Kargu publikoek euskaraz jakitea ezarri du EAEko Ahal Dugu-k

Euskararen egoerari buruzko diagnostiko bat landu dute, eta neurri batzuk proposatu dituzte

Euskaltzaindiaren egoitzan aurkeztu zuten plana, atzo. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Euskarak alderdian duen lekuarekin kezkatuta, EAEko Ahal Dugu-k euskara plan bat egin du. Aztertu du zein den egoera herrietako zirkuluetan eta erakundeetako ordezkarien artean, eta neurri batzuk proposatu ditu bide baten hasiera gisa. Oro har, euskararen ezagutzarekin lotutako neurriak dira irmoenak, erabilerari buruzkoak baino gehiago; besteak beste, proposatu dute erakundeetako ordezkari guztiek euskaraz egiteko gaitasuna edukitzea: B2 maila —EGA tituluaren aurrekoa—. Hori ziurtatzeko, neurrien artean sartu dute ordezkariak euskaltegietara eta barnetegietara joatea.

Alderdiaren lehen euskara plana da, 2019-2021 artekoa, eta atzo aurkeztu zuten, Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilbon. Txostenean azaldu dute euskara dela «berezko hizkuntza» Euskal Herrian: «Balioak, ideiak eta sentimenduak transmititzen ditu». Bi ideia dituzte ardatz: batetik, ezagutza eta erabilera «normalizatzea»; bestetik, hizkuntza eskubideak errespetatzea. «Gizarteak ausardia eta irudimena eskatzen dizkie instituzioei, erabilera sustatuko duten politika berriak diseina ditzaten eta horretarako bitarteko materialak denon eskura jar ditzaten».

Horri begira, Ahal Dugu-k helburutzat jarri du bi ardatz horietan eragitea. Batetik, normalizazioan: «Zirkuluetan euskarak arnasgunerik ez badu lortzen, ezinezkoa izango da beste maila batzuetan euskara modu naturalean jorratzea». Bestetik, euskaraz egiteko modua jartzea: «Kaletik inor hurbiltzen bada, jakin behar du nahi duen hizkuntzan komunikatzeko aukera izango duela».

Erabilera mugatua

Euskara planaren diagnostikoak erakutsi du badagoela lana Ahal Dugu-n. 35 zirkulutako informazioa jasota, agerian geratu da euskararen erabilera mugatua dela. Presentziarik handiena idatzizko kanpo komunikazioetan du, baina herenaren bueltan dago (%34). Hortik behera daude idatzizko barne komunikazioak (%23) eta ahozko kanpo komunikazioak (%19). Ahozko barne komunikazioetan oso bazterrekoa da euskararen presentzia: %3koa. Zirkuluak hiru multzo hauetan banatu dituzte: egoera onuragarrian, erdibidean eta makalean daudenak—azken hori da talde handiena—.

Euskararen erabilera apala zeren ondorio den, iritziak bildu dituzte. Besteak beste, sumatu dute kide euskaldunak badirela alderdian, baina euskaraz egiteko ohitura gutxi dutenak. «Horrez hain, aintzat hartzen badugu militante askok ez dakitela euskaraz, oso zaila da soilik euskaldunak biltzen dituzten esparruak aurkitzea». Gaztelaniaz jardutea ekartzen du horrek maiz. Helburutzat hauek jarri dituzte 2021erako: barne komunikazioan %20 izatea euskararen erabilera; kanpo komunikazioan, %30 ahoz eta %50 idatziz. Zirkulu bakoitzak euskara arduradun bat izatea nahi dute.

Ahal Dugu-k erakundeetan dituen ordezkariei dagokienez, hutsuneak ageri dira hor ere, nahiz eta aldea dagoen batetik bestera. Eusko Legebiltzarrean dute euskaraz dakitenen proportziorik handiena (%88), eta apalena, Arabako Batzar Nagusietan (%25). Erabileraz ohartarazi dute planean: ahozko harremanetan «oso gutxi» jarduten direla euskaraz erakundeetako ordezkariak barne mailan, eta kanpora begira ere euskaraz gutxien —Eusko Legebiltzarrean, adibidez, %20tik behera—. Hor egin nahi dute aldaketa handienetako bat erabileran: kanpora begirako jardunean erdia euskaraz egitea erakundeetako ordezkariek, eta barnean, %25.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.