Udal eta foru hauteskundeak

Aldaketa, batez ere Nafarroan

Hiriburu ez diren hiri eta herri nagusietan agerian geratu dira herrialdez herrialde dauden ezberdintasun politikoak. Bizkaian eta Araban, EAJ aise nagusitu da. Nafarroan, Navarra Sumak ordezkatuko du EH Bildu udal handietan

Amaia del Campo Barakaldoko alkatea, Ortuzar eta Urkullurekin. M. TOÑA / EFE.
inaki petxarroman
2019ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Probintzia bakoitzeko herri eta hiri handietan agerian geratudira alderdien artean diren indar oreka eta joera ezberdinak. EAJ aise nagusitu da Araban eta Bizkaian; Navarra Sumak irabazi ditu Nafarroako plaza esanguratsuenak; eta EH Bilduren indarra nabarmen geratu da Gipuzkoan; besteak beste, Errenteriako alkatetzari eutsi baitio.

ARABA
Jeltzaleek eskura dituzte alkatetzarik garrantzitsuenak


Gasteizen bide beretik joan dira Arabako herri nagusiak ere. Euzko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) garaipen argia lortu du udal handietan, eta eskura du gobernatzea haietako gehienetan.

Gainera, orain dela lau urteko emaitzak hobetu ditu EAJk udal guztietan, bai Laudion, bai Amurrion eta Agurainen. Amurrion, Laudion eta Oionen, PSE-EEren laguntza beharko du alkatetza lortzeko, eta, Agurainen, bakarrik gobernatu ahal izango du, gehiengo osoa baitu.

BIZKAIA
Jeltzaleen nagusitasun ikusgarria


Bilbon bezala, Bizkaiko hiri eta herri nagusietan ere handia da EAJren itzala. Irabazteaz gain, ordezkaritza handitu du udal handi gehienetan, eta lehia estua espero zen tokietan ere aldea handitu du besteekin. Esaterako, Barakaldon Amaia del Campo alkategai jeltzaleak distantzia handitu du lehiakide zuen Alfredo Retortillo alkategai sozialistarekin, eta gobernatzen jarraituko du. Getxon ere erraz irabazi du EAJk, eta eskura du agintea lortzea, betiere bazkide sozialisten laguntzarekin.

Ezusteko txar bakarra Durangon izan dezakete jeltzaleek. Izan ere, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek alkatetza ken diezaiekete, euren botoak batuz gero gehiengo osoa lortuko bailukete.

GIPUZKOA
EAJk Arrasateri eutsi dio, PSE-EEk Iruni, eta EH Bilduk Errenteriari


Gipuzkoan nabaria da EH Bilduk udaletan daukan indarra. Herrialdeko hiririk handienetan, baina, oreka handiagoa dago alderdien artean. Irunen, Jose Antonio Santano sozialistak berdindu egin du duela lau urteko garaipena, eta ordezkaritzari eutsi dio, gainera.

Errenterian jakin-mina zegoen, zortzi urtez alkate izandakoak, Julen Mendozak, utzia baitzuen hautagaitza Aizpea Otaegiren eskuetan. Bada, irabazteaz gain, ordezkaritza ere handitu du Otaegik, eta eskura du Errenteriako alkatetzara iristea, betiere orain arteko bazkide Elkarrekin Podemosen laguntza edukiz gero. Arrasaten ere lehia estua izan dute EAJk eta EH Bilduk, baina, azkenean, Maria Ubarretxena alkategai jeltzalea irten da garaile, 300 botoren aldearekin. Eibarren, PSE-EEk irabazi du, baina duela lau urte baino zinegotzi gutxiago izango ditu.

NAFARROA
Navarra Sumak nagusigoa kendu dio EH Bilduri


Kolorea aldatu du, guztiz, Nafarrorako udalen mapak. Duela lau urte, aldaketaren aldeko lau indar politikoek aukera eduki zuten, indarrak batuz, Nafarroako udal garrantzitsu askotako alkatetzak lortzeko. Orain, ia ezinezkoa izango dute: batetik, PSNk berreskuratu duelako duela lau urte galdutako udal ordezkaritzaren zati handi bat; bestetik, Navarra Suma indarrez sartu delako udal askotan. Barañainen, Tafallan, Tuteran eta Lizarran UPNk, PPk eta C's-k osatutako koalizioa izan da herritarrek gehien bozkatu dutena, eta, beraz, aukera handiak dauzka alkatetza eskuratzeko. Horretarako, baina, PSNren oniritzia beharko du.

Nabarmena izan da Navarra Sumaren batuketak udaletan izandako arrakasta. Horrela, Barañainen, Tafallan eta Lizarran gobernatu ahal izango du —azken agintaldian EH Bilduren esku egondakoak hirurak—, eta baita Tuteran ere, zeina Ezkerraren esku izan baita orain arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.