Langileria «alderdi iraultzaile» gisa antolatzera deitu dute GKSk eta IAk

«Alderdi komunista internazionala eta euskal estatu sozialista prozesu beraren parte» direla azaldu dute

Durangoko Landako gunean eginiko ekitaldia. GEDAR.EUS.
jon olano
2022ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
«Pobrezia handiagoa eta eskubide gutxiago» dauden testuinguru batean, «alternatiba bat» proposatu zuten atzo Gazte Koordinakunde Sozialistak eta Ikasle Abertzaleek: «Langileria alderdi iraultzaile gisa antolatzea eta alternatiba komunista bat gorpuztea internazionalki, egungo baldintzetara egokitzeko gaitasuna izango duena». Bi eragileen esanetan, «mendebaldeko gazteria proletarioak ez dauka tokirik fase berri honetan», eta «burgesiaren eta politikari profesionalen sistemarekin hautsi» beharra azpimarratu zuten: «Geure burua modu independentean antolatuz eta bide orri komunista propio eta eguneratu bati erantzunez».

Atzo amaitu zen GKSk eta IAk Durangon (Bizkaia) asteazkenaz geroztik eginiko Gazte Topagune Sozialista. Hiru egunez egin dituzte hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak eta bestelako egitasmoak, eta arratsaldean egin zuten ekitaldi politikoa, Landako gunean. Hitzaldian, nabarmendu zuten eurengandik «askoz harago doan zerbait» ari direla sortzen: «Proiektu historiko indarberritu bat, zapalkuntza guztiak gainditzea helburu duen proiektu komunista».

Helburu gisa jarri zuten «bankari, enpresari handi eta politikari profesionalen kontrolpeko estatu kapitalistaren aurrean, langileriaren kontrolpeko estatu sozialista» eraikitzea, «errekurtso eta baliabide guztiak langileriaren kontrolpean jarriko dituena». Horretarako, berriz, beharrezkotzat jo zuten «alternatiba komunista maila internazionalean gorpuztea». Izan ere, kritiko agertu ziren parlamentuetan ordezkaritza duten alderdiekin; GKSren eta IAren iritziz, «estatuek eta alderdi politikoen sistema guztiak enpresari handien aldeko maniobrak egiteko balio izan dute».

Horrez gain, «alderdi komunista internazionala eta euskal estatu sozialista prozesu beraren parte» direla adierazi zuten hitzaldian: «Zentzu horretan ulertzen dugu Euskal Herriaren askatasuna, sozialismoaren eraikuntza internazionalari lotuta dagoena, eta euskal estatu sozialistaren forman ulertzen duguna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.