Presoen senideen bidaia gastuak arintzeko dirua bilduko dute

'Gasolinarako dirua behar dugu. Depositu bete elkartasun' kanpaina abiatu du Etxerat-ek. Gogoratu dute bisitarik gabe direla presoak

Etxerat-ek eta senideen lagunek atzo Donostian egindako agerraldia. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Euskal presoei bisitan joateko senide eta lagunek egin behar dituzten kilometroak eta horrek dakartzan gastuak arintzeko, Gasolinarako dirua behar dugu. Depositu bete elkartasun kanpaina abiatu dute Etxerat-ek eta presoen senideen lagun talde batek. Jon Ander Resa presoen senideen lagun batek eta Xochitl Karasatorre senideak eta Etxerat-eko kideak eman zuten kanpainaren berri atzo Donostian egindako agerraldian. Adierazi zutenez, COVID-19ak ekarritako egoerak euskal presoa eta senideak zein hurbilekoak «kolpatu» ditu, eta horiei diruz laguntzea izanen da udan abiatuko duten kanpainaren helburua.

Sakabanaketak uzten dituen ondorio ekonomikoei zenbakiak jarri dizkiete euskal presoen senideek eta lagunek: astero Frantziako eta Espainiako espetxeetara egindako bisitak zenbatuta, urtean 11.752 bidaia, 14.617.304 kilometro, 1.140.150 litro erregai eta 1.482.195 euro xahutzen dituzte. «Familiek pairatzen duten dramaren zati bat adierazten dute kopuru hauek», Resaren arabera, eta «errealitate gordin horren aurrean» ez dira geratuko«besoak gurutzaturik».

Euskal Herriko herri eta auzo ugaritan eramanen dute aitzina kanpaina; webgune bat ere prestatu dute informazioa emateko.

Bisitarik gabe

Konfinamendua arintzeak «agerian» utzi du «urruntze politika zigor erantsia dela», Etxerat-en ustez: «33 urte hauetan guztietan bizi izan dugun zigor erantsia», Karasatorreren hitzetan. Izan ere, kartzeletako bisitak baimendu arren, senideak ezin izan dira espetxeetara joan, joan-etorrianezarritako mugengatik: «Pandemiaren konfinamendu parametroetan, gure senitartekoen urruntzeak gure sufrimenduaren motxila sakondu du». Ohartarazi dute 100 egun baino gehiago igaro dituztela bisitarik gabe, eta hilabete hauek «oso gogorrak» izan direla erranda «motz» gelditzen direla euren «mina adierazteko»: «Bisitarik ez edukitzeaz gain, ziurgabetasunik ezak gure gorputz jipoituak higatzen dihardu, nola egongo ote diren galdetuz minutuak igarotzen doazen bitartean».

Alvaro Arri, Burgosera

Madrilek Alvaro Arri Pascual euskal presoa Castello I kartzelatik (Herrialde Katalanak), Burgoskora (Espainia) hurbildu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.