'Streaming' plataformak. Euskal ekoizpenak

Erakusleihoak baino gehiago?

Ikus-entzunezko plataforma erraldoien parte hartzea nabaria da dagoeneko euskal ekoizpenetan. Adituak baikor dira ekar ditzaketen onurengatik, baina arriskuak ere izan ditzaketela ohartarazi dute.

CC0.
aitor biain
2019ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Ez dira etorkizuna, orainaldia baizik. Ikus-entzunezko streaming plataformak Euskal Herriko egongeletara heldu diren moduan iritsi dira euskal ekoizpenetara ere. Filmei dagokienez, haien eragina nabaria da dagoeneko; kasu bakanak dira oraingoz, edonola ere. Kontsumo ereduaren aldaketaren ondorioz, trantsizio fasean dago zinemagintzaren industria, eta plataformak eztabaidaren erdian sartu dira. Adituen artean, ordea, galdera gehiago eragin dituzte erantzunak baino: zer paper jokatu behar dute plataformek ikus-entzunezko ekoizpenetan? Non dute muga? Diru kontuetatik harago joan behar dute? Batzuentzat munduko erakusleihorik garrantzitsuenak bilakatu badira ere, beste batzuentzat kultur sorkuntza mugatzeko tresna baino ez dira. Kameraren kokalekuaren araberakoa da ikuspuntua hemen ere.

Hiru euskal ekoizpenetan aurki daiteke streaming plataformen arrastoa oraingoz: Loreak, Handia eta Errementari filmetan. Netflix AEBetako plataforma erraldoia dago arrasto horien atzean. Hiru kasuetan, baina, konpainiarekin izan duten harremana guztiz desberdina izan da.

Xabier Berzosa Moriarti eta Irusoin ekoiztetxeetako kidearen iritziz, hiru kasuek erakusten dute azken urteetan euskal zinemagintzaren sektorean gertatu den «aldaketa garrantzitsua». Ez bakarrik izan den jauzi kuantitatiboagatik, baita kualitatiboagatik ere: «Euskal Herrian azken urteetan egin diren pelikulak egin dira finantzaketa hori hor egon delako». Esan duenez, plataformek produkzioa handitzea ekarri dute, «eta horrek lana esan nahi du». Baina, batez ere, munduratzeko aukera bat eman diote plataformek euskal zinemagintzari. «Erakutsi dute Euskal Herria beste aukera bat bilakatu dela munduko zinema industriarentzat. Ez bakarrik kontatzeko istorio propioak ditugulako, baizik eta hemen ere talentu handia dagoelako».

Paul Urkijo zuzendariak ere begi onez hartu du plataformen esku hartzea euskal ekoizpenetan. Haren kasuan, aitortu du «onuragarria» izan zela Errementari filmean Netflixek egindako ekarpena. «Errementari mundu guztian ikusi ahal izan da plataformari esker; herrialde guztietako egongeletara iritsi da euskaraz egindako fantasiazko film bat. Beste modu batera ezinezkoa litzateke».

Dirua, lehen bultzada

Streaming konpainiek euskal ekoizpenetan izan duten eragin nabarmenena ekonomikoa izan da, gaur-gaurkoz. Handia eta Errementari dira horren adibide, hain zuzen. Bi pelikula horiek ez ziren berdinak izango haien aurrekontuek ez balute plataformek egindako ekarpena izan. Bada, pelikulen finantzaketari dagokionez, plataformek bide berri bat zabaldu dutela dio Berzosak: «Lehen ez zegoen aukera bat sortu dute plataformek finantzaketaren arloan».

Moriarti eta Irusoin etxeetako kideak dio filmen ekoizpenerako ez direla derrigorrezko aliatu bilakatu, baina aintzat hartu beharko direla iritzi dio, batez ere, egin dezaketen ekarpena kontuan izanda. «Plataforma horien aurretik ere egiten ziren lanak, noski, eta egingo dira, baina, diru apur bat gehiago lortzen duzunean, konturatzen zara zein prekaritate egoeratan lan egiten zenuen lehen. Finantzaketa plus horrek, %20, %30 edo %40 izan daitekeen horrek, ahalbidetzen du filmak salto ikaragarria ematea kalitatean».

Hala iritzi dio Urkijok ere, eta nabarmendu du dirua biltzeko «bide tradizionala» ez dela desagertuko. «Beste aukera bat baino ez dira plataformak. Industriarentzat ona da bi bideak mantentzea; baliabide ezberdinak dira, azken finean». Pelikula bat egiteak ekartzen duen «etengabeko borroka» gogorarazi du zinemagileak, eta horrek eragiten duen «nekea». «Urte asko behar izaten ditugu dirua biltzeko, ate pila bat jo... Beraz, dirua kolpean jarriko duen inor topatzea pozgarria da; halakoak oso gutxitan gertatzen dira». Nolanahi ere, horrek izan dezakeen arriskuaz ere ohartarazi du Urkijok: «Plataforma batek dirua jartzen badu hasieratik, buruko min handi bat kentzen dizu, baina, noski, horrek zure proiektuaren kontrola galtzea ere ekar lezake».

Kezka bera adierazi du Iratxe Fresneda zinemagile eta EHUko irakasleak ere. Ongi iritzi dio streaming plataformak egoteari, baina, «gakoa», haren ustez, plataformen eginkizuna da. «Inportanteena hemen da zer modutan sartuko diren plataforma horiek euskal ekoizpenetara, eta alderantziz, zeren bitartez sartuko diren euskal ekoizpenak plataforma horien katalogoetara». Konpainien parte hartzeak eragin ditzaketen ondorioek arduratzen dute zinemagilea, batez ere.

Plataformek egiten dituzten diru ekarpenen baldintzetan jarri du arreta Fresnedak; izan ere, «beti ez da onerako izaten». Zinemagilearen hitzetan, gero eta gutxiago dira hasieratik proiektua babestu nahi izaten duten plataformak. «Plataformek beren beharretara egokitzen diren ekoizpenak egiten dituzte, eta gainerakoan oso gutxi inbertitzen dute aurre-finantzaketan. Eta egiten dutenean, oso egoera kaskarrean egiten dute».

Horrek, halabeharrez, «prekaritateari» buruz hitz egitera eramaten du, haren irudiko. «Azpikontratazioak izaten dira askotan». Bera «eszeptikoa» den arren, azpimarratu du gaia uste baino konplexuagoa dela, eta argi du sortzailearen helburuaren araberakoa izan beharko lukeela plataformen parte hartzeak. «Sortzaileak zer bilatu nahi duen da gakoa hemen: negozioa edo hedapena bilatzen badu, positiboa izango da haien ekarpena, baina ikuspegi artistiko batetik ez dakit ona edo txarra izango den».

Berzosak azpimarratu du, hala ere, euskal zinemagintzaren industriari bultzada eman diotela plataformek, eta sektorea garatzen lagundu dutela: «Orain atzerapauso bat ematea estrategikoki akats larria litzateke. Finean, ondo hartutako erabaki baten aurka joatea litzatekeelako». Berdin Urkijok ere: «Zinemagileontzako lana da, industria garatzen laguntzen dute, eta, paraleloki, industria tradizionala ere indartu egiten dute. Ekoizpena handitzeak langile gehiago behar izatea eskatzen du, teknikari gehiago, ekoiztetxe gehiago... eta hori ona da».

Sorkuntzaren mugak

Adituek nabarmendu dutenez, plataformen diru ekarpenaren ondorioz proiektuaren kontrola galtzeko arriskua izan arren, orain arte ez dute halako esperientziarik izan. Urkijok adierazi du Netflix ekoizpenaren azken fasean sartu bazen ere ez zuela «eskurik sartu» sorkuntzan: «Postprodukzioan sartu zen, baina obra originalean ez ziren sartu, eta bertsio bera jartzen dute atzerriko beste herrialdeetan ere».

Handia asmo bat zen Netflixek esku hartzea erabaki zuenean, proiektu bat. Aurretik Loreak-ek izan zuen arrakastak eraman zuen streaming konpainia filmean hasieratik proiektura batzea. Hura izan baitzen katalogoan sartu zuen lehen euskal ekoizpena. Berzosak nabarmendu du, ordea, ez zietela baldintzarik jarri. «Esperientzia ona izan zen. Arlo artistikoan ez ziguten koma bat ere aldatu». Ondo hartutako erabakia izan zen, haren iritziz. «Etapa berriak sortzeko, horrelako urratsak egin behar dira; bestela, beti egongo gara zuloan sartuta: finantzaketa berberekin, ate berak jotzen, elkarri dirua kentzen...».

Filmari egin diezaioketen ekarpena onuragarria ere izan daitekeela dio Fresnedak, halaber; alegia, txarrerako izan daitekeela, baina baita onerako ere. « Hemen ez dago formula magikorik». Harago joan nahi izan du zinemagileak, ordea. Izan ere, iritzi dio plataformek «produktuen estandarizazioa» bultzatu dutela. «Sorkuntza lanaren prekarizazioak kezkatzen nau, lan desberdinak egiteko aukerak ez izateak, mezuen estandarizazioak. Horrelako monopolioak sortzen direnean kontrol hori egoten baita, eta bestelako istorioak ertzetan geratzen baitira».

Nola atera mundura

Urkijok ere bat egin du hausnarketa horrekin, eta uste du «polarizatzen» ari direla filmen tamaina ezberdinak. «Tamaina handikoen eta ertainen arteko esparru hori desagertzen ari da». Hala ere, argi du euskara mundura ateratzeko biderik onenak direla, gaur-gaurkoz, plataformak. «Barrerak apurtu dituzte, eta hemengo produktuak kanpoan saltzeko erraztasun handiagoak ditugu orain. Jendeak gure pelikulak ikusteko modu bat da. Zinema jaialdi batzuetara irits zaitezke, baina beste herrialde bateko banaketan sartzea ezinezkoa da».

Banaketan, horretan egin behar da indar, Fresnedaren hitzetan. Izan ere, euskal ekoizpenak mundura atera badira ere, ez du uste baikor izateko arrazoi asko daudenik: «Ez dut ikusten paradisurik gure produkzioetan». Haren irudiko, banatzaile txikiek badute nazioarteko «zirkuitu masibora» igarotzeko aukera, «baina konplikatua da». Hori horrela, euskal filmak kanpora ateratzeko, bertako banaketa nola indartu da orain erronka nagusia: «Euskal Herrian badaude banatzaileak, baina uste dut jabetu behar garela horiek indartzea ezinbestekoa dela. Hori da modurik onena hasieratik prozesu guztia bertan egiteko, kontrola jabe izateko eta gure industria hobetzeko».

Banaketa eredua bera aldatzen ari da streaming konpainien ondorioz, eta sektoreak ez du kezka hori ezkutatu. «Ez dakigu nora goazen zehazki», adierazi du Berzosak. Posta zerbitzuaren eta banaketa enpresen paradoxa ekarri du gogora, horren harrira: «Arazo bat zena aukera bilakatu da. Eta irakurketa hori ez dugu zineman egin oraindik». Hori bai, gauza bat argi du: sorkuntza artistikoak negozioaren eztabaidatik kanpo geratu behar du. «Kulturak borroka horretatik kanpo geratu behar du; babestu egin behar dugu». Azken urteetako datuak ikusita, ordea, baikor da: «Euskal gizarteak erakutsi du euskal filmen gosea duela, eta gose hori plataformak ez die kenduko; beste modu batera aseko ditu. Baina jendeari ukatzea sorkuntza artistiko hori sekulako akats estrategikoa litzateke, ez soilik industrialki, baita herrialde gisa ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.