Hezkuntza legea. Kultur transmisioa

Euskarazko kulturaren transmisioa hezkuntza legean bermatzeko eskean

Euskarazko kultur sorkuntzan diharduten 63 eragilek eta norbanakok bat egin dute. Jaurlaritza ontzen ari den legeari proposamenak egiteko eta eztabaidan parte hartzeko aukera izan nahi dute

Euskarazko kultur sorkuntzan aritzen diren hainbat eragile eta norbanakoren agerraldia, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2022ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatuko duen hezkuntza lege bat erdiestea Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako: horixe dute xede euskaraz aritzen diren dozenaka kultur eragilek eta sortzailek. Eusko Jaurlaritza hezkuntza lege berria idazten ari den garaiotan, euskarazko kultur sorkuntzan dabiltzanek beren eskeak eta eskaintzak lau haizeetara zabaltzeko baliatu zuten Donostian atzo goizean egin zuten agerraldia. Batetik, eskatu egin zioten administrazioari: galdegin zioten legean berariaz jaso dezatela euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatuta egongo dela. Bestetik, eskua luzatu zioten: prest agertu ziren helburua erdiesteko lan egiteko.

Eragile eta norbanako andanaren babesa jaso du Lanartea taldeko Amagoia Gurrutxagaren eta Euskal Editoreen Elkarteko Ana Urrestarazuren ahotik irakurri duten testu bateratuak. Hain zuzen ere, modu batera ez bada bestera, sostengua adierazi diote euskarazko kultur sorkuntzan diharduten 63 eragilek eta norbanakok. Tartean daude, esaterako, Bertsozale Elkartea, Elkar fundazioa, Euskal Herriko Trikitixa Elkartea, Euskaltzaleen Topagunea, Gerediaga, Jakin, Beñat Gaztelumendi, Joseba Tapia, Oihana Iguaran, Peter Ansorena, Ana Galarraga, Danele Sarriugarte, Eider Rodriguez, Eñaut Elorrieta eta Ines Osinaga. Donostiako agerraldian izan dira horietako 30 inguru. Hazten jarraitu asmo dute, eta nahi duen kultur eragile, gizarte eragile, kulturazale eta sortzaile oro gonbidatu dute atxikimendua adieraztera.

Kezkatzeko egoera

Kezka bat badagoen seinale da kopurua. Eta ez da gaurkoa. Gotzon Barandiaran idazleak agerraldian azaldu duenez, 2016an Jalgi ekinaldian bildu ziren hainbat eragile, «euskarazko kulturgintzaren egoeraren irakurketa partekatu bat egiteko». Bertatik ondorio «asko» atera zituzten, eta horietako bat izan zen euskarazko kulturaren transmisioa falta dela. Hiru urte beranduago, 2019an, 150 bat pertsona batu ziren Azpeitian (Gipuzkoa) egin zituzten Sormenean hezi, kulturan bizi jardunaldietan, euskal kultur transmisioa hezkuntza aratuaren testuinguruan lantzeko. Orduan ondorioztatu zuten transmisioa «egituratzeko eta sendotzeko» beharrezkoa dela kultur eragileak eta kulturaren transmisioan aritzen diren eragileak saretzea. Lanari ekitea erabaki zuten: lantalde bat sortu zuten, transmisioa nola bermatu aztertzeko.

Giro horretan iritsi zitzaien Eusko Legebiltzarreko lau alderdi nagusiek —EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk— sinatu zuten hezkuntza akordioaren eztabaida: «Bi urte generamatzan saretze lan bat egiten, euskarazko kulturgintzaren transmisioaz kezka dugun eragile guztion arteko saretze lan bat egiten, eta lan horretan genbiltzala etorri zen hezkuntza lege berriaren ituna». Legearen inguruko eztabaida mahai gainean dagoen garaiotan, ohar batean jaso dutenez, «ezinbestekoa» iruditu zaie momentua baliatzea transmisioaren gaia «lehen lerrora» eramateko. Izan ere, hezkuntza ituna irakurrita, badituzte zenbait kezka eta proposamen.

Egoera irauli beharra

Testuan aletu dituzte batzuk zein besteak. Gaur egungo sistema ez dela balekoa irizten diote, ez dagoela bermatuta euskarazko kulturgintzaren transmisioa. Dokumentuan nabarmendu dutenez, azken hamarkadetan eraldatu egin dira kultur sorkuntza zabaltzeko, transmititzeko eta gizarteratzeko moduak: «Sorkuntza testuinguru berriak sortu dira, kultur industrian eraldaketak gertatu dira, kazetaritzaren parametroak aldatu dira, hezkuntza arautuan pedagogiak berritu dira, kultur sorkuntzaren berariazko irakaskuntza murriztu da, kultur kritikaren ekarpenak sakabanatu dira...». Eta, horiek horrela, itzalak daude transmisioan: «Paradigma horretan eta azken urteotako inkestek eta azterketek erakutsi dutenez, eten bat gertatu da, eta gaur egun hezkuntza arautuak ez du bermatzen euskarazko kulturgintzaren transmisioa».

Hain zuzen ere, horixe dute eskari nagusia, transmisioa bermatzea: «Egin nahi den hezkuntza lege berriak euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatu behar du hezkuntza eraldatzailea lortu nahi badugu, eta, hori hala izan dadin, garrantzi handia du legeak modu esplizituan behar hori jasotzeak».

Baina, eskatzearekin batera, badute zer eskainia ere: «Euskarazko kulturgintzaren ekosistemako eragile garenok kulturgintzaren transmisioa bermatu dadin hartu beharreko neurrien proposamen, eztabaida eta adostasun prozesuan parte hartu nahi dugu». Beste hitz batzuekin esanda: prest daude lan egiteko, euskal kulturaren transmisioa eta gizarteratzea bermatuta egon daitezen hezkuntza lege berrian, «hezkuntza diseinuan» eta hezkuntza praktiketan.

Izan ere, berebiziko garrantzia aitortzen diote hezkuntza arautuan egiten den lanari: «Euskararen eta haren kulturgintzaren normalizaziorako, estrategikoa da hezkuntza arautuan ere transmisioa bermatzea». Eta bide horretan bidelagun izatea eskaini diete: «Guk ardura eta prestasun osoa dugu hala izan dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.