak azaldu duenez.

Egun, Oklahomako txeroki herria da AEBetan biztanle gehien dituen tribua, 443.000 herritar baititu erroldatuak. Baina lehen hizkuntza txerokia duten 1.850 hiztun baino ez dira geratzen. Pandemiako urte bakoitzean ehun hiztun baino gehiago hil dira. Txertoak iritsi zirenean, hizkuntza zekitenak lehenetsi zituzten. Oklahomako goi bileran, aipamen berezia egin zioten txeroki herriak hizkuntzak biziberritzeko egindako ahaleginari: murgiltze eredua darabilen beste eskola bat egiten ari dira, bigarrena hain zuzen, baita txeroki hiztunen herri bat ere, hizkuntzaren arnasgune izateko.

Biziberritzeko grina

Egoera larria izanda ere, AEBetako luze-zabalean egitasmo asko jarri dira indarrean hizkuntzak biziberritzeko. Hawaiiera da ziur aski murgiltze eredu sendoena daukan hizkuntza. Beste batzuetan, hiztunik gabe geratu diren hizkuntzak berpiztea ere lortu dute, Massachusettseko wampanoag herrian kasurako: haien arrakasta inspirazio iturri izan da beste komunitate batzuentzat.

Badira, zorionez, adinekoak izan arren oraindik ere hiztunak dituzten mintzairak; lakoterari dagokionez, hizkuntza aspaldi ikertu eta idatzi izan da, eta indar handiz ari dira belaunaldi berriei transmititu nahian. Joan den astean, lakota, dakota eta nakota herrien bilkura egin zuten Hego Dakotan, Kanadatik ere iritsi diren kideekin.

«2007an hasi ginen lanean, eta aurten inoiz baino jende gehiagok parte hartu du bilkuran», esan du Tusweca Tiospaye elkarteko Michael Carlow lakotera irakasleak. «Itxaropen handiena gazteek ematen didate. Hizkuntza nahi dute, hitz egin nahi dute. Ez dute etxean jaso, badakite ukatu zaiela, baina baita haien nortasunaren oinarria dela ere». Lakotera, dakotera eta nakotera hiru hizkuntza gisa hartu ohi dira, baina, Carlowk azaldu duenez, hiztunek ez dute arazorik elkar ulertzeko.

Izan ere, gakoa elkarlanean eta komunitatearen konpromisoan dago. «Bilkuran elkarren eredu eta estrategiak partekatu ditugu, besteengandik ikasi dugu, eta hori ere garrantzitsua da. Kanadako dakotera hiztun batek, esaterako, bere ikasketa planak banatu ditu, besteok ere erabil ditzagun», adierazi du Carlowk. Hiztun berriak lortzeko era bakarra murgiltze ereduak dira. Azken urteotan ikastetxe askok egiten dute hezkuntza mota horren alde, haur hezkuntzan lehendabizi, eta goragoko mailetan gero.

Bide horretan, Tusweca Tiospaye elkarteko arduradunak konbentzituta daude berandu baino lehen, hamar urteko epean, elkarrekin lakoteraz diharduen gazte belaunaldia izango dutela: «Gazteen ikasteko grina itzela da. Orain teknologiarekin daukagu erronka, baina gazteek eurek aurrera daramatzaten egitasmoek itxaropen handia ematen digute».

Washingtonek babesa adierazi die murgiltze ereduan diharduten egitasmoei, beken eta diru laguntzen ildo berria irekita. Edozelan ere, babes handiagoa eta diru gehiago behar dela diote indigenek, hizkuntzaren aldeko olatuaren neurrira iritsi nahi bada. Ezin ahaztu, azken batean, egungo diru laguntzak eta sustapen egitasmoak oso txiki geratzen direla hizkuntza horiek ezabatzeko AEBetako Gobernuak ia 150 urtez erabilitako dirutzaren eta bestelako neurri politikoen aldean, borondaterik onena adierazita ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.