Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Txertoa bilatzeko lasterketa

2020ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Osasunaren Mundu Erakundeko web orrialdean ikus daiteke egun 166 hautagai daudela SARS-CoV-2 birusaren kontrako txertoak lortzeko. Horietatik gutxi batzuk —hogeita bost— fase klinikoan daude, hau da, pertsonetan probatzen ari dira. Hautagai horietatik guztietatik oso gutxi ailegatuko dira merkaturatzera zorte ona izanda ere.

Azken asteetan hiru izan dira esperantza pixka bat erakutsi dutenak. Bata Europan ikertzen ari dira, Oxford Unibertsitatean, hain zuzen. Txinpantzearen birus bat erabiltzen ari dira bektore gisa. Bertan koronabirusaren DNA zati bat sartzen dute eta hori guztia gizakian injektatzean, immunitatea sortzeko ahalmena du, bai antigorputzak zein T zelulak.

Beste bat Txinan probatzen ari dira, eta Wuhaneko hainbat ikerketa zentrok hartzen dute parte. Honetan, gizakiaren adenobirus bat erabiltzen ari dira bektore gisa eta aurrekoan bezala koronabirusaren DNA zatia sartu ondoren immunitatea eragin du txertatutako pazienteetan.

Hirugarrena Estatu Batuetan ikertzen ari dira, ikerketa zentro ezberdinetan eta Moderna enpresarekin. Bertan, teknologia berri batekin jarraibide genetikoak dituzten RNA zatiak inokulatzen dituzte. Jarraibide horietatik abiatuta, erantzun immunitarioa aktibatzen duten birusaren proteinak sortzen ditu gorputzak. Kasu horretan, S proteina sortzen da, hots, koronabirusak giza zeluletan sartzeko erabiltzen duena. Horrekin ere ikusi dute txertatutako pertsonak immunitatea lortu dutela.

Aipatutako txerto hautagaiek pertsona gutxi batzuekin eta adin tarte batzuetan —batik bat 18 urtetatik 50 urtera bitartekoetan— egin dituzte probak. Sistema immunea adin tarte horretan indartsuagoa dago. Izatez, zenbat eta nagusiagoak izan, immunoseneszentzia egoera batean sartzen garelako, hau da, immunitate sistemaren pixkanakako narriadura gertatzen da.

Orain hautagai horiek hirugarren fase klinikoan sartu dira. Alegia, hainbat herrialdetako eta adin tarte diferenteetako milaka pertsonetan probatuko dira ikusteko ea sortutako immunitate hori eraginkorra den koronabirusarekin kutsatzen direnean pertsona horiek eta ez duen inolako albo-ondorio larririk sortzen gizaki horietan.

Baina inor ez dadila engainatu. Urte eta erdi edo bi urte baino lehen ez da txerto seguru eta eraginkorrik egongo. Hala ere, herritar askorentzat denbora hori luzea izan daiteke, baina benetan errekorra izango litzateke; egoera normal batean denborahori zortzi eta hamar urte bitartekoa litzateke eta.

Gainera, txerto hori erabilgarria denean, herrialde guztiei eskainiko zaie ala baliabideak dituztenen eta ez dituztenen arteko banaketa egongo da? Txerto ekoizpen nahikoa egon beharko litzateke mundu osora ailegatzeko. Ikusi denez, koronabirusak ez du muga geografikorik ezagutzen eta osasun publiko globaleko arazo bat da; beraz, ikuspegi globala eta solidarioa izan beharko da.

Oraingoz, horren esperantzarekin, eta zain geratu behar gara, eta nahiz eta zutabe honen egilea oporretara joan, denok pentsatu behar duguna da koronabirusak ez duela oporrik hartzen; beraz, babes neurriak erabiltzen jarraitu behar dugu edonon eta noiznahi, birusaren transmisioa kontrolatzeko asmoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.